Cabecera

Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Prentsa oharrak

2021 02 08 - Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak Bilboko Ingeniaritza Eskolako itsas energia berriztagarriei buruzko proiektu bat hautatu du

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/09

“Berriztagarriak” proiektuak 47.449 euroko diru-laguntza jaso du, eta Euroeskualdeko eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza estrategikoa sustatzea du helburu, Bizkaiko golkoaren inguruan ekonomia urdina sustatzeko.

Jesús María Blanco doktorea, E-CLEDER taldeko ikertzaile nagusia, iturri berriztagarrien bitartez energia sortzen espezializatua, da ikerketaren burua

BILBON, 2021eko otsailaren 8an / Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren parte hartzea duen eta E-CLEDER ikerketa-taldeak sustatu duen “Berriztagarriak” proiektua hautatu du 2020ko bigarren deialdian, “Ezagutzaren ekonomia” arloan. Ekimen horren helburua Euroeskualdeko eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza estrategikoa sustatzea da, Bizkaiko golkoaren inguruan ekonomia urdina–berrikuntzarako eta hazkunderako ahalmen handia dutelako itsasoak eta ozeanoak erdigunean jartzen dituena– sustatzeko.

“Berriztagarriak” proiektuaren helburua itsasoko energia berriztagarrien esparruan goi-mailako garapen- eta prestakuntza-nukleo bat sortzea da, Euroeskualdeko itsas eremuan erreferentziazko nodo traktore bihurtzeko. Proiektuaren burua Jesus Maria Blanco doktorea da, E-CLEDER taldeko ikertzaile nagusia eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoko saileko irakasle titularra, eta proiektuak 47.449 euroko diru-laguntza jaso du.

“Ezagutzaren Ekonomia” eremuko deialdiaren helburua, filial ekonomiko edo jarduera-sektore bateko erreferentziazko enpresak, “unibertsitatetik enpresaraino”, euroeskualdearen ikuspegia izateaz gain Akitania Berriko lurraldeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan dauden bazkideen artean sinergiak eta osagarritasunak garatuko dituen proiektu baten inguruan biltzea da. Euroeskualdeak zazpi proiektu aukeratu ditu aurkeztutako 24en artean.

“Berriztagarriak” proiektua hiru unibertsitate publikoren (Euskal Herriko Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa) partaidetza duen ekarpen aitzindari gisa aurkeztu da. Proiektuak sektoreen arteko lankidetza bultzatu nahi du, itsas baliabide berriztagarrietan oinarrituta metodo, produktu eta zerbitzu berritzaileak sortzeko. Unibertsitateko komunitatearen arteko sareko lana eta lankidetza sustatuko ditu, ikerketaren kalitatea hobetzeko eta hiru eskualdeetako gizartearen eta industriaren mesederako.

Eusko Jaurlaritzak aitortutako Euskal Herriko Unibertsitateko E-CLEDER (IT1314-19) ikerketa-taldea, energiaren (energia berriztagarriak), arriskuen kudeaketaren eta klima-aldaketara etengabe egokitzearen arloko ikerketa-jarduerak egiten dituen erakundea da.

Jarduera guztiak iraunkortasun integralera eta haren material nagusietara bideratzen dira, klima aldaketaren aurreko egokitzapena kontuan hartuta egokitzea, diseinu erresilientea eginez eta energia berriztagarriak inplementtuz. Halaber, Itsas Inguruneko Energia Berriztagarriei buruzko Erasmus Mundus Masterra koordinatzen du.

Mugaz gaindiko lankidetza

“Berriztagarriak” proiektuak, itsasoko energia berriztagarrien inguruko Euroeskualdearen lurraldekohesioa indartzen lagunduko du. Bertan, hiru eskualdeetako bazkideek eginkizun osagarriak gauzatzen dituzte, bazkideen arteko ezagutza eta komunikazioa areagotzeko, haien lehiakortasuna hobetzeko eta merkatu berrietara irekitzeko.

I+G+B-ri dagokionez, itsasoko energia berriztagarrietan mugaz gaindiko lankidetza sustatzen da, ikertzaileen masa kritikoa handitzeko, Europa mailako proiektuen deialdietara elkarrekin aurkeztu ahal izateko.

Proiektuaren bitartez, arlo askotan offshore sektorearen profilen eskaera handia asetzen lagun dezaketen profesionalak gaitzen lagundu nahi da, parke eolikoen kudeaketan, ekipoen fabrikatzaileetan, konbertsio-teknologian, offshorearen balio-katearen barruko kontrolean eta nazioarteko garapen ekonomikoan…

Hezkuntzaren arloan, proiektuaren helburua hiru eskualdeetako ikasleek eta irakasleek hiru unibertsitateetako programak baliatzea da.

Proiektuak, halaber, Euroeskualdearen barruan itsas energia berriztagarrien arloko azpiegitura estrategiko bereziak babestu nahi ditu, Euskadin dauden BIMEP eta Mutriku, Akitaniako SEENEOH edo Nafarroako CENER bera, besteak beste.

Garapen ekonomikoaren arloan, hiru eskualdeetako merkataritza-ganberen (BIHARTEAN), administrazioaren (SPRI Euskadin, Euroeskualdea Akitanian eta Sodena Nafarroan), itun teknologikoen (Innovalis Akitanian, Tecnalia Euskadin eta ADItech Nafarroan) eta kluster estrategikoen (Energiaren Klusterra Euskadin, Ener-Klusterra Nafarroan eta SYSNUM Klusterra Akitanian) arteko lankidetza sustatuko da. Horrek, bazkide diren hiru unibertsitateen transferentzia zerbitzuak ere inplikatuko ditu (OTRI Euskadin eta Nafarroan eta SATT Akitanian).

Azkenik, “Berriztagarriak” proiektuak Euroeskualdean hazkunde urdinaren inguruan sortzen ari den ekonomiari laguntzeko gai izango diren tokiko inkubagailuen sorrera sustatzea bilatzen du.

Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin batera, Matematika Aplikatuetarako Euskal Zentroak (Basque Center for Applied Mathematics, BCAM), Alerion Technologies enpresa gipuzkoarrak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Institute of Smart Cities izenekoak, Energia Berriztagarrien Espainiako Zentro Nazionalak (Cener), Naitec-ek (Automo bilgintza eta Mekatronika Zentro Teknologikoa), Trent–Sciences Po Bordeaux Katedrak (Chaire Transitions Énergétiques Territoriales, Akitania Berria) eta Inria (zenbakizko zientziak eta teknologiak ikertzeko institutua) eta IMB (Institut de Mathématiques de Bordeaux) Institutuek, biak ere Akitania Berrikoak, hartzen dute parte proiektuan.

Informazio gehiago:
MBN Comunicación (Bilboko Ingeniaritza Eskolako Prentsa Gabinetea)

Santi Oliván / 630 58 34 37
MBN Comunicación / 94 435 63 30
santiolivan@grupombn.com