Zabaltzea

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko ikertzaileek %100 biodegradagarria den mintza garatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/18

Landare proteinak lehengai berriztagarriak eta oparoak dira, erraz lor daitezke nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik eta propietate potentzialak dituzte ontzien eta bilgarrien eremuan aplikatzeko, egoera lehorretan barrera propietate onak dituzten mintzak sortzeko gaitasuna dutelako. Horrez gain, biodegradagarriak direnez, abantaila garrantzitsuak eskaintzen dituzte ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntuetatik.

Ezaugarri horiek aintzat hartuta, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMAT ikerketa taldeak mintz berritzaile bat ekoitzi du elikagaien ontzi gisa; baliabide ez berriztagarrietan oinarritutako ohiko mintzak ordezkatu ditzake eta % 100 biodegradagarria/konpostagarria da. Bidenabar, biomintz berri honek gaur egungo mintz komertzialen propietateak hobetuko ditu, batez ere oxigeno eta argi ultramoreen kontrako barrera propietateei eta gardentasunari dagokienez. Beste propietate nabarmen batzuen artean aipatu behar da biomintza ezin hobeto itsasten dela azalera desberdinetan. BIOMAT taldeak garatutako biomintza termikoki zigilatu daiteke ontziratze industriak "zailatzat" jotzen dituen azaleretan, esaterako polietilentereftalatoaren kasuan (PET). Gainera, ekoitzitako biomintzaren propietate mekanikoak eta zigilatzeko aukera tenperatura baxuetan ere gordetzen dira (-20 ºC), ez baita mintz gogor eta hauskor bihurtzen, ohiko mintz batzuekin gertatzen den bezala.