Breadcrumb

Albisteak

Achucarro zentroak 'HR Excellence in Research' sari europarraren aintzatespena lortu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/24

Irudia

Neurozientzia ikertzeko euskal zentroa saria lortu duen Euskadiko lehen ikerketa zentroa da.

Achucarro Ikerketa Zentroak (Achúcarro Basque Center for Neuroscience, Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak sortutakoa) Europako Batzordeak ematen duen "HR Excellence in Research" saria lortu berri du, "ikerketan pertsonen kudeaketa bikaina" gisa itzul daitekeena.

Horrela, Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak ikerkuntzaren garapen eta kudeaketan erreferentzia diren Europako erakundeak saritzen ditu, bereziki erakundeko langile ikertzaileen kudeaketari dagokionez.

Gaur egun, goi mailako irakaskuntza eta ikerketa erakunde ugarik jaso dute dagoeneko aintzatespen hau, gehienak Erresuma Batuan. Euskadiri dagokionez, berriz, Ikerbasque izan zen aipamena lortu zuen lehenengo erakunde publikoa, 2011. urtean; orain, berriz, Achucarro zentroa da aintzatespena eskuratu duen lehenengo ikerketa entitatea; horrez gain, saria lortu duen zentro gazteena ere bada. Estatu mailan, IMDEA Agua zentroa eta Carlos III Osasun Institutua dira saria jaso duten bi erakunde bakarrak; biak Madrilen daude kokatuta.

Europako Batzordeak 2005ean abiarazi zuen ikerkuntza ibilbidearen garapen baldintzak hobetzeko estrategia hau, Ikertzailearen Akta Europarraren eta Ikertzaileak enplegatzen dituzten erakundeetarako jokabide kodearen bitartez. Zentroa eratu zen unean bertan, Achucarro Ikerketa Zentroaren patronatuak dokumentu horiek sinatzea erabaki zuen, ikerkuntza ibilbidea garatze aldera Euskadi lurralde erakargarri gisa finkatzeko estrategia babesteko.

Jaime Sagarduy Achucarro Ikerketa Zentroaren gerentearen iritziz: "Europako Batzordeak eta gure zentroko zuzendaritza berak ere jakin badakite ikerketa ibilbide bat garatzeko gaur egun nolako arazoak pairatu behar diren. Baina, hala ere, ikerkuntzan benetako ibilbide profesionala sortzearen eta hobetzearen aldeko apustua zentroaren xede estrategikoetako bat da, baita krisialditik are indartuago ateratzeko ere. Lortu berri dugun "HR Excellence in Research" sariak pertsonen kudeaketarako gure eredua aintzatesten du. Nazioarteko estandarte bihurtzea espero dugu, Achucarro Ikerketa Zentroa ikerkuntza talentua erakartzeko erreferente bihur dadin".

Achucarro Basque Center for Neuroscience

Achucarro Basque Center for Neuroscience Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatutako BERC ikerketa zentro bat da (Basque Excellence Research Centres), eta bertako kide dira, nagusi gisa, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioa (Bioef).

Achucarro zentroak neurozientzia arloko ikerkuntza du ardatz, eta, horren haritik, ezagutza erabilgarria sortzea du xedetzat, burmuinean gertatzen diren neuroendekapenezko gaixotasunak eta gaixotasun autoimmuneak tratatzeko terapia eta tratamendu berriak garatzeko.

Nicolas Achucarro (Bilbao 1880 - Getxo 1918)

Zentroak Bilboko Nicolas Achucarro neurozientzialariaren izena du; burmuina eta bertako gaixotasunak ikertzen aitzindari izan zen Achucarro. Alois Alzheimer eta Santiago Ramon y Cajalen ikasle eta lankide izan zen, eta prestigio handiko nazioarteko zentroetan aritu zen ikertzen, Europan eta AEBetan. Ibilbide intelektual bikain hura, baina, 37 urte zituela bukatu zen, Hodgkinen linfoma baten ondorioz. Achucarrok berak diagnostikatu zuen linfoma hori.