Breadcrumb

Albisteak

Alcásser 90eko hamarkadako sexu-arriskuari buruzko kontakizuna izan zen

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/24

Irudia

Nerea Barjola UPV/EHUko doktoreak Alcàsserko krimenari esanahi berria eman dio, emakumeen bizitzarako garrantzi handia duen kontakizun politiko gisa.

Alcàsserko krimena sexu-arriskuari buruzko kontakizuna izan zen, mugimendu feministak bultzatuta, 90eko hamarkadaren hasieran emakumeen bizitzan sortzen ari ziren aldaketei nabarmen eragin ziena. Nerea Barjola UPV/EHUko doktoreak Alcàsser kasua sexu-beldurrari buruzko kontakizuna bihurtu zuen gizarteak kontakizunaz egin zuen eraketa aztertu du. Aldi berean, krimena ikuspegi politikotik interpretatu du, Las representaciones del peligro sexual y su influencia en las prácticas de las mujeres a partir del crimen sexual de Alcàsser 1992 izeneko tesian oinarritutako azterlan kritiko eta feminista batetik aurrera.

"Alcàsser kasuari testuingurua emateak ahalbidetzen du krimenak eragin zuen emakumeen askatasun pertsonalerako eta sexualerako erabateko erasoa ulertzea. Erakusgarri handiko mezua izan zen, espazio publikoa hartzen zuen eta mugimendu feministaren aldarrikapenek lortutako eskubideak eta askatasunak gehitzen hasten zen emakumeen belaunaldi baterako. Alde horretatik, Alcásserko krimenari buruzko kontakizunak eustorma gisa funtzionatu zuen: familia indartu zuen, gizonaren babes-eginkizuna finkatu zuen, eta gizonek emakumeen gorputzaren gainean duten boterea indartu zuen", Nerea Barjolak UPV/EHUn aurkeztutako doktorego-tesiak adierazitakoaren arabera.

Alcàsser kasuari buruzko ikerketan, Barjolak Judith Walkowitzek Grina beldurgarrien hiria obran Jack, destripatzailearen eta horrek Londres viktoriarrean izandako ondorioen inguruan sexu-arriskuaren kontakizunei buruz egindako analisia hartu du erreferentzia. "Jack destripatzaileak publikotzat jotzen ziren emakumeak bakarrik hiltzen zituenez, haren krimenek erakusgarri handiko elementu gisa funtzionatu zuten, hau da, XIX. mendearen amaieran pixkanaka-pixkanaka espazio publikoa hartzen hasi ziren klase erdiko emakumeentzako abisua zen" adierazi du ikertzaileak.
1992ko azaroaren 13an, ostiralean, Alcàsserko hiru neska -14 urteko Miriam García eta Desirée Hernández eta 15 urteko Toñi Gómez- Valentziako udalerri horren inguruetan desagertu ziren. 75 egun beranduago, gorpuak aurkitu ziren, eta horrek alarma sozial handia piztu zuen. Komunikabideen oihartzuna berehalakoa izan zen. "Komunikabideek kasuaren hurbileko jarraipena egin zuten, eta zehaztasun makabroenak eta beldurgarrienak hedatu zituzten. Halaber, horrek sexu-krimena ikuspegi politiko-feministetatik berriz pentsatzea galarazi zuen" adierazi du Barjolak.

Ikertzaileak Jack destripatzaileak garai viktoriarraren amaieran egindako hilketen eta Alcásserko krimenaren arteko erkaketa egin du; eta, ehun urte beranduago, Alcàsserko kontakizunak antzeko eginkizuna izan zuela adierazi du. Alcásserko krimenak eta, batez ere, sexu-arriskuari buruzko kontakizunaren eraketa sozialak emakumeek zeharkatu behar ez zituzten mugak berrezarri zituen: "Kontakizunek emakumeek zeharkatu dituzten eta sexuaren status quoaren jarraipena baldintzatu lezaketen mugak berregituratzea ahalbidetzen dute. Horretarako, kontakizuna emakumeen erruduntasunean oinarritu da. Neskek autostopa egin zuten, eta autostopa egitea zeharkatu behar ez zuten muga identifikatzen duen metafora gisa agertzen da. Autostopak mugen eta espazioen kontura eramaten gaitu. Alcásserko krimenari buruz sortutako kontakizunak emakumeek zeharkatu behar ez dituzten espazio ukiezinak eta gorpu traumatizatuak aipatzen ditu, eta horiek erakusgarri handiko abisua helarazi diete gainerako emakumeei" adierazi du Nerea Barjolak.

Berrinterpretazioa

Ikerketaren bilakaeran, Nerea Barjolak 40 elkarrizketa egin dizkie nerabeen hurbileko erakunde zein emozio eremuko pertsonei, Alcàsser kasua eta epaiketa landu zituzten kazetariei eta 1997ko epaian akusazio publikoko abokatu jardun zuenari. Gainera, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeen lekukotasuna bildu du, sexu-arriskuari buruzko kasuek emakumeen bizitzan eta egunerokotasunean dituzten eraginak eta ondorioak zehazteko.
Nerea Barjolak honako hau adierazi du: "Emakumeen lekukotasunak ahalbidetzen du Alcàsser, sexu-arriskuari buruzko kontakizun gisa ez ezik, erresistentzia-kontakizun gisa ere definitzea, emakumeen gorputzari ahotsa emateak kontakizuna beldurraren mugetatik kanpo jartzen baitu. Hau da, sexu-arriskuaren kasuek emakumeen egunerokotasunerako dituzten ondorioez konturatzea ahalbidetzen du. Alde horretatik, ahotsa sexu-beldurraren aurkako estrategia politikoa da. Isiltasunak, aldiz, tabua areagotu, eta emakumeei sexu-indarkeriari esanahi berria ematea galarazten die. Emakumeek ez dute espazioa doan uzten, eta ez dira erresistentziarik gabeko esaneko gorputzak. Emakumeak ez dira sexu-arriskuari edo Alcásserko kontakizunari buruzko kasuetako biktimak bakarrik; horietatik bizirik irteteko gai dira".

Beraz, Nerea Barjolak adierazi du bere doktorego-tesiaren helburua Alcásser sexu-arriskuari buruzko kontakizun politiko gisa berrinterpretatzea dela. "Alcásserko krimenari esanahi berria emateak badakar gizartea eta ez emakumeak sexu-indarkeriaren erantzule bihurtzea. Alcásserko krimenak gizarteaz egiten duen isla erakutsita, sexu-indarkeria zerbait indibiduala izan beharrean, zerbait soziala izango da. Ez da bat-batean gertatzen den erasoa izango, baizik eta egoteko baldintza objektiboak izateagatik dagoen indarkeria".

Egilea

Nerea Barjola Ramos (Santurtzi, 1980) UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziaduna eta Feminismo eta Generoko doktorea da. Las representaciones del peligro sexual y su influencia en las prácticas de las mujeres a partir del crimen de Alcàsser 1992 tesia egin du Feminismo eta Generoko doktorego-ikasketen eremuan, Historia Garaikidearen Saileko doktorea den Miren Llona Gonzálezen zuzendaritzapean. UPV/EHUko GIU08/15 'La experiencia de la sociedad moderna en España 1870-1970' eta GIU11/12 'La experiencia de la sociedad moderna en España 1870-1990' ikerketa-taldeetako kidea izan da.