Breadcrumb

Albisteak

Argitasunaren ondorioz itsas belarra horitzen

Lehenengo argitaratze data: 2013/08/27

Irudia

UPV/EHUko Endika Quintano ikertzailearen ustez Gelidium corneum alga gorria horitzen egon daiteke Bizkaiko kostaldeko gune batzuetan gehiegizko argitasunaren eraginez.

2010 eta 2011ko udetan Bizkaiko kostaldeko bost gunetako alga-populazioetako laginak erabili ditu ikerketarako UPV/EHUko Itsas Bentos taldeak, eta guneetako argitasuna eta tenperatura neurtu zituen uda osoan zehar. Irradiazio handiena jasotzen duten guneetan algak estres-arrasto gehiago dituela ikusi zuen. Ikerketaren emaitzak Jounal of Sea Research aldizkarian argitaratu dira.

Gelidium corneum euskal kostaldean ohiko alga da. 3 metro eta 15 metroko sakoneren artean hazten da, eta irailetik aurrera lehorrean ere ikus daiteke, ekaitzek hautsita hondartzetara iristen baita, alfonbra gorri bat osatuz. Alga-biltzaileek belarra esaten diote. Kostaldeko leku batzuetan, batez ere ur gardeneko lekuetan, algaren frondeak horituta agertu dira, eta aldaketa hori estres-ikur gisa irakurri dute ikertzaileek.

Udan eguzki-egun gehiago dagoenez algari iristen zaion irradiazioa handiagoa da. Horrek ez du zertan kalterako izan, aitzitik, alga gehiago hazten da argi gehiagorekin. Baina neurri optimotik gora alga inhibitu egiten da. Bizkaiko kostaldeko bost lekutan (Kobaron, Gorliz, Ogoño, Ea eta Lekeitio) sakonera bereko alga-populazioak aukeratuta, ikusi zuten ur gardenenetakoak daudela estresatuen. Estuarioren baten eraginpean daudenak, Gorlizen adibidez, egoera hobean daude, ura uherragoa izanik irradiazio txikiagoa jasotzen dutelako.

Alga estresatuak

Alga estresatu bat bere funtzioak modu egokian bete ezin ditzakeen alga bat da. Algen estresa neurtzeko zenbait parametro biokimiko neurtu zituzten UPV/EHUko ikertzaileek, eta, datuak aztertuta, erlazio zuzena topatu dute irradiazio kantitatearen eta aktibitate antioxidatzailearen eta algaren C:N ratioaren artean.

Irradiazioa handitzeak algaren aktibitate fotosintetikoa handitzen du, edozein landaretan gertatzen den gisara. Baina neurri batetik gora aktibitate antioxidatzailea gutxitu egiten dela ikusi dute ikerketan. Berez, irradiazioa handitzeak aktibitate antioxidatzailea handitzea dakar; izan ere, fotosintesia areagotzean sortzen diren oxigeno erradikal askeak kudeatzeko algak abian jartzen duen mekanismoa da. Baina irradiazioa neurriz kanpokoa bada, alga akitu egiten da, erradikal askeak ezin ditu kontrolpean izan, eta alga modu basalean jartzen da. Bizirauteko oinarrizkoak diren funtzioei baino ez die eusten.

Beste arrazoi bat ere bada irradiazio handiegiak aktibitate antioxidatzailea txikitu izateko, hau da: aktibitate antioxidatzailea duten entzimak zuzenean suntsitu izana erradiazio ultramoreak.

Irradiazio handiegiak beste eragin kaltegarri bat ere izan dezake ikertzaileen ustez. Normalean, argi kantitatea handitu ahala C:N ratioa handitu egiten da, hau da, barne nitrogeno portzentajea murriztu egiten da. Izan ere, fotosintesia areagotzeko algak mantenugai gehiago behar du (nitrogeno-iturriak), eta udan, orohar, itsasoan mantenugai eskasia izaten da. Hortaz, irradiazioa handiegia bada, algak aktibitateari eusteko bere barneko erreserbak erabiltzen ditu. Erreserba horien artean algari kolore gorria ematen dioten pigmentuak daude: fikolipoproteinak.

Pigmentu gorrien faltan alga horitu egiten da. Prozesua udazkenean hostoerorkorreko zuhaitzean gertatzen denaren antzekoa da: negurako prestatzeko zuhaitzak hostoetan dituen erreserbak bereganatzen ditu eta hostoak horitu egiten dira. Bada, algen kasuan ez da urteroko egokitzapen bat, egoera puntual baten aurreko babes-neurri bat baizik, eta estres-egoeraren sintometako bat izan daiteke. Baldintzak gehiago larrituz gero, alga zuritu eta hauskor bihurtzen da.

Ur gardena ez da hobea

Azken urteetan G. corneum algaren kopurua gutxitu egin da euskal kostaldeko hainbat lekutan. Beste ikerketa batean ikusi denez, ekaitzen eta olatu handien maiztasuna handitu izanak zerikusia du galera horretan. Era berean, ur gardeneko lekuetan populazioak itxura ahulagoa dute, eta eguzkiaren irradiazioak zuzenean alga kopurua gutxitzen ez duen arren, sentikorragoa egin dezake kanpo-erasoen eta aldaketen aurrean.

Ikerketaren emaitza Journal of Sea Research aldizkarian argitaratu da. Ikerketa hori azterlan zabalago baten barruan dago kokatua, Endika Quintano UPV/EHUko ikertzailearen tesiaren barruan, alegia.

Ikerketa-taldeari buruz

Endika Quintano (Bilbo, 1984) UPV/EHUko Itsas Bentos taldeko ikertzailea da, biologian lizentziatua eta doktoretza-tesia egiten ari da. UPV/EHUko Itsas Bentos taldea Zientzia eta Teknologia fakultatean kokatua dago eta haren ikerketa-gaien artean daude kostaldeko inpaktuen kuantifikazioa, ingurumenaren zaintza eta ingurumenaren leheneratzearen ebaluazioa.
Ikerketa honetan Endika Quintanoz gain UPV/EHUko Itsas-Bentos taldeko beste ikertzaile hauek ere hartu dute parte: Unai Ganzedok, Isabel Díez San Vicentek eta José María Gorostiaga Garaik. Aldagai biokimikoen azterketan Malagako Unibertsitateko Fotobiologia Unitateko Félix López Figueroak ere hartu du parte.