Breadcrumb

Albisteak

Basoen kudeaketa tradizionalak murriztu egiten du onddoen dibertsitatea

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/26

Irudia

UPV/EHUko talde batek Nafarroako pagadietan aztertu du nola eragiten duen baso-kudeaketak egurra deskonposatzen duten onddoen populazioetan.

Egur hila urria da basoetan, eroritako zuhaitz eta adarrak jasotzeko ohitura baitago. Usteltzeko bidean egon beharko lukeen egur hori bizidun askoren oinarrizko habitata da; onddo lignikolena, adibidez. Onddo horiek egur hila deskonposatu eta gai organikoak inorganiko bilakatzeko gai dira. Beraz, egur hila basoetatik kentzeak kalte ekologikoa eragiten dio basoari.

Nerea Abrego Antia eta Isabel Salcedo Larralde UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko biologoek kuantifikatu dute eragin hori egur hiletik bizi diren onddoen populazioetan, Nafarroako pagadi batzuetan. Ikerketaren ondorio nagusia da basogintzak eta basoen ustiaketa tradizionalak kalte egiten diotela onddo saproxilikoen komunitateari. Areago, ikertzaileek ondorioztatu dute hainbat onddo-espezie -kasu batzuetan, baita familia osoak ere- desagertu egiten direla ustiatutako basoetan.

Ikerketaren ondorioa argia da: egur-hondar hilak kentzea onddo lignikolen edo saproxilikoen populazioen kalterako da. Hala ere, ikerketaren zuzendariak, Salcedok, ñabardura hau erantsi du: "Hain argi ikusten dena, nolabait ez da hain erraz onartzen". Saldcedoren iritziz, "aurrehipotesia hau izan zitekeen: oinarrizko materia galtzen duzunez, zuzeneko eragina izango du horrek. Baina gure lanen helburua hori frogatzea da. Basogintzan duela gutxi hasi dira horretaz ohartzen; Europan, aldiz, duela hamar urte inguru hasi ziren zientifikoki frogatzen". UPV/EHUko ikertzaile hauen lanak Nafarroako pagadi batzuen ustiaketa tradizionala izan du ardatz. Ikerketaren emaitza Forest Ecology and Management aldizkari espezializatuan argitaratu dute. "Kalitate handiko aldizkaria da", dio Salcedok. "Mikologia-arloan, espezieen deskripzioari eta sistematikari buruzko artikuluak argitaratzen dituzten aldizkariak, normalean, inpaktu gutxikoak izaten dira. Aldiz, ikuspegi ekologikoa lantzen duen aldizkaria dugu hau, eta eragina unibertsalagoa du; alde ekologikoa aztertzen duten lanek hedapen handiagoa dute, eta nahiko zaila izaten da guretzat hor argitaratzea. Baina, lan honetan, izugarri landu dugu alderdi estatistikoa eta ekologikoa, eta horri esker lortu dugu horrelako aldizkari garrantzitsu batean artikulua argitaratzea".

Hamasei gunetako laginak aztertu dituzte: zortzi, ustiatzen diren guneetakoak, eta beste zortzi, ustiatzen ez direnetakoak. Laginak jaso ondoren, sailkatu egin dituzte, alor honetako mikologoek erabiltzen duten sailkapen-irizpide estandar baten arabera, ikerketak errepikagarriak izan daitezen. "Sailkapenak egiteko lehen aldagai nagusia hondakinen egur-hondarren tamaina izan da. Hiru tamainatan sailkatzen dira, handienetatik txikienetara", dio Salcedok. "Normalean, sailkapen horretako hondakin txikienak ez dira aztertzen. Gainera, onddo asko mikroskopioan identifikatu beharrekoak izaten dira, nahiz eta tamaina handiko espezie ezagunak ere badauden (Fomes fomentarius ardagaia, kasu). Baina besteen laginak biltzea eta identifikatzea zailagoa da, eta lana mantsoago egiten da".

Egurra tamainaren arabera sailkatu ondoren, usteldura-maila da hurrengo irizpidea. Tamaina bakoitzarentzat hiru usteldura-maila zehazten dira: erori berriak, usteltzen hasiak eta erabat usteldutakoak. "Sailkapen zehatzagoa egin zitekeen, baina ikusi dugu hiru taldetan ondo doitzen zirela usteldura-mailak". Horrenbestez, bederatzi taldetan banatu dituzte aztertutako hondakinak.

Sailkatu ondoren, identifikatu egin dituzte haietako bakoitzean zeuden onddo-espezieak, alegia, adartxo bakoitzean dagoen onddo-komunitatea. Ahal den neurrian, espezie bakoitzaren "zenbatekoa" ere zehazten dute, nahiz eta ez den lan erraza izaten, Salcedo dioskunez.

Europako gainerako ikerketek tamaina handiko egur-hondarrak izan dituzte ardatz, eta, horrenbestez, basoetako egur hilaren bolumenari eta basoen kontserbazioan duen eraginari eman diote garrantzia. Salcedok eta Abregok ondorioztatu dutenez, ordea, egur-bolumena baino gehiago egur-hondarren aniztasuna da onddo saproxilikoen dibertsitatean gehien eragiten duen faktorea; sailkatu zituzten bederatzi talde horietatik ahalik eta gehiena agertzea, alegia. "Ondorio hau basoen kudeaketan aintzat hartu beharreko emaitza garrantzitsua da", azpimarratu du Salcedok.

Basoaren zatiketak onddoen presentzian duen eragina ere ari dira aztertzen, eta hau ondorioztatu dute: basoen zatiketagatik gertatzen den ertzaren emendioak ere eragin negatiboak ditu haien dibertsitatean.

Ikerketaren ondorio nagusia da basogintzak eta basoen ustiaketa tradizionalak kalte egiten diotela onddo saproxilikoen komunitateari, aztertu dituzten eremuetan behintzat. UPV/EHUko biologo hauen lanak kaltea zer mailatan gertatzen den zehazten du.

Taldearen ibilbidea

Ikerketa hauek UPV/EHUko Mikologia Taldearen ikerketa-lerroaren garapenaren ondorio izan dira. "Hasieran, onddo basidiomikotoen oinarri sistematikoa eta dibertsitatea aztertzen genituen, baina, gero, alde ekologikoa aztertzeari ekin diogu. Euskal Herriko artadietako onddo komunitateak aztertu ditu, adibidez, Esti Sarrionandiak bere tesian; beste tesi batean, Ibai Olariagarenean, onddoen taxonomia landu da, baliabide molekularrak ere erabiliz", dio Salcedok.

Azken urteotan, onddo lignikolen eta basogintzaren ikerketan jardun dira batik bat. Hori da, hain zuzen ere, Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratu berri duten lana, Nerea Abrego Antia ikertzailearen tesiaren ardatza.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: Abrego & Salcedo (2013)

  • Artikulua: Variety of woody debris as the factor influencing wood-inhabiting fungal richness and assemblages: Is it a question of quantity or quality?

  • Argitalpena: Forest Ecology and Management 291: 377-385.