Breadcrumb

Albisteak

Bilboko Blas de Otero Unibertsitate Egoitzako eremu komun berriak inauguratu dira

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/02

Irudia

Aisialdirako guneak berritu eta modernizatu dira, ikasleen beharrizanetara egokituz.

Asteazkenean, urriak 2, Bilboko Blas de Otero Unibertsitate Egoitzako eremu komun berrien inaugurazio ekitaldia ospatu da. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Bizkaiko hiriburuan ikasleentzako dituen bi egoitzetako bat da honakoa.

Ekitaldia Iñaki Goirizelaia errektoreak presiditu du, eta bertan izan dira baita ere Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta Karmelo Sainz de la Maza, Sociedad Inversora en Residencias para Estudiantes Euskadi, S.A. elkarteko presidentea, egoitzaren emakida duen elkarteko ordezkari bezala. Inaugurazioan parte hartu dute, baita ere, Bilboko Udaleko ordezkariek eta Residencias de Estudiantes, S.A., Resa, enpresa kudeatzaileko zuzendaritzako kideak.

Apiriletik uztailera bitartean burutu dira berritze lanak eta eraikinaren beheko solairu osoan izan dute eragina, ikasleentzako eremu komunak eta bilera lekuak dauden tokian. Lanen helburu nagusia, gune horiek berritzea eta modernizatzea izan da, ikasleen beharrizanetara egokituz.

Berritutako guneen artean, harrera-lekua eta hall nagusia daude; biak altzari berriekin izan dira hornituak. Eremu horretan, cybercorner bat dago, Internet-konexioarekin, eta tamaina handiko city map bat, ikasleek egoitza geografikoki kokatu eta hirian orientatzeko arazorik izan ez dezaten. Gainera, goiko solairuetarako sarreretako batean, egongela bat sortu da ikasleek beraien aisialdiaz gozatzeko beharrezkoak diren elementu guztiekin.

Beste alde batetik, aisialdirako gela handi bat egokitu da, gimnasioa guztiz berriztu da eta kafetegi-office berri bat ireki da. Azkenik, tronadurarekin zolatuta eta mahai, eserleku eta aulkiekin hornituta dagoen kanpo aldeko terraza berri batekin osatzen dira inauguratutako ekipamenduak.

Bilboko Blas de Otero Unibertsitate Egoitzak 2004an ireki zituen bere ateak eta 216 ikasle hartzeko ahalmena dauka. Eraikinak banakako gelak -sukaldea, bainua, atsedenerako gunea eta ikasteko gunearekin- eta egonaldi laburretarako (egunetakoak edo asteetakoak) binakako gelak -guztiz hornituta hauek ere- ditu.

Egoitzak, gainera, zuzendaritza, harrera, garbiketa eta mantentze zerbitzuak ere baditu, eta baita garbitegia eta ikasteko gelak bezalako beste instalazio batzuk ere, ikasleen eskura daudenak.

Resak 20 urteko esperientzia eta 28 zentro ditu irekita hiri nagusietan, gaur egun Espainiako unibertsitate egoitzen sare nagusia osatuz, 22 unibertsitate/erakunderekin sinatutako hitzarmenei esker 7.000 plaza eskainiz.

Ikasturte honetarako, Blas de Otero Egoitzak plaza libreak dauzka oraindik, bai unibertsitateko ikasleentzako zein egunetarako edo asteetarako ostatu hartzeko ere. Zentroa bisitatu egin daiteke aurretiaz eguna eta ordua hitzartuz 944 343 200 telefono zenbakiaren bitartez eta erreserbak web orriaren bidez ere egin daitezke, honako helbidean: http://www.resa.es/Residencias/Blas-de-Otero