Agenda

Geroz eta ikasle gehiagok jotzen dute UPV/EHUren Aldezlearenera

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/27

Klaustroaren aurrean aurkeztutako txostenean adierazi duenez, 2013an gora egin dute kontsultek; kexek, aldiz, behera.

Aldezlearen Bulegoa dagoeneko egonkortutako elementua da; halaxe jakinarazi du UPV/EHUko unibertsitate-defendatzaileak, Itziar Etxebarriak, Klaustroaren aurrean bere urteko txostena aurkeztean, gaur, Bilboko Bizkaia Aretoan. Ondorio garrantzitsuenetako bat da, aipatu duenez, geroz eta pertsona gehiago datozela erakunde honetara laguntza eske. Zehazki, 2013an, 144 laguni eskaini zitzaien arreta; eta guztiek, orotara, 137 gai proposatu zituzten. Ondorioz, 2012ko 97 kasuekin alderatuta, % 41,24ko igoera izan da.

Erakunde hau martxan jarri eta lehen urtean, zerbitzura hurbildu ziren gizonezkoen kopurua emakumezkoena baino handiagoa izan zen
(% 64 eta % 36, hurrenez hurren); 2013an, ordea, kopurua orekatu egin da (% 51,7 eta % 48,3, hurrenez hurren).

Bestalde, 2012an, Bizkaiko Campusak proposatu zituen gai gehien; gutxi gorabehera, gai guztien bi heren (% 65,5). 2013an, aldiz, campusen arteko ehuneko errealaren leialtasun handiagoa ispilatzen zuten datuek: Bizkaiko Campusetik eskaeren % 57 jaso ziren, Gipuzkoakotik % 26,5 eta Arabakotik % 16,5.

Taldeei dagokienez, Aldezlearen txostenak nabarmentzen du 2013an pixka bat handitu dela defentsa-bulegora joan diren ikasleen kopurua: 2012an, erabiltzaileen % 39,3 ziren ikasleak; 2013an, berriz, % 51,2. Alabaina, nola talde horretan, hala irakasleenean, gora egin du kontsulten kopuruak; kexek, aldiz, behera. Oro har, 2012an, 13 kontsulta egin zituzten; 2013an, berriz, 66 (% 13,4tik % 48,2rako jauzia, alegia). Kexek, ordea, behera egin dute; nola kopuruari dagokionez (72tik 65era), hala ehunekoari dagokionez: 2012an, landutako gaien % 74,2 ziren kexak; 2013an, berriz, % 47,4.
Datuen arabera, zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen profila normaltzen hasita dago: gora egin du ikasleen kopuruak, eta behera, berriz, beste sektoreenak. Era horretan, inguruko unibertsitateetako defentsa-bulego gehienen ehunekoetara hurbiltzen hasita dago.

Eskaerak hogeita hamarren bat zentro eta zerbitzutatik egin dituzte; horrek adierazten du defentsa-bulegoa ezaguna dela unibertsitate osoan, eta askotariko arlotatik jotzen dutela bertara.

Proposatutako gaiei dagokienez, ikasleen artean nabarmentzekoak dira ebaluazioarekin zerikusia duten arazoak, eta atzetik doaz baliozkotzeekin, kredituak aitortzearekin eta araudia aplikatzearekin lotutakoak. Irakasleen artean, nabarmentzekoak dira sailen barneko gatazkak eta baita plazak hornitzearekin lotutako kontuak ere. Administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, gai gutxiago proposatzen dituzte, eta ez dago gainerakoen gainetik nabarmentzen den gairik. Azkenik, aipatzekoa da UPV/EHUz kanpoko pertsonek ere proposatu dizkiotela gaiak defentsa-bulegoari. Kasu honetan, nabarmentzekoak dira plazak hornitzearekin lotutako erreklamazioak. Jazarpenari begira, kontu bakarra proposatu zuten 2013an, barneko administrazio-bideen bitartez ebatzitakoa. Ondorioz, ez da behar izan beste administrazio batzuen jarduna, ez baita delitu-zantzurik aurkitu. Une honetan, 2013. urteari dagozkion espediente guztiak ebatzita daude.

Kexak konpontzeko eskaera egin zaien pertsona edo erakundeetatik jasotako erantzunari dagokionez, Aldezleari iruditzen zaio erantzuna ona izan dela: izapideetara onartutako eta aintzat hartutako kexa gehienei modu egokian egin zaie jarraipena, eta arrazoizkoak izan dira emandako proposamenak eta gomendioak.

Txostenaren arabera, unibertsitateko kideek lankidetza handia eskaini dute, bai kexak bai kontsultak ebazteko. Bere azalpenean, Aldezleak eskerrak eman dizkie zerbitzuaren lana aurrera eramaten lagundu duten ikastegi, zerbitzu, kargu eta erantzukizun maila guztietako pertsonei.

Aldezleak, halaber, irakasle gazteek duten eskasia- eta desberdintasun-egoera nabarmendu du. Arazo horien guztien irtenbidea, bere ustez, ez da errektorego-taldearen araberakoa, Gobernu Zentralaren politika-gidalerroen eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-neurrien araberakoa baizik. Alabaina, nabarmendu du "Errektoregoaren esku" dagoela "zalantzarik gabeko eta presako jardunbide-plan bat diseinatzea bi gobernuen aurrean -Espainiako Gobernuaren kasuan, beste unibertsitate publiko batzuetako errektoreekin lankidetzan-, oraintxe daukagun impasse egoerari irtenbide bat bilatu ahal izateko. Horrek ez du esan nahi orain artean ez dela horretarako ahaleginik egin, baina horretan jarraitu beharra dago; eta ahal dela, ahaleginak indartu. Ez ditugu zapuztu behar, inola ere, azken urteotan gure unibertsitateko kideek egindako hobekuntza ahalegin erraldoiari esker unibertsitateari irekitako garapen-ikuspegiak".

Azkenik, Aldezleak deia egin du arlo eta maila guztietan elkarlanean jarduteko, unibertsitatearen funtzionamendua hobetzeko eta "akademikoki zein giza alderdiari begira geroz eta bidezkoagoa, adeitsuagoa eta bikainagoa den UPV/EHU defendatzeko" ahaleginak batzeko asmoz.