Breadcrumb

Agenda

Hiru ikasle edo gehiagorekin beteta doazen ibilgailuentzako aparkalekua gordeko da Leioan

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/11

Irudia

Esperientzia pilotu honen helburua ibilgailu pribatuen erabilera arrazionala bultzatzea eta gune publikoen kudeaketa hobetzea da.

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak aparkatzeko gune bat egokitu du Leioan okupazio handiko ibilgailuentzat, hau da, egunero hiru ikasle edo gehiagorekin beteta joaten dena Campusera. Esperientzia pilotu honen helburua kotxe pribatuen erabilera arrazionala bultzatzea da, eta baita gune publikoen kudeaketa hobetzea eta ibilgailuek sortzen duten kutsadura eta energia kontsumoa gutxitzea.

Gaur, astelehena, abian jarri den ekimen honen lehen fasean, 25 aparkaleku-plaza dituen eremu bat mugatu da, Biblioteka Nagusiaren beheko solairuan. Lehen deialdi honetan, gehienez 40 baimen emango dira goizeko txandarako eta beste 40 arratsaldekorako eta, ondorioz, eremu horretara heltzen diren lehen baimendutako ibilgailuek beteko dituzte aparkaleku-plazak. Etorkizunean, erreserbatutako eremua handitzen joango da 200 aparkaleku-plazara heldu arte.

Ikasturteko bigarren lauhilabetekoan (martxoaren 4tik ekainaren 28ra) aparkatzeko gune erreserbatu hau erabili nahi duten ikasleek, otsailaren 11tik 22ra bitartean aurkeztu beharko dituzte beraien eskariak. Aparkalekua erabili ahal izango dutenen zerrenda otsailaren 28an argitaratuko da UPV/EHUren web gunean (www.ehu.eus).

Erreserbatutako aparkaleku hori erabili ahal izateko bete behar diren baldintzak bi dira: gune horretan aparkatu nahi den ibilgailuan egunero gutxienez hiru lagun joatea Campusera eta guztiak UPV/EHUko ikasleak izatea. Jasotako eskariak eskainitako plazak baino gehiago badira, irizpide bi lehenetsiko dira: ibilgailuan etortzen den ikasleen kopurua eta eskaera aurkeztu den data. Eskaria aurkezten dutenek, ibilgailua adierazitako ikasleekin batera erabiltzeko konpromisoa hartu beharko dute eta, bestalde, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du.