Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUn irakurritako tesien kopurua % 50 baino gehiago igo da hamar urteotan

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/24

Irudia

Unibertsitateak 2012ko 343 doktore berriei omenaldia egin die.

Euskal Herriko Unibertsitateak 2012an tesia irakurri zuten doktoreak izendatzeko ekitaldia egin du ostiralean, maiatzak 24, Areto Nagusian. 2009-10eko doktoregoko 32 sari bereziak ere eman dira omenaldian. UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak ekitaldian azpimarratu duenez, "prestakuntza zientifiko, teknologiko eta profesionala susperraldirako giltzarria izango da. Euskadi ezin da lehiatu langileen kostu txikiagoekin, eta ezin dugu babes hartu merkatu gatibuetan. Berrikuntzak eta hobekuntzak emango digute galdutako tokiak berreskuratzeko eta aurrera egiteko aukera". UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak bigarren urtez antolatu du ekitaldia. "Gure doktoreen laneratzea sustatzeko, gizartearen aurrean nabarmendu behar ditugu beren gaitasunak, aberastasuna sortzeko egiten duten ezinbesteko ekarpenagatik eta baita balore zientifikoak zabaltzeagatik ere", azaldu du Eskolako zuzendari Gabriela Chotrok.

Ekitaldian izendatu dituzten tesigileetatik 184 emakumeak dira, eta 159 gizonak. Guztira, 2012an 343 tesi irakurri ziren, 2000. urtean baino %64 gehiago. 2012an burututako 343 tesietatik, 89 Zientzien ezagutza-arlokoak izan dira, 82 Gizarte Zientzia eta Zientzia Juridikoetakoak; 71 Ingeniaritza eta Arkitekturakoak; 52 Arte eta Giza Zientzietakoak eta 49 Osasunaren Zientzietakoak.

Horrezaz gain, 89 tesi nazioartekoak izan ziren eta 29 euskaraz aurkeztu ziren. Nazioarteko aipamen hori ematen zaie Europako beste ikerketa zentro batekin elkarlanean egin diren eta epaimahaian ikertzaile atzerritarren bat duten tesiei. Halaber, 2009/10ko doktoregoko 32 sari bereziak eman dira. Sariok ematen dizkie UPV/EHUk nazioartean goraipamenik handiena izan duten tesiei, bi urtean egindako bidea aztertu ondoren.

Ekitaldian, UPV/EHUko Gizarte Antropologia katedradun emeritu Teresa del Vallek "La igualdad en la centralidad del progreso genuino" izeneko hitzaldia eskaini du.

Bikaintasunean liderra

UPV/EHUk 2013-14an 104 master ofizial eta 71 doktorego programa eskainiko ditu. Horietarik 32k lortu dute Hezkuntza Ministerioaren "Bikaintasuneranzko Aipamena". Beraz, ikertzaileen prestakuntzan liderra da UPV/EHU, aipamen kopururik handiena erdietsi baitu.

Bestalde, iaz UPV/EHUko bi masterrek lortu zuten Erasmus Mundus izeneko Europako zigilu prestigioduna. Master horietako batean bazkide koordinatzailea da gure unibertsitetea (European Erasmus Mundus Master of Science in Marine Environment and Resources, MEREMMC) eta bestean bazkide parte hartzailea (European Masters Program in Language and Communication Technologies, LCT).

Halaber, UPV/EHUk parte hartzen du 2008tik Master eta Doktorego Sare Latinoamerikarrean, beste 13 unibertsitaterekin batera.

Master eta doktorego gehienak punta-puntako erakunde, enpresa eta I+G+B guneekiko lankidetzaren bidez garatzen dira. Erakundeokin 300etik gora hitzarmena sinatu dira praktikak, master amaierako lanak eta doktoregoko egonaldiak egiteko.