Breadcrumb

Agenda

Hegazkingintzako polimeroen hobekuntza

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/25

Irudia

UPV/EHUko ikerketa batek errezeta bat aplikatu du polimeroetan karbonozko nanohodiak behar bezala sakabanatzeko.

Polimeroz inguratuta bizi gara, eta, gaur egun, aplikazio berriak lortzeko, polimero horiek eraldatzeko joera dago, polimero berriak lortu ordez. UPV/EHUko Polimeroen Teknologia taldeak emaitza bikainak lortu ditu ikerketa batean, karbonozko nanohodien erabilerari esker, poli(eter imida) polimeroaren propietate mekanikoak eta eroankortasunarenak hobetzeari dagokionez. Polimero hori, besteak beste, hegazkinetako piezak egiteko erabiltzen da. Azterketa Composites, Part A: Applied Science and Manufacturing aldizkari espezializatuan argitaratu da.

Karbonozko nanohodiek propietate mekaniko bikainak dituzte, oso erresistenteak eta zurrunak dira, eta, gainera elektrizitate-eroaleak dira. "Badute arazo bat, ordea; sakabanatu egiten dira, hau da, nekez nahasten dira polimeroekin", adierazi du Iñaki Eguiazabal Polimeroen Teknologia taldeko kideak. Horregatik, funtsezkoa da karbonozko nanohodiek matrize polimerikoan sakabanatze- eta egonkortze-maila handia lor dezaten laguntzen duten metodoak aurkitzea. "Ikerketa honetan, material horietako baten prestakuntza arrakastatsua aurkitu dugu", gaineratu du.

Lanaren helburua izan da poli(eter imida) polimeroaren propietate mekanikoak hobetzea. Poli(eter imida) polimeroak propietate mekaniko eta termiko bikainak ditu, eta, besteak beste, hegazkinaren barneko piezak egiteko erabiltzen da. Hala ere, polimero gehienak bezala, material isolatzailea da ikuspuntu elektrikotik begiratuta. "Karbonozko nanohodiak gehituta, are hobetzen ditugu materialaren propietate mekanikoak, eta, orobat, elektrizitate-eroalea izatea lortzen dugu", azaldu du Iñaki Eguiazabalek. Horrek aukera eman dezake, besteak beste, pintaketa elektrostatikoko aplikazioetan erabiltzeko.

Hasiera-hasieratik, Polimeroen Teknologia taldeak batik bat polimero-nahasteen ikerketara bideratu zuen jarduera, prestazio hobetuak dituzten material berriak lortzeko helburuarekin. Taldea UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Sailean eta POLYMAT Material Polimerikoen Institutuan integratuta dago.

Taldearen laneko ildo berriena sistema nanokonposatuen ikerketan zentratuta dago gaur egun; sistema horiek polimero termoplastikoz eta organikoki eraldatutako buztin laminarrez edo karbonozko nanohodiz osatuta daude. Ildo horretan, material berri nanoindartuak garatu dira polimero teknikoetan oinarrituta, eta, karbonozko nanohodien sistemen kasuan, elektrizitate-eroaleak. Nahaste polimerikoetan oinarritutako sistema hirutarrak, zeinei nanopartikulak gehitu baitzaizkie, aukera eman dute nahasteak emandako abantailak eta nanokonposatuek emandakoak konbinatzeko, propietate optimizatu batzuk dituzten material superzailak lortzea barne dela.

"Widely dispersed PEI-based nanocomposites with multi-wall carbon nanotubes by blending with a masterbatch" izeneko lana duela gutxi argitaratu da Composites, Part A: Applied Science and Manufacturing aldizkari espezializatuan, kategoria horretako garrantzitsuenetako batean. Imanol González eta Iñaki Eguiazabal dira egileak, eta nahaste polimerikoen eta nanokonposatuen arteko sinergiaren aplikazio bat da.

Sakabanatze hobea eta eroankortasun elektrikoa handitzea

Poli(eter imida)-ren kasuan, polimeroari poli(butilentereftalato)-an oinarritutako nahaste bat, nanohodi sakabanatuen kontzentrazio handia duena, gehitu diote. "Poli(butilentereftalato)-ak ez ditu, berez, hobetzen saiatzen ari garen polimeroak dituen propietate bikainak, baina bi polimeroak oso ondo nahasten dira, eta, hala, dispertsioa nahaste guztira zabaltzea lortzen da", adierazi du Eguiazabalek.

"Egonkortasun termikoa gutxitzen den arren, karbonozko nanohodiak gehituta (% 1), eroankortasun elektrikoa lortzen da", gaineratu du. Bestetik, "poli(eter imida)-ren propietate mekanikoak are gehiago hobetzen dira". Azkenik, esan behar da nanokonposatuen biskositatea asko txikiagotzen dela poli(butilentereftalato)-ari esker; hori dela eta, nabarmen hobetzen da materialen prozesagarritasuna, nahiz eta biskositatea areagotzeko joera duten nanohodiak egon. Biskositatea txikiagotzeak aukera ematen du lodiera txikiko sekzioko edo geometria konplexuko produktuak egiteko.

Polimeroen Teknologia taldea

Polimeroen Teknologia taldea UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Sailean eta POLYMAT Material Polimerikoen Institutuan integratuta dago. Iñaki Eguiazabal sail horretako irakaslea da. Taldearen ikerketa-esparru nagusiak dira polimeroen eta buztin laminarrak dituzten nanokonposatuen nahasteak eta karbonozko nanohodiak, eta prestazio hobetuak dituzten material berriak lortzea dute helburu.

Taldearen ibilbide osoko lana aintzat hartuta, 150 zientzia-artikulu baino gehiago argitaratu dituzte nazioarteko sona handiko aldizkarietan. "Widely dispersed PEI-based nanocomposites with multi-wall carbon nanotubes by blending with a masterbatch" izenburuko lana Composites, Part A: Applied Science and Manufacturing aldizkari espezializatuan argitaratu dute duela gutxi, Imanol González eta Iñaki Eguiazabal UPV/EHUko Kimika Zientzien Fakultateko irakasleen eskutik.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: I. González, J.I. Eguiazabal.

  • Artikulua: Widely dispersed PEI-based nanocomposites with multi-wall carbon nanotubes by blending with a masterbatch

  • Argitalpena: Composites Part A: Applied Science and Manufacturing.

  • DOI: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S1359835X13001711