Breadcrumb

Agenda

Energiaren prezioen ziurtasunik ezak zailago egiten du energia-eraginkortasunean inbertitzea

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/13

Irudia

BC3ko eta UPV/EHUko ikertzaileek eredu bat garatu dute aztertzeko zein kondizioren aurrean komeni den inbertitzea.

BC3ko eta UPV/EHUko ikertzaileek garatu duten ereduaren arabera, energiaren prezioaren gaineko ziurgabetasunak eragin txarra du energia-eraginkortasunean egiten diren inbertsioetan. Bestalde, ondorioztatu dute energiaren prezioa igotzeak eta CO2-emisioetarako eskubideak garestitzeak sustatu egingo lituzketela halako inbertsioak. Journal of Environmental Management aldizkari ospetsuan argitaratu dituzte emaitza horiek

Energia-eraginkortasuna osagai gero eta garrantzitsuagoa da energia-politikan eta klima-politikan. Energia-eraginkortasuna handitzearen onurak ez dira bakarrik ekonomikoak: ingurumenari ere badagozkio, gutxitu egiten baitira berotegi-efektuko gasak eta beste kutsatzaile batzuk. "Halako inbertsioak sustatzea eta denboran aurreratzea laguntzeko arduran kokatzen dugu gure lana", dio Luis María Abadie doktoreak. BC3 -UPV/EHUk, Ihobek eta Ikerbsquek sortutako- Klima-aldaketarako Euskal Zentroko "Research Professor" da Abadie, eta Journal of Environmental Management aldizkarian argitaratutako "Valuing uncertain cash flows from investments that enhance energy efficiency" lanaren lehen egilea.

"Badira teknologia batzuk erraz aplika daitezkeenak, baina askotan, hainbat arrazoirengatik, errentagarri izan litezkeen inbertsioak ez dira egiten", dio Abadiek. Arrazoi horien artean, aipatzekoak dira informazio-eskasia, aurrekontu- eta likidezia-arazoak, eragozpen burokratikoak eta finantzabiderik eza. Baina ziurgabetasunik eza da arazorik handienetako bat: gauza segurua da inbertsio horiek zenbat kostako diren, baina ez dago jakiterik onurak zenbatekoak izango diren, ezin baita aurrez jakin etorkizunean zer prezio izango diren (adibidez, argindarrarena).

Lan honetan, Luis María Abadiek, Jose Manuel Chamorrok eta Mikel Gonzalez-Eguinok aztertzen dute nola inberti litekeen energia-eraginkortasunean (edo ez) ikatza erretzen eta CO2-a emititzen duen zentral batean. "CO2-a sartu dugu, zeren eta gure inguruko energia-kontsumo intentsiboko industriek ordaindu egiten baitute emisio-eskubideengatik", dio Abadiek.

Eraginkortasunean inbertituz gero, zentral elektrikoak ikatz gutxiago kontsumituko luke eta aurreztu egingo luke emisio-eskubideetan. Gaur egungo parametroetan, emisio-eskubideek ez dute hainbesteko garrantzirik, baina baliteke hori aldatzea etorkizunean: "Oraingoz, behar direnak baino emisio-eskubide gehiago dagoenez, prezioak apalak dira. Baina hori alda liteke erabaki politiko batekin". Nolanahi dela ere, emisio-eskubideak inbertsio-erabakietan lagundu dezaketen beste osagai bat dira.

Merkatu-prezio errealetatik abiatuta, ziurgabetasuneko balioespenak egiteko teknikak aplikatu dituzte, hiru arrisku-faktore aintzat hartuz: inbertsioaren kostua, erregaiaren prezioa eta emisio-eskubideen prezioa. "Lehen aldiz proposatu da halako eredu bat (hiru faktorekoa) energia-eraginkortasuneko inbertsioak balioesteko", dio Abadiek. Metodoaren indargunea da zenbatets daitekeela zer atalaseren azpitik izango den inbertitzea onuragarri -ziurgabetasuna izanik ere-, merkatuetako kotizazio-prezioekiko koherentzia baten barruan. Kondizioak aldatzen badira (adibidez, arauren bat aldatzen bada, CO2-emisioen baimenen merkatuari eragiten diona), proposatutako metodoaren bitartez analiza daiteke aldaketa, eta kondizio berri horietan inbertitzeko aukera balioetsi.

Lanaren emaitzek erakusten dute ziurgabetasuna gutxitzeak eta energiaren eta emisio-eskubideen prezioa garestitzeak sustatu egiten dutela eraginkortasunean inbertitzea. Lehenagoko lan batean, Estatu Batuetan, "ikusi da energiaren prezioa gehien igo den urteetan inbertitu dela gehien energia-eraginkortasunean", zehaztu du Abadiek. Bestalde, emaitzek erakusten dute halako inbertsioak egiteko ona izan litekeela subsidio iragankor bat, une jakin batean bakarrik eskura daitekeena.

Hainbat gobernu eta agentzia hasiak dira energia-eraginkortasuna beren helburuen artean sartzen. Europar Batasunak, esate baterako, 2020rako % 20 igo nahi du eraginkortasuna (2012/27/EB Direktiba, energia-eraginkortasunari buruzkoa). "Horrela, nahitaezkoa izango da energia-eraginkortasunean inbertitzea", gehitu du Abadiek. "Are gehiago: Energiaren Nazioarteko Agentziak espero du energia-eraginkortasuneko hobekuntzak izatea faktorerik garrantzitsuenak CO2-emisioak gutxitzeko. Beraz, uste dugu gai giltzarria dela. Eta energia- eta ingurumen-politikak ez badu kontuan hartzen ziurgabetasunaren eragina, errentagarri izango liratekeen hainbat inbertsio ez dira egingo, edo atzeratu egingo dira kondizioak hobetu arte.

Low Carbon Programme taldea
Artikulugileak Low Carbon Programme ikerketa-taldekoak dira, diziplina anitzeko talde bat da hori, UPV/EHUko eta BC3 -UPV/EHUk, Ihobek eta Ikerbsquek sortutako- Klima-aldaketarako Euskal Zentroko zenbait ikertzaileek osatua eta Repsolek finantzatua. Ekonomialariak eta ingeniariak batera ari dira lanean, gainditu egin nahi baitute ohiko bereizketa bat, alde batetik analisi ekonomikoa eta bestetik klima-aldaketari dagokion politikaren diseinua bereizten dituena. Gaur egun, abiatuak dira zenbait proiektu: "Lanean ari gara energia eolikoaren gaian, hura ordaintzeko sistemak balioesteko; eta aztertzen ari gara zer balio eta kostu ekonomiko izango duten CO2-a harrapatzeko eta biltegiratzeko instalazioek, hori baita etorkizunean urratu nahi den bideetako bat, nahiz eztabaida ere ekar dezakeen". Horretaz gain, Abadie eta Chamorro inbertsio energetikoen balioespenari buruzko liburu batean ari dira lanean, Springer argitaletxearentzat. Liburu horretan, azken lanean erabilitako metodologia deskribatuko dute, eta askoz kasu gehiagori aplikatuko diote.

Erreferentziak:
Abadie L.M., Chamorro J.M. and González-Eguino M., 2013. Valuing uncertain cash flows from investments that enhance energy efficiency. Journal of Environmental Management. 116. 113-124.

Abadie L.M, Ortiz R.A. and Galarraga I., 2012. Determinants of Energy Efficiency Investments in the U.S. Energy Policy. 45. 551-566. 10.1016/j.enpol.2012.03.002.