Breadcrumb

Agenda

Bizikletentzako aparkaleku estali, seguru eta konexio elektrikodun bat jarriko da Leioako campusean

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/27

Irudia

"aparka" proiektua Emaús Bilbao SCISek CEDEMOS Mugikortasun Jasangarriaren Zentroaren bidez bultzatutako ekimena da.

UPV/EHUko Leioako campuseko unibertsitateak komunitatea "aparka" egitasmoaren modulu bat erabili ahal izango dute datorren asteartetik, apirilak 1, aurrera, modu esperimentalean. Zerbitzu honek, bizikleta partikularrak kalean bertan aparkatzeko aukera ematen du, plaza estali, seguru eta konexio elektrikodun batean. Europa mailan aitzindaria den sistema honekin bizikletaren erabilera sustatu nahi da unibertsitateko komunitatearen artean, mugikortasun jasangarria bultzatuz eta CO2ren isuriak murriztuz.

"aparka" sistemaren modulua dagoeneko jarrita dago UPV/EHUko Biblioteka Nagusiaren sarreraren ondoan. Hamaika plaza dauzka, guztiak itxiak eta banakakoak eta, ondorioz, lapurretak, euria eta kanpoko aparkalekuek dituzten bestelako arriskuetatik babestuta. Bizikleta elektrikoek, beraien bateriak kargatzeko behar duten konexioa ere bertan izango dute. Gainera, proiektu honetan parte hartzen dutenek, bizikleten konponketa zerbitzua izango dute eskura eta Kiroldegian doan dutxa hartzeko aukera ere izango dute, beste abantaila batzuen artean.

Proiektu pilotu honek hiru hilabete iraungo ditu. Parte hartu nahi dutenentzako, izena emateko epea irekita egongo da egitasmoa pentsatuta dagoen 25 pertsonentzako plazak bete arte. Interesdunek director.vicer-bi@ehu.es helbidera bidali behar dute emaila. Parte hartzaileek "aparka" sistemari buruzko prestakuntza ikastaroa, txartel bat eta bizikletaren atzealdeko ardatzean kokatu beharko duten identifikadore bat (irrati-frekuentziako TAG bat) jasoko dituzte.

Ekimen berritzaile hau Emaús Bilbao SCISek bultzatu du CEDEMOS Mugikortasun Jasangarriaren Zentroaren bidez eta BBKren laguntzarekin. Proiektu pilotua, berriz, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak bultzatu du.

Informazio gehiago