Breadcrumb

Agenda

"Biziklautak", UPV/EHUren Irudia Zabaltzen Lagundu Duten Ikasleak Saritzeko IV. Deialdiko irabazlea

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/16

Irudia

"Ilargiaren kartografia geologikoa" ikerlanarentzat eta "Arraroak al dira talentudun emakumeak?" obraren taularatzearentzat izan dira bigarren eta hirugarren sariak.

Gaur, abenduak 16, UPV/EHUren Irudia Zabaltzen Lagundu duten Ikasleentzako Sarien IV. Deialdiaren harira irabazleen izenak ezagutu dira. Lehenengo saria, 2.500 eurokoa, Biziklautak. Bilbotik Bilbora, ibilaldia munduan barrena UPV/EHUko hiru ikasleren proiektuarentzat izan da. Goiznabar Monclúsek, Javier Escuderok eta Hodei Oruetak iragan uztailean hasi zuten Bilbon 40.000 kilometrotako bidaia bizikletan. 18 hilabetetan zehar bizikleta gainean egingo duten bidaia horri esker mundu guztiko txokoak ezagutuko dituzte berriro Bilbora itzuli aurretik.

Hiru ikasle horiek enpresa baten sorkuntza sustatu nahi izan dute proiektu horren bidez, beraien esanetan, "zeharreko sorkuntzako" publizitate enpresa bat eratu nahi izan dute, dituzten babesle ezberdinak nazioarte mailan ezagutarazteko publizitatearen eta irudiaren euskarri bezala funtzionatuko duena. Babesle horien artean azpimarratzekoak dira: Euskaltel, FAES Farma enpresa farmazeutikoa, Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, EiTB eta UPV/EHU bera. Periploan zehar UPV/EHUrekin hitzarmenak dituen nazioarteko unibertsitate sarearen laguntza jasoko dute. Bidaiaren nondik norakoak www.biziklautak.es orrian jarraitu daitezke.

Epaimahaiak ekimenaren izaera berritzailea baloratu du, batetik, eta, bestetik, zabaldutako irudiaren kalitatea eta kanpoan irudi horrek izan duen oihartzuna. "Proiektu honek gure Unibertistatearen leloa 'Eman ta zabal zazu' praktikan sustatzen du. Hartara, hiru ikaslek UPV/EHUk emanikoa hedatzen dute: kultura eta ezagutza", adierazi du Maite Zelaia epaimahaiko presidenteak eta UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak. Goiznabar Monclúsek jaso du saria, lesio bat dela eta gure artean baitago.

Bigarren saria, 1500 eurokoa, Iñaki Ordoñez Etxebarriarentzako izan da. UPV/EHUren Gasteizeko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan Topografian titulatua eta Bilboko IGET-ko ikaslea da eta Ilargiaren kartografia geologikoa ikerlanagatik lortu du bigarren sari hori. Epaimahaiak, batetik, lanaren izaera berritzailea, originala eta jakintza-alor anitzekoa izatea baloratu ditu eta, bestetik, nazioarteko eta estatuko hedabide desberdinetan izan duen arrera eta oihartzun handia. "Horrek guztiak, UPV/EHUren irudia NASA eta JAXA bezalako espazio agentziekin partekatu ditu", epaimahaiko kideen ustez.

Hirugarren saria, 1.000 eurokoa, William Medinarentzako izan da, Arraroak dira talentudun emakumeak? proiektuarengatik. Medinak gidatutako ikasle taldearen asmoa emakumeek zientziaren arloan aintzatespena eta ikuspena lortzeko dituzten zailtasunen gainean hausnarketa egitea izan da. Horretarako, Anne Rougée-re izenburu bereko antzezlana taularatu dute. Epaimahaiak proiektuak unibertsitatea, emakumeak eta zientzia bezalako kontzeptuak uztartzeko izan duen asmoa saritu nahi izan du. "UPV/EHUk, unibertsitatearen esparruan, emakumeen eskubideen defentsan bereak egiten ditu antzezlanaren balore horiek".

Hiru sari horiez gain, accesit bat, 600 eurokoa, jakintzaren adar bakoitzeko banatu da: Gizarte eta Lege Zientziei dagokienez, Leire Buenok gidatutako ikasle taldearen Hoy cocina amama proiektuak irabazi du; Zientziei dagokionez, Jaione Martínez de Agirrek gidatutako ikasle taldearen Zientziari SO proiektuak irabazi du; Ingeniaritzak eta Arkitekturari dagokionez, Clara Ibañezek gidatutako ikasle taldearen Ilike Bilbao Eskuliburuak irabazi du; eta Artea eta Giza Zientziei dagokionez, Beatriz Fuentesek gidatutako ikasle taldearen Arteshop 2013 proiektuak irabazi du.