Breadcrumb

Agenda

Sardiniak giza eboluzioaren historia osoa bildu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/08/07

Irudia

1.200 sardiniarren Y kromosomaren sekuentziazio osoak giza espeziea noiz sortu zen eta nola garatu zen argitu du. Nazioarteko talde batek, UPV/EHU ere tartean dela, Science aldizkarian argitaratu du ikerlana.

Sardiniaren tamainako irla batean giza eboluzioaren historia osoa azter daiteke. Nazioarteko zientzialari talde batek 1.200 sardiniarren Y kromosoma osoa sekuentziatu du eta 12.000 bat mutazio aurkitu ditu, erdiak inguru erabat berriak. Horiei esker, gure espeziea nola sortu zen eta nola hedatu zen jakiteko informazio garrantzitsua lortu du. Ikerlana gaur argitaratu da Science aldizkarian Low pass DNA sequencing of 1,200 Sardinians reconstructs European Y chromosome phylogeny izenburupean. Ikerketan parte hartu duten zientzialarietako bat Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Santos Alonso ikertzailea da.

Azterlanaren oinarria da giza genomak aldaerak dituela pertsonen arabera; izan ere, hura osatzen duen DNAk ausazkoak diren baina heredagarriak diren aldaketa biokimikoak, edo, bestela esanda, mutazioak, izaten baititu. Mutazio horiek oso lantzean behin gertatzen dira, baina ehun germinalean (espermatozoide eta obozitoei bide ematen dien horretan) gertatuz gero, belaunaldiz belaunaldi metatzen dira. Hain zuzen ere, gizakiok heredatu egiten dugu gure arbasoengan iraganeko hainbat unetan gertatutako mutazioen multzoa.

Horrez gain, mutazio horiek zein abiaduratan gertatzen diren ondorioztatuz gero, gizakien populazio taldeak banatzen dituzten denbora tarteen estimazioa egiten laguntzen digun "erloju molekular" moduko bat lortzen dugu. Azterlan honen lehenengo egilea den Paolo Francalacci Sassariko Unibertsitateko Genetikako katedradunaren hitzetan, "Y kromosoma bereziki egokia da, DNAn oinarriturik iraganeko gertakari demografikoak berregiteko; izan ere, beste kromosoma batzuk ez bezala, Y kromosoma gizonetan eta kopia bakarrean baino ez baita aurkitzen. Ondorioz, Y kromosoman gertatzen diren mutazioak Y kromosoma berean geratzen dira (birkonbinaziorik ez dagoelako), eta horregatik, errazagoa da mutazio horiek nola metatu diren berregitea. Horrela, bada, sardiniarren Y kromosoman aurkitu ditugun mutazioek haien jatorria identifikatzen lagundu digute. Jatorri horrek duela 180.000-200.000 urte Afrikan bizi izan ziren arbaso zaharretara garamatza, Europan, eta, besteak beste, Sardiniako hainbat eskualdetan finkatu ziren ondorengoak izan zituzten haietara."

Izan ere, Sardiniako laginean Saharaz hegoaldeko A leinuaren arrastoak aurkitu dituzte, hots, Afrikako leinu zaharrenetako eta nagusienetako batenak. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, Y kromosoman egun ikusten den aniztasun guztia sortzeko 200.000 urte inguru behar izan dira. Zifra hori Y kromosomaren aldakortasunaren jatorrirako proposatu diren beste aro batzuk baino zaharragoa da; hala ere, antzinatasun hori bat dator erabat mitokondrioko DNAren proposamenarekin. Y kromosoma bezala, mitokondrioko DNA ez da birkonbinatzen (horregatik asko erabiltzen da eboluzioa aztertzeko), baina kasu honetan amaren bidez transmititzen da eta soilik alabek transmiti diezaiekete beren ondorengoei.

Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionaleko (CNR) Genetika eta Biomedikuntzako Ikerketako Institutuko (IRGB) zuzendari eta Sassariko Unibertsitateko Genetika Medikoko katedradun Francesco Cuccaren esanetan, "Sardiniako populazioak bakarrik Europako populazioetan dagoen bariazio genetikoaren zatirik handiena biltzen du. Horregatik, baliabide baliotsua da bai gure jatorria ulertzeko, baita, esaterako, hainbat gaixotasunen arrisku genetikoan eragina duten faktoreak aztertzeko ere."

Horrela, bada, ikertzaileek 110.000 urteko antzinatasuna ezarri diote Afrikakoa ez den Y kromosomaren leinu nagusiari, F-R izenekoari, eta hori bat dator afrikarrak ez diren Homo sapiens arkaikoaren arrastoen antzinatasunarekin. Bestalde, Y kromosomaren leinu europarren azpitalde nagusiak duela 14.000 eta 24.000 urte bitartean hasi ziren bereizten, gutxi gorabehera, eta hori bateragarria da duela 18.000 bat urte izandako glaziazioaren ondoren Europa berriz kolonizatu izanarekin.

Azterlana DNA sekuentziatzeko teknologian eta analisi teknologian izan diren aurrerapenei esker egin ahal izan zen; izan ere, aurrerapenok izan baitziren mutazioak identifikatzeko eta mutazio tasak ondorioztatzeko bidea eman zutenak. Lana hainbat herrialdetako taldeen lankidetza sendoaren emaitza izan da. Horien artean nabarmentzekoak dira Sassariko Unibertsitatea, Italiako IRGB-CNR, Sardiniako Ikasketa Aurreratuetarako, Ikerketarako eta Garapenerako Zentroa (CRS4), Michiganeko Unibertsitatea (Gonçalo Abecasis) edo Estatu Batuetako Zahartzearen Institutu Nazionala (David Schlessinger), baita, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea ere, Santos Alonsoren bitartez, berak lagundu baitu erlojua kalibratzen. Alonso Genomika Ebolutiboko taldeko ikertzaile nagusia da. Talde hori UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean Concepción de la Rúa irakasleak zuzentzen duen Antropologiako taldean sartuta dago.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: Paolo Francalacci, Laura Morelli, Andrea Angius, Riccardo Berutti, Frederic Reinier, Rossano Atzeni, Rosella Pilu,Fabio Busonero, Andrea Maschio, Ilenia Zara, Daria Sanna, Antonella Useli, Maria Francesca Urru, Marco Marcelli, Roberto Cusano, Manuela Oppo, Magdalena Zoledziewska, Maristella Pitzalis, Francesca Deidda, Eleonora Porcu, Fausto Poddie, Hyun Min Kang, Bingshan Li, Sergio Tofanelli, Santos Alonso, Mariano Dei,,Sandra Lai, Antonella Mulas, Michael B. Whalen, Sergio Uzzau, Chris Jones, David Schlessinger, Gonçalo R. Abecasis, Serena Sanna, Carlo Sidore, and Francesco Cucca

  • Artikulua: Low pass DNA sequencing of 1,200 Sardinians reconstructs European Y chromosome phylogeny

  • Argitalpena: Science, 2013, vol.341, no.6145