Breadcrumb

Agenda

Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eta Kimikarien Elkargo Ofizialaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu da tituludunak lan merkatuan sartzea sustatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/09

Esther Domínguez Pérezek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak, eta Pedro María Alonso Muñozek, Euskadiko, Burgosko eta Errioxako Kimikarien Elkargo Ofizialeko dekanoak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute; horren bidez, bi erakundeen arteko lankidetza estuagoa izango da, eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean ematen diren graduetako tituludunak laneratzeko prestakuntza hobetzea bultzatuko da, baita tituludunak lan merkatuan sartzea ere.

5 urteko indarraldia izango duen hitzarmen honen helburua honetan datza: ikasleek enpresetan praktikak egitea, enpresentzat interesgarriak diren eta ikasleek prestakuntza jaso duten arloetan. Ikasleek curriculum barneko zein curriculumetik kanpoko praktikak egin ahal izango dituzte.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak 9 gradu titulazio eskaintzen ditu orain, eta titulazio horiek 60 jakintza arlo zientifiko-tekniko baino gehiago biltzen dituzte. Irakaskuntza eskaintzak barne hartzen ditu, alde batetik, zientzia naturaletako bost adar klasikoak: Biologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika, eta, bestetik, beste lau titulazio, jakintza zientifikoa eta garapen teknologikoa hobeto integratzeko aukera ematen dutenak: Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Ingeniaritza Elektronikoa eta Ingeniaritza Kimikoa. Bestalde, Ikastegiko graduondoko eskaintzak 15 master biltzen ditu gaur egun, dagozkien graduondoko programa ofizialen baitan. Eskaintza honek Euskal Herriko erreferentzia garrantzitsuenetakoa bihurtzen du Zientzia eta Teknologia Fakultatea gure gizarteko erronka nagusietakoren batean (hots, teknologia berrien garapena, garapen iraunkorra, ingurumenaren babesa, etab.) funtsezko eginkizuna izan dezaketen profesionalen prestakuntzari dagokionez.

Euskadiko, Burgosko eta Errioxako Kimikarien Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, lanbidearen ordezkari izatea eta jarduera profesionala erraztea helburutzat dituena. Elkargoaren jarduera antolatzen du, proiektuak ikus-onesten ditu, baita balorazioak, txostenak, adituen txostenak eta bazkideen lan profesionalak bideratu ere. Era berean, elkargoko kideen prestakuntza eta hobekuntza tekniko edo profesionalerako etengabeko prestakuntza jarduerak, biltzarrak eta ikastaroak burutzen ditu.