Breadcrumb

Agenda

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ADIERAZPENA

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/19

Bilboko Zigor Arloko Epaitegiak Xabier Aierdi eta Enrique Antolín UPV/EHUko irakasleak absolbitzeko emandako epaia ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak adierazi nahi du berri pozgarria dela eta zorionak eman nahi dizkie erakunde honetako bi irakasleoi.

Absoluzio epai hau urrats guztiz garrantzitsua da bide luzea egin duen polemika honetan, unibertsitatea bere jardun akademikoan arauz kanpo aritu izan dela sinestarazi nahi izan baitigute. Akusazioen ondorioz, 2005ean diligentziak ireki ziren: 500 espediente akademiko baino gehiago aztertu dituzte, 36 lagun joan dira deklaratzera (administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasle eta ikertzaileak eta kargu akademikoak, besteak beste, errektoreak, dekanoak eta dekanordeak) prebarikazioagatik eta agiriak faltsutzeagatik inputatuta egon direlako, eta hemezortzi lagun agertu behar izan dira epaitegian lekuko moduan. Horrek guztiorrek, 5.000 folioko espedientea osatu du.

UPV/EHUk hainbat txosten bidali zituen azalduz zein zen matrikularako araudia, ikasleen ebaluaziorako sistema, aktak sinatzeko prozedura eta arlo horietan egindako aldaketak, eta ikasleen eskubideak deialdietara aurkezteko. Horren guztiaren arabera, espedienteetako batean ere ez zen legez kontrako jardunik antzeman, ez matrikulako prozeduran, ez ebaluazioan. Ebaluazioaren eta aktak sinatzearen ardura zutenen kontrako akusazio guztiak, deportatuen kasuetakoak barne, artxibatu egin ziren. Konstituzio Auzitegiak berak ontzat eman zuen Presondegietan diren Pertsonei buruzko UPV/EHUren Protokoloa.

Irakasle bi horien kontrako prebarikazio akusazioak baino ez zuen egin aurrera, nahiz eta bi irakasleok ez zuten erantzukizunik bi ikasle deportatuen matrikula eta ebaluazio prozesuetan.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Gobernu Kontseiluaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren bidez, behin eta berriro adierazi du bi irakasleak beren eginkizunak betetzera mugatu zirela eta talde horretako ikasleek zerbitzu publikoaren bidez goi mailako hezkuntza izateko eskubidea bermatzeko egin zutela lan, erakundearen beraren jardunaren barruan. Bestalde, elkartasuna adierazteko mugimendu zabala sortu zen, unibertsitateko irakasleek bultzatua, eta 1.100 sinaduratik gora bildu zituzten inputatuen alde agertzeko. Sinatutako adierazpen horretan adierazten zen, besteak beste, inputatutako bi irakasle horien egoera berean egon zitekeela UPV/EHUko beste edozein irakasle, zergatik eta bere eginkizunak betetzeagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateak berriro ere adierazi nahi du guztiz pozgarria dela epaia, jasota uzten baitu irakasle biek zuzen jokatu dutela irakasle legez duten lana betetzen, eta unibertsitatea bera ere zuzen aritu dela.