Breadcrumb

Agenda

Euskadiko hiriguneetako ingurumen-kutsaduraren mailak aurresateko eredu bat ezarri dute

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/04

Irudia

UPV/EHUko Ingurumen Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoak (TQSA) ikerketa-taldeak kutsatzaileak saihesteko, kontrolatzeko eta arazteko ezagutza eta teknologiak garatzen ditu, eta Euskadiko hiriguneetako ingurumen-kutsaduraren mailak aurresateko eredu bat garatu du oraingoan. Sistema horri esker, aurresan ahal izango da autonomia-erkidegoko hirietako kutsatzaileen kontzentrazioa (metal astunak, partikula finak eta konposatu aromatikoak).

Eusko Jaurlaritzako zenbait sailekin lankidetzan garatu da iragarpen eredua, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko lantalde horrek ingurumen-osasunaren arloan eginiko ikerketaren emaitza. Ikerketa-ildo horrek kutsatzaileak saihesteko eta kontrolatzeko irtenbideak bilatzen ditu, hiritarrek arnasten duten airearen eta kontsumitzen duten uraren kalitatea hobetzeko.

Ereduari bide eman dion proiektuaren izena hauxe da: "Euskadiko hiri-inguruneetako kutsatzaile atmosferiko desberdinak zehaztea". Helburuak, berriz, hauek zituen: pertsonak atmosferako partikula finen eraginpean egotearen batez besteko adierazle bat zehaztea, hiriko aire-partikulek dituzten metal astunen mailak zehaztea eta Euskadiko hiriguneetako airearen kutsadura ebaluatzea hidrokarburo aromatiko poliziklikoei dagokienez.

2007tik 2010era bitartean partikula finen, eta haietan metatutako metal astunen eta inguruneko aireko konposatu aromatikoen mailei dagokienez erregistratutako datu historikoekin, eredu bat ezarri da, 2011. urteko eguneroko datuekin baliozkotua. Eredu horri esker, hiriguneetan konposatu horien ingurumen-kutsaduraren mailak zenbatekoak diren aurresan daiteke, horren araberako jarduera-politikak finkatzeko.

TQSA taldeko zuzendari Juan Ramón González Velasco irakaslea buru duen ikerketa-lan honek 2013ko Euskoiker saria jaso du Zientzia Esperimental eta Naturalen arloan, eta, horrela, enpresa eta erakundeekin eginiko proiektuak aintzatetsi dira. Hain zuzen ere, González Velasco irakasleak harreman estuago bat aldarrikatu izan du beti esparru horretan.

Aztertutako kutsatzaileek osasunean dituzten ondorioak
Pertsonek arnasten dituzten partikulek, funtsean, ezaugarri fisiko eta kimikoen eta haien ahalmen toxikologikoaren araberako ondorioak eragiten dituzte. Konposatu disolbagarriak dituzten partikulak arnasten baditugu, ehun bigunek xurga ditzakete, bertan pilatu eta ondorio kaltegarriak eraginez. Partikula inhalagarritzat hartzen da 15 mikra (0,015 mm) baino txikiagoa dena. Horrela, ariketa eginez eta ahotik arnasa hartuz, partikula-frakzio hori aire hodietan eta arnas sistemako gas-trukaguneetan meta daiteke. Bereziki arriskutsuak izaten dira 0,003 mm baino txikiagoak diren partikulak, arnas trakturaino irits baitaitezke.

Metal-emisioen eraginpean jartzea, gehienbat, zirkulazio-sektoretik dator. Hirietan hain nabarmena den ibilgailu-kopuruaren hazkundeak bide-zoruaren gainean metalak pilatzea dakar, balazten, pneumatikoen, diskoen eta zoruaren beraren urraketarekin. Metalen kutsadura osasunerako kaltegarriak diren ondorioekin lotu da; bereziki, arnas gaixotasunekin. Beraz, kontuan hartu behar da kutsadurari buruzko hiri-politiketan.