Breadcrumb

Agenda

Gizartea demokratikoa bilakatzeko behar diren baldintzak aztertu dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/17

Irudia

Demokrazia batek denboran zehar irauteko izan behar dituen kondizioak aztertu ditu Jule Goikoetxea UPV/EHUko Zientzia Politikoen Saileko ikertzaileak.

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da Goikoetxea. Europan gertatzen ari diren aldaketak ikusita,Goikoetxeak jakin nahi izan zuen "zerkondizio behar dituen herri batek demokrazia bat sortzeko edo demokrazia gisa irauteko". Nationalities Papers aldizkari espezializatuan argitaratu du ikerketa.

Goikoetxearen ustez, nazioa eta demosa ez dira gauza bera: "Talde batek subjektu politiko izateko duen borondatea da nazioa, sozialki eta historikoki eratua. Demosak, berriz, borondate hori hezurmamitzeko moduari egiten dio erreferentzia. Izan ere, nazio batek sistema politiko asko izan ditzake, ez du zertan demokrazia bat izan. Demokratizazio-prozesuetan, ordea, nazioak demos bilakatzen dira, beren burua gobernatzen duten giza talde bihurtzen baitira" azaldu du Goikoetxeak, zeinak Cambridgeko Unibertsitatean egin baitzuen ikerketa -han egin zituen Zientzia Politikoko ikasketak ere-.

Bereizketa hori argi utzita, Goikoetxeak gehitu du demosak bi dimentsio dituela: objektiboa eta subjektiboa. Dimentsio subjektiboa herriak komunean dituen identitate, interes eta usteei dagokie. Herritarrek uste, identitate eta interes horiek komunean izateko eta denboran irauteko, demosaren dimentsio objektiboa behar dute, hau da, estatu-erakunde publikoak; izan ere, horiek dira ahalmen politiko handiena duten egitura objektiboak (hau da, instituzionalizatuak) eta ezin dugu ahaztu botere politikoak errealitate soziala sortzen duela, eta, beraz, hura dela berdintasun sozioekonomiko eta politikoa hezurmamitu dezakeena. Azken hori da prozesu demokratizatzaileen oinarri eta helburua.

Euskal Herriaren kasua

Hala, euskal demokrazia posible izateko, bi aldagai jotzen ditu beharrezkotzat Goikoetxeak: batetik, euskal estatu-erakundeek populazioa kontrolatzeko boterea edo ahalmen politikoa izatea, eta, bestetik, erakunde horiek gai izatea euskal gizartearen eskakizunak eta lehentasunak barneratzeko.

Goikoetxeak birsorketari buruz hitz egiten du, demokrazia existitzen delako Europan, eta, beraz, euskal demosaren sortze-prozesua ez litzatekeelako zerotik hasiko; "horregatik diot birsorketa dela, nahiz eta berriro sortzean beti agertzen diren elementu berriak", argitu du. Eta zehaztu du: "Denboran eta espazioan nola iraungo lukeen azalduko luke birsorketaren kontzeptuak. Azken finean, politikan garrantzitsuena ez da sortzea, baizik eta irautea".

Bestalde, protesta sozialari ere garrantzia ematen dio demosa birsortzeko prozesuan. Izan ere, Goikoetxearen esanean, "demokratizazio-prozesu bat gertatzeko, nahitaezkoa da euskal estatu-erakundeen eta euskal gizartearen arteko dinamika jakin bat. Zergatik? Demokrazian, erakundeek hezurmamitzen dituztelako gizartearen eskakizunak; baina, horretarako, gizarte antolatu bat behar da. Eta gizarte antolatu bat da protestak egiten dituen gizarte bat; horien bidez, eragile sozialek gizartearen eskakizunak artikulatzen dituzte. Protestarik gabe, gizartea ez da gai eskakizunak esplizitatzeko".

Alde horretatik, Goikoetxeak ikuspegi ezkorra du Europako demokraziaren egungo egoeraz. Hark dioenez, mugimendu sozialek, sindikatuek eta alderdi politikoek ez badute lortzen gizartearen eskakizunak artikulatzea, lobby-ek hartzen dute haien lekua. "Horrenbestez, protestak edo mobilizazioak beharrezkoak dira demokratizazioa gerta dadin;bestela, erakundeek lobby-en eskaerei erantzuten diete, eta ez gizartearen eskaerei. Dinamika horretan bakarrik gerta daiteke demokratizazioa".

Goikoetxearen iritziz, ordea, krisia hasi denetik lobby-ek hartu dute boterea: "Elite ekonomikoaren aginduetara daude erakundeak Europa osoan, eta orain horren ondorioak ari gara jasaten. Gainera, ondorioak oso larriakdira. Ez gara demokrazian sakontzen ari; alderantziz, atzera egiten ari gara: desdemokratizazio-prozesu batean gaude bete-betean. Eta Euskal Herriaren egoera are okerragoa da, gure eskaerei erantzun beharko lieketen erakundeak espainiar eta frantziar gobernu zentralen menpe daudelako, eta gobernuok ez dituzte errespetatzen, ez euskal erakundeak, ez euskal herritarren eskakizunak".

Egileari buruz

Jule Goikoetxea Filosofian doktorea da (UPV/EHU), Cambridgen egin zituen Zientzia Politikoko ikasketak (2009), eta King's Collegen jardun du ikertzaile moduan ordudanik. Kanadako Queen's Unibertsitatean eta Eskoziako Edinburgoko Unibertsitatean ere egin du lan azken urteetan, euskal demokratizazioaren eta euskal demosaren birsorketaren gainean ikertzen. Iazko urritik Euskal Herriko Unibertsitatean da irakasle Zientzia Politikoen Sailean, eta ikerketa-ildo hauek ditu: demokratizazio-prozesuak, nazionalismoaren teoria, estatu-teoria, gobernantza eta feminismoa. Bere azken ikerketak Taylor and Francis, Routledge eta Springer argitaletxeek argitaratu dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: Goikoetxea, J.

  • Artikulua: "Nation and democracy building in contemporary Europe: the reproduction of the Basque demos"

  • Argitalpena: Nationalities Papers:The Journal of Nationalism and Ethnicity. (Taylor and Francis), 42(1) (2014): 145-164

  • DOI: http://www.tandfonline.com/doi/full/10.1080/00905992.2013.830600#.UnJVgXAyLto - DOI: 10.1080 (00905992.2013/830600)