Breadcrumb

Agenda

Pankreako minbiziaren diagnosiaren berrikuspena

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/22

Irudia

Gaixotasun horren egungo markagailuei buruz dauden datuak bildu ditu UPV/EHUko talde batek.

UPV/EHUko ikertzaile-talde batek, Bartzelonako Ospitale Klinikoko ikertzaile batzuekin batera, gaur egun pankreako minbiziaren markatzaileei buruz dauden datuen berrikuspen bibliografiko bat egin du, eta Clinica Chimica Acta aldizkari espezializatuan argitaratu.

Marta Herreros Villanuevak gidatu du ikerketa, Luis Bujandak duen programa baten bitartez. Herreros eta Bujanda CIBERehd Gaixotasun Hepatiko eta Digestiboen Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroko langileak dira, Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuan. Herrerosen berrikuspen hau lan garrantzitsua da, gaixotasunaren markatzaileei buruz dagoen informazioa ordenatzen baitu.

Pankrean minbizi-mota bat baino gehiago izan daiteke, baina oro har pankreako minbizi esaten zaiona, ohikoena, pankreako adenokartzinoma duktala da. "Minbizien % 90-95 inguru pankreakoak adenokartzinomak dira", dio Marta Herrerosek, lanaren egile nagusiak.

Pankreako zelula duktalek duktu edo hodi batzuk eratzen dituzte, zeinek garraiatzen baitute pankreako beste zelula-mota batek -zelula azinarrek- ekoitzitakoa. Adenokartzinoma duktalean, zelulek ohi baino askoz duktu gehiago eratzen dituzte. Horren ondorioz sortzen dira tumoreak.

Adenokartzinoma hori ez dago minbizi-mota ohikoenen artean, baina bai hilkortasun handienekoen artean. Horren zergatikoa garbi dago ikertzaileentzat. "Pankreako minbizia beste minbizi batzuetatik desberdin egiten duena zera da, oso berandu detektatu ohi dela", dio Herrerosek. "Eta hori ez da gertatzen pankreako tumore baten zelulak bizkorrago hazten direlako beste tumore batzuenak baino, baizik eta detektatzeko ditugun tresnek ez digutelako aukerarik ematen garaizago detektatzeko".

Pentsatzen da gaixotasunak urte batzuk behar dituela garatzeko, bost-hamar urte beharbada, baina azken fasera iritsi arte ez da izaten hura diagnostikatzeko modurik.

Diagnostiko zaila

Bi zailtasun nagusi daude diagnostikoa egiteko: nekeza da pankreara iristea, eta ez dago gaixotasunaren markatzaile onik.

Batetik, barruko organo bat izanik pankrea, zaila da hartaraino iristea. "Endoskopia batekin, adibidez, erraz irits daiteke koloneko tumore batera; bularreko tumore batera ere irits daiteke, mamografia batekin, eta ikusi. Baina pankreara iristea zaila da. Horregatik, diagnostikatzen denerako berandu izaten da; ez dago teknikarik zuzenean pankreara joateko eta han zer dagoen ikusteko", dio Herrerosek.

Bestalde, ez dago egiazki markatzaile berariazko eta fidagarri bat adenokartzinoma baten presentziaren berri ematen duena. Gaur egun, diagnostikorako bide ematen duena CA19-9 deritzon markatzailea da, pankreako minbizia duten askoren odolean dagoen glikoproteina bat.
Markatzaile hori mundu osoko estandar bat da: molekula hori bilatzen dute medikuek, odol-analisietan, pankreako minbizia detektatzen saiatzeko.

"CA19-9a da munduan onartuta dagoen markatzailea. Gero, modu esperimentalean, hor dira argitaratu ditugun molekuletako batzuk, baina saiakuntza klinikoak besterik ez dira; ez da errutinetan sartzen pazienteei beste molekula horiekin ebaluazioa egitea", dio Herrerosek.

Nolanahi ere, CA19-9a ez da oso markatzaile ona, ez baita ez berariazkoa eta ez sentikorra. "Ez da oso baliagarria pankreako minbiziarentzat, zeren eta zenbait pazientek, pankreako minbizia izanik ere, ez baitute oso altu izaten baizik eta maila normaletan; beste paziente batzuek, berriz, proteina horren maila altua izanagatik ere, ez dute pankreako minbizirik, baizik eta pankreatitisa edo bestelako tumoreren bat", dio Herrerosek.

Hori dela eta, pronostikoa ez da oso zehatza izaten, eta CA19-9 markatzailearen analisiaren bitartezko diagnostikoa berandu etortzen da askotan.

Horregatik da ezinbestekoa gaixotasunaren diagnostikorako beste markatzaile batzuk bilatzea. "Horretan ari gara", dio Herrerosek. "Baina oso zaila da, eta ez dago analizatzeko lagin edo paziente askorik, minbizi hori oso hilkorra delako, paziente asko ez direlako operatzen, eta, ondorioz, minbizi-ehunaren lagin askorik ez dugulako lortzen. Gainera, orain arte diru askorik ere ez da izan gaixotasun hori ikertzeko".

Marta Herreros Villanueva

Leongo Unibertsitatean egin zuen karrera. Tesia, berriz, Leongo IBIOMED Biomedikuntza Institutuan. Gero, Burgosko Ospitaleko ikertzailea izan zen, eta horren ondotik hasi zuen UPV/EHUko kontratua. Gaur egun, kontratu horri esker, doktoretza ondoko ikerketa-lana egiten jarraitu ahal izan du Rochesterko Mayo Klinikan (Minnesota, Estatu Batuak).