Breadcrumb

Agenda

Donostia, magnetismoaren eta material magnetikoen arloko nazioarteko adituen bilgune

Lehenengo argitaratze data: 2013/08/09

DICNMA 2013 CONFERENCE

Donostiako Miramar Jauregiak magnetismoaren eta material magnetikoen arloan izenik handiena duten nazioarteko adituak hartuko ditu 'Donostia International Conference on Nanoscaled Magnetism and Applications (DICNMA)' izeneko biltzarrean. Biltzarra irailaren 9tik 13ra egingo da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan.

Biltzarraren antolatzaileek, entzute aitortua duten Arkady Zhukov eta Julián González UPV/EHUko Materialen Fisika Saileko ikertzaileek, eskarmentu handia eta egiaztatua dute magnetismoarekin lotutako nazioarteko ekitaldiak Euskal Herrian antolatzen. Horien artean nabarmentzekoak dira 'Third Joint European Magnetic Symposia' (JEMS 2006) izenekoa, 800 hizlaritik gora bildu zituena, eta RTNSA, 2011n Ordizian egin zena. Biltzarrak hainbat erakunderen babesa du, hala nola, San Sebastián Convention Bureau enpresarena, Euskal Herriko Unibertsitatearena eta European Physics Society (EPS) elkartearena.

DICNMAn magnetismoarekin eta bere aplikazioekin lotutako hainbat gai landuko dira. Nazioartean gai horietan adituak direnek ezagutza sortu eta trukatzeko ingurune apropos bat izatea da asmoa. Etortzekoak diren 300 bat parte hartzaileen artean, izen handiko hainbat ikertzaile daude, hala nola, Albert Fert (2007ko Fisikako Nobel sariduna), Stuart Parkin (Silicon Valleyn - San José, Kalifornia, AEB - kokatutako IBMren zentro ospetsukoa), Burkard Hillebrand (Kaiserlauterngo Unibertsitatekoa - Alemania -, 2008an magnetismoari buruzko argitalpenetan gehien aipatutako ikertzailea), Caroline Ross (MIT - Boston, AEB -), Sergej Demokritov (Munstergo Unibertsitatea - Alemania -), Sebastian Faehler (IFW Dresden - Alemania -), Ron Goldfarb (NIST - Colorado, AEB -) eta Rudolf Schaefer (IFW Dresden - Alemania-).

Labur esanda, DICNMA Conference biltzarrak aukera paregabea eskainiko du mundu mailan punta-puntakoenetakoa den arloetako batean, hain zuzen, nanomagnetismoan, egin diren aurrerapenik garrantzitsuenak ezagutzeko eta arlo horretako izen handiko ikertzaileekin lankidetza ezarri eta finkatzeko.