Agenda

Osasunerako eta gorputz-pisurako dieta onenaren bila

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/30

Irudia

Dietak pertsonen gorputz-pisuan eta osasunean duen eragina aztertzen ari da UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea. Taldeak ikerketa ugari egin ditu, eta haien artean, PREDIMED proiektuan izan duen partaidetza nabarmendu behar da. Horri esker, jakin ahal izan da dieta mediterraneoak sistema kardiobaskularrean duen eragina are handiagoa dela gantz gutxiko dieta batena baino. Orain, taldeak beste urrats bat eman behar du, eta kaloria gutxiko dieta mediterraneoak, ariketa fisikoarekin konbinatuta, ematen dituen emaitzak aztertzeko prestatzen ari da. PREDIMED PLUS proiektua da, eta emaitza garrantzitsuak espero dituzte.

María del Puy Portillo Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaile nagusiaren arabera, taldeak ikerketa-ibilbide luzea du eremu horretan. Hasiera-hasieratik, obesitatearen ikerketan jarri dute arreta. "Esate baterako, ikertzen dugu zer asaldu metaboliko dituzten pertsona obesoek, nola erantzuten duen pertsona obesoen organismoak dieta-motaren arabera (makronutriente-banaketa desberdineko dietak, iturri lipidiko desberdinetakoak eta abar).

Era horretako ikerketen artean, PREDIMED proiektuan duten partaidetza nabarmendu du, "estatu mailan egin delako eta izan duen nazioarteko oihartzunagatik", azpimarratu du Portillok. "Carlos III.a Institutuko ikertzaile-sare bateko partaideak gara. Anbizio handiko ikerketa izan da, iraupen handikoa (5 urte), eta parte-hartzaile boluntario asko izan ditu (5.000 baino gehiago)". Ikerketan, bi dieta-motak osasun kardiobaskularrean duten eragina aztertu zuten: "gantz gutxiko dieta zen bata, Estatu Batuetan gomendatzen dutenaren modukoa, eta dieta mediterraneoa, bestea, zeinak gantz-eduki gehiago baitu baina baita gantz monoaseen eta poliasegabeen proportzio handia ere".

Hala, bada, ikusi zuten dieta mediterraneoak eragin kardiobabesle handiagoa duela gantz gutxiko dieta batek baino. Emaitzak New England Journal of Medicine aldizkari ospetsuan argitaratu ziren, eta haiek ekarri dute PREDIMED PLUS ikerketa martxan jartzea, zeinaren helburua baita kaloria gutxiko dieta mediterraneoak, ariketa fisikoarekin konbinatuta, ematen dituen emaitzak aztertzea. Portillok azterketaren xehetasun gehiago eman ditu: "Zehazki, pertsona obesoekin egingo da, eta osasun kardiobaskularrean, pisu-galeran eta galdutako pisua mantentzean duen eragina aztertuko da".

Kontuan izanik argaltzeko ohiko dietak uztearen arrazoietako bat gantz gutxiko dietek duten palatabilitate txarra dela, Portillok uste du azterketa berriaren emaitzak oso positiboak izan daitezkeela. "Arabako Unibertsitate Ospitaleko (Txagorritxuko egoitza) Kardiologia zerbitzuko Prebentzio Kardiobaskularra eta Bizimodua taldearekin lankidetzan jardungo dugu, Fernando Aros doktorearen gidaritzapean. Esku hartzeko ikerketan parte hartzeaz gain, nutrigenomika- eta epigenetika-azterketak egingo ditugu, eta markatzaile genetikoak bilatuko ditugu, zeinen bidez aurreikusi ahal izango baitugu paziente batek hobeto edo okerrago erantzungo dion planteatutako dietari".

Gizakietan egiten dituen azterketez gain, zelula-hazkuntzetan eta laborategiko animalietan ikerketa preklinikoa egiten du UPV/EHUko taldeak. "Azterketa horietan, molekula bioaktiboen jardunbide-mekanismoa ikertzen dugu. Elikagaietan dauden molekulak dira; ez dira nutrienteak, baina eragin onuragarria dute osasunean. Osagai funtzionalak izan daitezke, beraz", azaldu du Portillok. Erresberatrola eta kertzetina -frutetan eta barazkietan daude biak- molekula bioaktiboak dira, eta emaitza onak eman dituzte Nutrizioa eta Obesitatea taldeak egindako ikerketa preklinikoetan.

Frutak eta barazkiak jaten gozatzen ikasi

UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldearen beste proiektu nagusietako bat da Gasteizko Udalarekin batera egindako programa haur-populazioan fruten eta barazkien kontsumoa sustatzeko.

Programa 6-12 urteko haurrentzat da, eta UPV/EHUko Farmazia Fakultateko hainbat jakintza-alorretako espezialisten talde batek diseinatu du. Bittor Rodríguez Nutrizio eta Obesitatea taldeko ikertzailearen gidaritzapean aritu dira dietista-nutrizionistak, analisi sentsorialeko espezialistak eta soziologo bat.

Portaera-aldaketari buruzko teorietan oinarriturik, hiru tailer (sentsoriala, nutrizionala eta gastronomikoa) eta bi jarduera (fruta erostea eta fruta gosaltzea familiarekin) jarri dira martxan, beste jolas eta proposamen interesgarrirekin batera. Berritasun gisa aipatu behar dira, batetik, lanaren ikuspuntu berritzailea (trebetasun sentsorialak, dietetikoak eta sukaldaritzakoak lantzea) eta haurren hezkuntzan parte hartzen duten eragile garrantzitsuak (irakasleak, gurasoak eta ingurunea), eta, bestetik, unibertsitateko adituen parte-hartzea.

Programa ekainean amaituko da, baina aurretiazko emaitzak jada baikorrak dira. Izan ere, % 80k bereganatu ditu landu diren mezu nutrizional, sentsorial eta sukaldaritzakoak, eta % 70ek dio fruta gehiago jan nahi duela, eta % 60k barazki gehiago, baita -bi kasuetan- tailerra egin aurretik ezagutzen ez zituen motak ere.

Datu osagarriak

Taldeak 20 urte daramatza obesitatearekin loturiko gaiak lantzen, nahiz eta hasiera hartan gaur egun baino kide gutxiago ziren. 2003an onartu zuten UPV/EHUko ikerketa-talde finkotu gisa, eta 2012an euskal osasun-sistemako ikerketa-talde izatera pasatu zen (A kategoria) Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin.

Bestetik, 2011n, "Tresna terapeutikoak garatzeko unitatea: nanoteknologia, zahartzea eta bizi-kalitatea (ELDUNANOTEK)" deritzon UFI11/32 unitatean sartu zen. UFI horiek UPV/EHUk sortutako Trebakuntza eta Ikerketa Unitateak dira .

Taldeko kideak: 8 irakasle-ikertzaile doktore, 4 ikertzaile kontratatu (CIBERobn-eko bat, UPV/EHUko bi eta proiektuaren kargura dagoen beste bat), doktore-tesia egiten ari den FPI bekadun bat, doktore-tesia egiten ari den Eusko Jaurlaritzako bekadun bat, doktore-tesia egiten ari den UPV/EHUko bekadun bat eta doktore-tesia egiten ari den CONACITeko bekadun bat (Mexiko).