Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUk Euskara Plan Gidari berria onartu du

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/23

2017ra arte luzatuko den egitasmoak beren jardunean herritarrak euskaraz edo gaztelaniaz eroso sentitzea du helburu.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan, abenduak 19an egin zena, onartu zen2013-2017 UPV/EHUko Euskara Plan Gidaria. Egitasmo horrek, besteak beste, beren jardunean unibertsitateko kideak euskaraz edo gaztelaniaz eroso senti daitezen du helburu. "Bi komunitate linguistikoentzat gustukoa izango den unibertsitatea sustatu nahi du planak, eta bakoitzak egiten duen hizkuntza-aukera oztopo ez izatea unibertsitateko talde desberdinek beren eginkizunak betetzeko orduan, irakaskuntzan, administrazioan nahiz ikerketa-arloan", esan du UPV/EHUko Euskararen arloko Xabier Etxaniz errektoreordeak.

Azken urteetan UPV/EHUn aldaketa asko eman dira: gradu eta graduondoko ikasketak Europako markora moldatu dira, nazioarteratze prozesu batean murgildu da, ikerketaren arloan aurrerapen handiak egin dira eta gizarteko esparru gehiagotan nabari da Unibertsitatearen eragina. Arlo horietan guztietan, Unibertsitateak aurrera egin du, bai eta euskararen presentziak ere.

UPV/EHU elebidun bat lortze aldera, neurri garrantzitsuak hartu ditu Unibertsitateak aurreko urteetan, batetik, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta irakasle eta ikertzaileak euskalduntzeko prozesuak jarri ditu abian; eta, bestetik, publikazioak, irakaskuntzarako materialak, zientzia produkzioa eta tesiak euskaraz izan daitezen lan eskerga egin du.
Euskarazko eskaintzari dagokionez, honako helburu hauek ezarri ziren, besteak beste, 2007-2012 Euskara Plan Gidarian: graduetan kredituen %79,5 euskaraz eskaintzea (2013ko udazkenean, kredituen %80,9 eskaintzen dira euskaraz; graduondoko ikasketetan, euskararen presentzia bermatzeko, 2013ko amaieran, 540 kreditu euskaraz ematea (une honetan, 766 kreditu eskaintzen dira). Irakasle-ikertzaileei dagokienez, lehen helburua irakasleen %47 elebidun izatea lortzea zen (une honetan, helburua lortu da), eta irakasle elebidunen artean, helburutzat %64 doktore izatea jarri zen (eta une honetan irakasle elebidunen % 75 da doktore).

"Ikusten denez, aurreko planean jarritako helburuen betetze maila oso altua izan da, %98an betez. Irakasle, material sorkuntzan, itzulpengintzan, graduondoko eskaintza, trebakuntza eta abarretan helburu guztiak betez. Irakaseskaintzan, berriz, ia helburu guztiak bete dira, eta bete ez diren kasuetan (aurreikusitakoaren %10ean edo) ikasle edo irakasle faltagatik izan da", argitu du Etxanizek.

Euskara batzordeak

Arestian aipatutako bide bertsutik jarraituko duen arren, berrikuntzak ere badakartza UPV/EHUren 2. Euskara Plan Gidaria izango denak. Hartara, Eskola eta Fakultateetako euskara batzordeen lana sustatuko da euskararen erabilera bultzatzeko. "Euskara Batzorde dinamiko eta ahaldunak beharrezkoak dira azpitik gora ere euskararen erabilera sustatzeko", adierazi du Etxanizek. Helburu horiek lortzeko, Euskara erretoreordetzaren ustez, beharrezkoa da hiru campusetako erakunde ordezkarien lidergoa; hots, zentroetako zuzendaritza taldekoek nahiz sail edo ikastegietako ordezkariek, eredu eta erreferente izan behar dute. "Baina lidergo hori partekatu egin behar da, euskara zeharkakotasunez landuz irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasleen artean ere. Horregatik, euskarak aurrera egingo badu, unibertsitatean bertako ordezkarien konpromisoa eskatzen du, baina baita UPV/EHUko partaide guztiona ere", argitu du errektoreordeak.

Bestetik, Gobernu Kontseiluan onartu den plan berrian agertzen diren helburuen artean aipatzekoak dira: Administrazio eta Zerbitzuetako langileen arloan lanpostuen derrigortasun data %65-70 bitartera igoko da, eta esfortzu berezia egingo da jendaurrean dauden postuetan. Horrez gain, maila eta zerbitzu guztietan lanpostuen euskalduntzearekin jarraituko da. Irakasle eta ikertzaileen arloan, aldiz, dedikazio osoko langile %52tik gora elebiduna izatea espero da, eta hauetatik %80 doktore.