Agenda

UPV/EHUko ikerlan batek DSM-5 eskuliburuko nortasun nahasteak ebaluatzeko tresna berriak balioetsi ditu

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/27

Irudia

"Diagnostikoak egiterakoan sendagileek zehaztasun handiagoa izango dutela suposatuko du berrikuntzak", baieztatu du Naiara Ozamiz ikertzaileak. .

DSM-ak (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders, euskaraz Nahaste Mentalen Diagnostikorako eta Estatistikarako Eskuliburua), buruko gaitzak sailkatzen dituen lanak, 60 urte ditu, eta mundu osoko psikiatrek eta psikologoek jarraitzen dituzte bertako irizpideak. Azken edizioak, bosgarrenak, kritika asko jaso ditu bere garapenean zehar. Horiek horrela, mundu guztiko psikiatrak eta psikologoak sailkapenaren zain egon dira, eta iragan maiatzean Estatu Batuetan argitaratu zenean denetariko iritziak sortu zituen.

Eskuliburu berri horretako hirugarren atalean (ikertzeke geratu diren gaien atalean, hain zuzen) agertzen diren nortasun nahasteak neurtzeko tresna horiek DSM-4koak baino erabilgarriagoak, ulergarriagoak eta baliozkotasun handiagokoak direla ondorioztatu du UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Neurozientziak saileko Naiara Ozamizek aurkeztu berri duen tesiak: Nortasun nahastea duten pazienteen ebaluazio tresnen itzulpena eta aplikazioa: DSM-5eko irizpideekin Euskal Autonomia Erkidegoan egindako ikerketa bat. kategoriak 1etik 5erako eskala batean neurtzen dira eta gaixo horren nortasun ezaugarri desberdinak eta gizartean duen funtzionamendu maila kontutan hartzen dira...).

"Nortasun nahasteei dagokienez, eredu kategoriko batetik (obsesibo konpultsiboa, antisoziala, nartzizista, eskizoidea, eskizotipikoa, saiheskorra, borderlinea, histrionikoa, dependientea edo paranoidea bezala definitzea gaixoa) dimentsionaltasun eredu batera pasatu nahi izan da eskuliburuaren edizio berri honekin (kategoriak batetik bosterako eskala batean neurtzen dira eta gaixo horren nortasun ezaugarri desberdinak eta gizartean duen funtzionamendu maila kontutan hartzen dira). Aldaketa horrek erresistentzia asko ekarri ditu, modu kategoriko batean diagnostikatzera ohituta gaudelako. Baina esparru honetan gabiltzan guztiok badakigu diagnostiko bera duten bi paziente ez direla berdinak. Hots, batzuk larriagoak dira, beste batzuk baino; batzuek ezaugarri konkretu zehatzak izango dituzte, eta aldamenekoak beste batzuk. Hori izango litzateke nortasun nahasteen berformulazio honen alde ona. Hau da, adituak (sendagileak, psikiatrak edo psikologoak, besteak beste) espezifikotasun gehiago izango lukeela nortasun nahasteak diagnostikatzerako orduan", uste du Ozamizek.

Tresnak euskaraz

Amerikako Psikologiaren Elkarteak, ingelesez American Psychological Association (APA), gidatu duen DSM 5aren sorkuntza prozesu horrek, arestian adierazi legez, hautsak harrotu ditu psikiatriaren eta psikologiaren esparruan. Alde ala kontra, zuria ala beltza, erdibiderik gabe.

Hartara, APAk web orri bat irekita izan du mundu osoko adituentzako, sortze prozesuan eskuliburu berrian agertuko ziren aldaketen berri izan dezaten, eta munduko herrialde desberdinetan landa ikerketak egin ditzaten, tresna berriak balioetsi aldera. Jasotako kritika eta iradokizun guztiek DSM 5a "sendotzen" lagundu dute UPV/EHUko ikerlariaren aburuz. "Lehenengo DSMa 1952an publikatu zenetik, beste bost errebisio egin dira. Eta horietan nahaste mentalak gehitu edo kendu dira, garai bakoitzean egon diren beharren eta ezagutzaren arabera. Eta horrela jarraitu beharko duela deritzot, aurrerapen zientifikoek eta egunerokotasuneko beharrek hau galdatzen baitute", argitu du.

Aipagarria da Ozamizen ikerlanaren beste ezaugarri bat ere: euskarara itzuli du ingelesetik DSM 5eko Nortasun Nahastea duten pazienteen ebaluazio tresna. "Nire iritziz psikiatriako tresnak euskarara gehiago itzuli beharko lirateke. Mediku, psikiatra edo psikologo eta paziente harremanean, hizkuntza ulertze tresna garrantzitsua da, eta eragin handia dauka diagnostiko eta tratamendu on bat egiterako orduan. Gaixo dagoen euskaldun batek euskaraz arreta jasotzea beharrezkoa ikusten dut komunikaziorako eta, ondorioz, bere sintomen ulermenerako. Horiek horrela, euskaraz arreta klinikoa jasotzeko eskubidea daukagula deritzot".