Breadcrumb

Agenda

Ariketa fisikoa osteoporosiaren aurka

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/06

Irudia

UPV/EHUko irakasle Montserrat Oterok ondorioztatu duenez, funtsezko materialak erabiliz egindako ariketa fisikoak muskulu-indarra eta oreka hobetzea dakar osteoporosia pairatzen duten emakumeengan.

Montserrat Otero UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako doktorea da, eta, oso funtsezko eta bakunak diren materialetan oinarrituta, ariketa fisikoa egiteko programa bat diseinatu du, nabarmen indartzen dituena menopausia osteko osteoporosia pairatzen duten emakumeen goiko eta beheko gorputz-adarrak indartu, haien oreka estatiko eta dinamikoa hobetzeaz gain.

Osteoporosia hezur-egituraren nahasmendua da, hezurren erresistentziaren alterazioa duena ezaugarri. Horren erruz, hausturak izateko arriskua areagotu egiten da. Emakumeen kasuan, behin 35 urteak igarota, joera naturala hezurra galtzea da, bizitzan lehen aldiz. Gainera, menopausiaren ostean, galera hori bizkortu egin daiteke.

Osteoporosiaren ondorioz, hezur-masa pixkanaka galtzen da eta ez du minik eragiten. Hori da, hain zuzen, gaixotasun horren diagnosia egiteko arazo nagusietako bat. Hezurra oso hauskor bilakatzen da. Horren ondorioz, traumatismo txikienek ere haustura eragin dezakete. Hori dela eta, hausturaren bat izan arte pertsona gehienek ez dute jakiten hezurrak ahul dituztela. Une horretan, gaixotasunaren eraginez hezurra itxuragabetu egiten da, mina agertzen da eta bestelako alterazio kroniko batzuk azaleratzen dira.

Ariketa fisikoa egitearen eraginak
Gobernuetako entitateek osteoporosiaren aurkako borrokan hainbat esku-hartze sustatzen dituzte. Horietako bat da ariketa fisikoaren bidez erorikoak izateko arriskua saihestea, ebidentzia zientifikoak berresten duen bezala.

Haatik, alderdi ekonomikoa izaten da entitateek halako pertsonei zuzendutako ariketa fisikorako programak gaitzerakoan izaten duten eragozpen nagusietako bat. Badira oso funtsezkoak diren materialak erabiliz hobekuntza nabarmenak lortu izana estatistikoki erakusten duten ikerketak. Horrela, ez dago premiarik puntako makinak erabiltzeko, sarritan eskuraezinak kostu ekonomiko handia izateagatik. Hori da, hain zuzen, Montserrat Oteroren doktorego-tesiaren helburua, hots, funtsezko materialetan oinarritutako (areaz, puxtarriz eta harriz beteriko botilak, sokak, aulkiak, etab.) ariketa fisikorako programa batekin goiko eta beheko gorputz-adarrak indartu eta oreka estatiko eta dinamikoa hobetu egin daitekeela menopausia osteko osteoporosia pairatzen duten emakumeengan. Muskulu-indarra eta oreka hobetzea xede nagusitzat dituen ariketa fisikoak egitean datza; izan ere, egoera fisikoan muskulu-indarra eta oreka behar bezala landuta ez badaude, erorikoak izateko arrisku-faktorea areagotu egiten dela ikusi da.

Horretarako, Oterok 50 eta 72 urte bitarteko 68 emakume aztertu zituen, menopausia osteko osteoporosia pairatzen zutenak. Horietatik 34 hautatu ziren ausaz Ariketa Talderako eta beste 34 Kontrol Talderako. Ariketa Taldeko partaideek ariketa fisikorako programa bat egin zuten. Programak etengabeko ikuskapena zuen eta indarra eta oreka lantzen ziren.

Programaren iraupena sei hilabetekoa izan zen eta 60 minutuko 72 saio prestatu ziren, bakoitzean oreka lantzeko 5-8 ariketa eta indarra lantzeko 8-12 ariketa egiten zirela. Kontrol Taldeak ez zuen parte hartu ariketa fisikorako programan. Haatik, programaren aurretik eta ostean indarra eta oreka neurtzeko testak egin zituen.

Programaren hastapenean ez zen aparteko alderik hautematen bi taldeen artean, ez indarrari zegokionez, ez orekari zegokionez. Hala ere, ondoren, bi taldeen artean alde handia hauteman zen goiko eta beheko gorputz-adarren indarrari zegokionez. Oterok azaltzen duenez, "Ariketa Taldearen kasuan nabarmen hobetu zen goiko eta beheko gorputz-adarretako muskulu-indarraren errendimendua; Kontrol Taldean, ordea, bi aldaera horietan galera handia nabaritu zen". Orekari dagokionez, Ariketa Taldearen kasuan hobekuntza oso nabaria izan zen esku-hartzearen ondotik.

Oterok ondorioztatzen duenez, ariketa fisikorako programa batek hobekuntza nabariak dakartza menopausia osteko osteoporosia pairatzen duten emakumeen goiko eta beheko gorputz-adarretako muskulu-indarrean, eta oreka estatiko nahiz dinamikoan. Programa hori intentsitate baxuko indar-ariketetan eta oreka estatiko nahiz dinamikoa lantzeko ariketetan oinarritu behar da eta 6 hilabete iraun behar du, astean hirutan ordubeteko saioak eginez. Horregatik, "kostu ekonomiko handia izateagatik puntako materialak eskuratu ezin direnean, egun badakigu, haiek izan gabe ere, gaixotasun horren ondorio nagusiaren, hots, erorikoaren arrisku-faktoreak murriztu egin ditzakegula", azpimarratzen du Oterok.

Egileari buruz
Montserrat Otero (Durango, 1977) doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, eta UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Sailean egiten du lan. Doktorego-tesiaren zuzendaria Angel M. Gonzalez Suarez izan du, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultateko irakaslea.