Breadcrumb

Agenda

"Familia enpresetan gatazkak izatea saihetsezina da, eta horiek kudeatzen ikasi behar da"

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/19

Belaunaldien arteko arazoak konpontzeko bidea komunikazioa dela adierazi du Mario de Gandarillasek.

UPV/EHUk, Bilboko Merkataritza Ganberak eta CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak 2014. urterako jardueren programa abiarazi dute gaur, otsailaren 19, "Claves para generar competitividad en la empresa familiar" izenburupean. Eta familia enpresak kudeatzeko eta horiei jarraipena emateko unean bigarren belaunaldian sortu ohi den arazoa izan da lehen aztergai eta eztabaidagaia.

Aurkezpenean, besteak beste, Ganberako Familia Enpresen Batzordeburu Unai Arteche, CEBEKeko Familia Enpresaren Arloko arduradun Jesús Hermosilla, UPV/EHUko Familia Enpresaren Katedraren koordinatzaile Txomin Iturralde eta Bizkaiko Foru Aldundiko Maite Eguskizaga izan dira. Guztiek nabarmendu dute familia enpresak oso garrantzitsuak direla industria sarean (Bizkaiko enpresa guztien % 70 familia enpresak dira, eta BPGren % 65 hartzen dute); horrez gain, enpresa mota horren lehiakortasuna sustatze aldera, komunitatea prestatzeko, aholkatzeko eta indartzeko esfortzu komuna egin beharra ere nabarmendu dute.

Jarraian, lehen saioa egin dute, "Empresas Familiares de segunda generación ¿hermanos o socios?" gaitzat hartuta, eta Mario de Gandarillasek hartu du parte bertan; Gandarillas familia enpresen aholkularitzan aritzen den Hereditaseko bazkide zuzendaria da.

Tailer honetan bigarren belaunaldiko familia enpresen funtsezko ezaugarriak azaldu dituzte; horrez gain, gatazkak nola kudeatu jakinez gero, familia-enpresa-jabetza hirukote konplexua uztartzea erraz daitekeela ere azaldu dute, bai fundatzaileen tokitik, bai neba-arreben tokitik.

Ildo beretik, Gandarillasek azpimarratu du "gatazkak ezin direla ekidin, eta horregatik, gatazkak kudeatzen ikasi behar dela". Hartara, hainbat tresna ditugu eskura, baina eraginkorrena komunikazioa da, "enpresako protagonista guztien arteko elkarrizketa, alegia: hitz egitera eseri behar dira, behin eta berriz, harik eta arazoak konpondu arte". Halaber, Mario de Gandarillasek familia enpresaren fundatzailearen eginkizuna azpimarratu du, "seme-alaben autonomia potentziatu behar du, baita neba-arreben arteko harremana ere, bikotekideak ahaztu gabe, giltzarri baitira gatazkak saihestu edo konpontzeko".

Aurten 17 ekintza antolatu dira, jardunaldi, tailer eta hitzaldi formatuetan, familia enpresen fundatzaileentzat, kudeatzaileentzat, zuzendarientzat, eta familia enpresako kideentzat, baldin eta enpresen zuzendaritzako edota gobernu organoetako kide badira edo izango badira; ekintzen programak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso du.

Zehazki esateko, honako gai hauek landuko dira, besteak beste: pertsonen zuzendaritza eta kudeaketa, enpresaren profilarekin bat datorren sozietate egitura hautatzea, estrategia korporatiboa definitzeko premia enpresaren iraupena xede gisa izanik, edo enpresa zuzen eta eraginkor kudeatzeko gakoak ezagutzea.

Informazio gehiago hemen:

www.catedrafamiliar.ehu.es