Breadcrumb

Agenda

Gaur ireki dira UPV/EHUko Leioa-Erandio eremuko autobus geltoki eta aparkaleku berriak

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/02

Irudia

Autobusentzako 18 nasa eta ibilgailuak aparkatzeko 1.127 plaza lau solairutan banatuak eta doakoak eskainiko dituzte.

GAUR astelehena, irailak 2, UPV/EHUko Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio eremuko autobus geltoki berria eta aparkaleku berria ireki dira, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen aurrean kokatuta. 2013-2014 ikasturtearen hasiera ofiziala baino aste bat lehenago prest daude azpiegitura berri hauek, eta 18 nasa dituen geltoki batekin -autobusei itxaroteko eremu estaliarekin- eta 1.127 ibilgailuentzako aparkalekuarekin hornituko dute Campusa. Aparkalekua edonork erabili ahal izango du lanegunetan, goizeko 7:00etatik gaueko 10:00ak arte. Gauez, asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, erabilera mugatuta egongo da. Eta, mota bereko beste unibertsitate instalazio guztiak bezala, doakoa izango da.

Eraikin berriaren eraikitze lanek hamahiru hilabete iraun dute eta aurreikusitako epean bukatu da. Guztira, 20.219,32 metro karratuko azalera eraikia dauka. Lau solairu ditu, azkena estalkirik gabekoa. Aparkalekuaren sarrera Apia bidean egongo da kokatuta -Campusaren sarrera nagusiaren ondoan- eta irteera eraikinaren kontrako aldean, Leioa-Unbe errepidera bideratuta.

Solairu bakoitza, 6.700 metro karratutakoa, luzetarako lau kaletan zatituta dago, guztiak norabide bakarrekoak eta oinezkoentzako bide batekin alde batean. Ibilgailuak solairu batetik bestera mugitzeko arrapala bi jarri dira eraikinaren erdialdean, norabide bakarrekoak biak, bata igotzeko eta bestea jaisteko. Bestalde, oinezkoentzako lau eskailera daude -bat eraikinaren fatxada bakoitzean- eta, Apia bidera begira dagoen dorrean, igogailu bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzako.

UPV/EHUko Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio eremuko aparkaleku berria eraikitzeko lanak 2012ko uztailaren 29an hasi ziren. Lan horien ondorioz, toki horretan zegoen behin-behineko aparkalekua desagertu egin zen eta atletismo pista egokitu zen aldi baterako aparkaleku bezala. Orain, behin aparkaleku berriaren obrak bukatuta, esleipena jaso duen enpresa bera arduratuko da datozen asteetan atletismo pista bere onera ekartzeaz, kontratuaren klausuletan batzen den bezala. Halaber, irailaren erdialderako prest egongo dira parkingaren inguruan dauden beste 118 aparkaleku. Kanpoko plaza horietara oinezkoentzako bi zubi erabili ahal izango dira.

Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, adierazi duenez, "azpiegitura berri honekin garraio publikoa hobetzen lagunduko dugu, autobusentzako geltoki berri bat eta itxaroteko eremu estalia izango dugulako. Eta, gainera, ibilgailuak aparkatzeko 1.200 plaza berriekin aurrera pauso garrantzitsu bat emango dugu Campusaren erabilerraztasunaren hobekuntzan".

Erabiltzaile askoko ibilgailuentzako aparkalekuak

Beste alde batetik, 2013-2014 ikasturteari begira, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak deialdi berri bat egin du aparkatzeko plazak gordetzeko Leioan okupazio handiko ibilgailuentzat, hau da, egunero hiru ikasle edo gehiagorekin beteta joaten dena Campusera. Joan den ikasturteko bigarren lauhilabetekoan abian jarri zen ekimen honekin, 25 aparkaleku-plaza dituen eremu bat mugatu da -Biblioteka Nagusiaren beheko solairuan- baldintza bi betetzen dituzten ibilgailuentzat: gune horretan aparkatu nahi den ibilgailuan egunero gutxienez hiru lagun joatea Campusera eta guztiak UPV/EHUko ikasleak izatea. Baimenak 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 30ra arte iraungo du.

Ekimen honen helburua kotxe pribatuen erabilera arrazionala bultzatzea da, eta baita gune publikoen kudeaketa hobetzea eta ibilgailuek sortzen duten kutsadura eta energia kontsumoa gutxitzea. Egitasmo honetan parte hartzeko eskariak handitzen doazen neurrian, erreserbatutako aparkalekuen kopurua ere berrehun plazara arte handitzea aurreikusita dago.