Breadcrumb

Agenda

Zientzia gizarteratzea: erronka handia Europa osoan

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/17

Irudia

UPV/EHUk egindako ikerketa batek agerian utzi ditu zientzia esparru publikora eramateko dauden zailtasunak .

Claudia Loaiza Escutia doktoreak tesia egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Logika eta Zientziaren Filosofia Sailean. Tesi horren arabera, Europako zientzialariek zailtasunak izaten dituzte gizartera eta kazetariengana iristeko. Zailtasun horien arrazoi nagusiak hauek dira, batez ere: babes instituzionalik eza, laneko presioa jasatea, eta komunikazio arloan prestakuntzarik ez izatea.

Claudia Loaiza doktoreak egindako ikerketa azpimarragarria da; izan ere, gizartearekin elkarrekintzan izateko moduari buruzko bere lehentasun, konpromiso, muga eta pizgarriei buruzko informazio kuantitatiboa biltzeaz gain, zientzialariekin bertatik bertara izan ostean jasotako aipu indibidualen hautaketa ugari eta aberatsa jasotzen du. "Antzeko beste ikerketa batzuk telefono bidez edo Internetez egindako inkestetan oinarritzen dira", azaldu du Loaizak. "Nik, ordea, elkarrizketatu guztiekin elkarrizketa pertsonalak egiteko aukera izan dut, eta, horri esker, bestela galdu egingo zatekeen informazio kualitatiboa jaso dut".

Hala, Loaizak 112 zientzialari elkarrizketatu ditu pertsonalki, nanoteknologiaren eremua eta materialen zientzia garatzeko lan egiten duten Europako bost ikerketa-zentrotako kide direnak. Hauek dira hautatutako zentroak: Donostia International Physics Center (DIPC, Donostia), Fritz Haber Institute (FHI, Berlin -Alemania-), Centre d' Elaboration de Materiaux et d'Etudes Structurales (CEMES, Tolosa -Frantzia-), Instituto per lo Studio dei Materiali Nanostrutturati (ISMN, Bologna -Italia-) eta Centre for Materials Science and Engineering (CSME, Edinburgh -Erresuma Batua-). Halaber, hainbat ikerketa-zentrotan (tokikoak eta nazionalak) prentsa eta komunikazio publikorako arduradun diren 9 kideri egin zaie elkarrizketa, azken bost urteetan bulego horietan -zientziaren komunikazio publikoari dagokionez- hautemandako zailtasunak eta lortutako aurrerapenak ezagutzeko xedez.

Loaizak adierazi duenez, elkarrizketatutako langileen erdiek baino ez dute parte hartzen zientziaren komunikazio publikorako jardueretan, edo "ez dute erregularki parte hartzen", zehaztu du. Dena den, badira zenbait salbuespen: "Zenbait herrialdetan ate irekiak jarduerak burutzeko tradizio handia dago; esate baterako, Alemanian eta Erresuma Batuan. Horrela, Fritz Haber Institute eta Centre for Materials Science and Engineering zentroetan lan egiten duten ikertzaileen % 90ek baino gehiagok halako jardueretan parte hartzen du urtero. Haatik, parte-hartzea askoz ere txikiagoa da publikoarekin elkarrekintzan izateko bestelako jarduera batzuetan; esate baterako, hitzaldietan, kazetariekin izateko elkarrizketetan edota dibulgazio-artikuluen argitalpenean. "Esate baterako, aurrez aipaturiko Alemaniako institutuan ikertzaileen % 24-43 inguruk soilik (jarduera motaren arabera) hartzen dute parte halako ekimenetan".

Komunikazio arloko adituak, funtsezko piezak

Argi dago prentsa-kabinetea eta komunikazio-arloko adituak dituzten zentroek baliabide gehiago dituztela zentro horietan ikertzaileek egiten duten zientzia-lana eraginkortasunez gizarteratzeko. Hala ere, Loaizak egindako ikerketak agerian utzi du komunikazio-arloko adituen egoera oso mugatua dela: "Ikertutako bost zentroetatik hirutan soilik zegoen komunikazio-arloko arduraduna, lanaldi partzialean eta aurrekontu oso eskasarekin lan eginez".

Bestalde, Loaizak frogatu ahal izan duenez, zientzialari askok mesfidantzaz ikusten zituzten komunikaziorako sailak, uste baitzuten sail horietan baliabideak desbideratu egiten zirela eta, "are, han burutzen zen jardueraren erruz ikerketa-ildoei kalte egitea edo haiek aldatzea" gerta zitekeela. Hala ere, Loaiza doktoreak uste du horren inguruan jarrera aldatzen ari dela. Alde batetik, gizarteak eskatu egiten duelako eta, beste alde batetik, zientzialariek premia dutelako gizartera iritsi eta aurrekontu publikoen banaketan aintzatetsiak izateko.

Loaizaren iritziz, ikerketa garrantzitsua da "politikak eratzeko arduradunek datu errealak izan ditzaten, zein estrategia sustatu erabakitzerakoan oinarri gisa erabiltzekoak", zientzia eta ekoizpen zientifiko eta teknologikoa gizarteratzea izanik helburu.

Datu gehigarriak

Claudia Loaiza Escutia (Mexiko, 1967) lizentziatua da Ingeniaritza Kimikoan eta irakasle Komunikazio arloan. Horrez gain, berriki, Zientzia, Teknologia eta Gizartearen Ikerketan Nazioarteko Doktore titulua eskuratu du tesi honi esker: European scientists' public communication attitudes: a cross-national quantitative and qualitative empirical study of scientists' views and experiences and the institutional, local and national influences determining their public engagement activities.

Tesiaren zuzendariak Jon Umerez doktorea eta Javier Echeverria irakaslea izan dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Logika eta Zientziaren Filosofia Sailekoak.