Breadcrumb

Agenda

Euskaraz hezi, euskaraz bizi

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/17

Irudia

Euskararekiko jarrera linguistikoak neurtzeko galdetegi berri bat sortu du Urtzi Ruiz de Azua UPV/EHUko doktoreak.

DBHko ikasleek euskararekiko dituzten jarrera linguistikoak zein hizkuntza hori ikasteko daukaten motibazioa aztertu ditu Urtzi Ruiz de Azua irakasleak UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesian. Orain arte erabiltzen diren galdetegiek ikuspegi murriztua ematen dutelakoan, jarrera linguistikoak neurtzeko galdetegi berri bat sortu du Ruiz de Azuak. Alderdi kognitiboa, afektiboa eta jokabidezkoa uztartzen dituen galdetegia, hain zuzen, ikuspegi osoagoa izateko aukera ematen baitu. Modu horretan, gizartea jarrera linguistiko egokietan hezteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du lan honetan.

Urtzi Ruiz de Azua euskal filologoak urteak daramatza DBHko eta Batxilergoko ikasleei klaseak ematen, eta kezkagarria iruditzen zaio gazte horietako askok eta askok euskararekiko erakusten duten jarrera eta motibazioa. "Hain zuzen, eskarmentu horrek bideratu nau neurketa horiek egitera eta nolabait errealitate hori egiaztatzera" azaldu du Ruiz de Azuak.

Bide horretan, konturatu nintzen -dio Ruiz de Azuak- jarrerei buruzko teoria gaurkotuenek edo nagusienek aipatzen zuten hiru dimentsioko egitura islatzen zuen galdetegirik ez zegoela. Izan ere, orain arteko galdetegiek norbanakoaren jokabidea soilik neurtzen zuten. "Jarrerak deskribatzeko, berriz, hiru dimentsio kontuan hartu behar dira: kognitiboa, afektiboa eta jokabidea" gehitu du Ruiz de Azuak. Horrenbestez, euskararekiko jarrera linguistikoak neurtzeko lan honetarako berariaz sortu eta balioztatu genuen JLG galdetegia. Galdetegi horrek ikasle bakoitzaren alderdi kognitiboa, afektiboa eta jokabidezkoa neurtzen ditu, eta ikuspegi osoagoa izateko aukera ematen du.

Jarrera linguistikoekin batera, euskara ikasteko motibazio akademikoa ere neurtu nahi izan da, eta horretarako CEAM II galdetegia erabili da. Azkenik, autokontzeptu akademikoa neurtzeko AUDIM galdetegia erabili da. Norberak bere burua nola ikusten duen akademikoki aztertzen du autokontzeptu akademikoak. Gaur egungo motibazioaren teoriek aipatzen dute, autokontzeptu akademikoa motibazioaren ezaugarri nagusienetako bat dela. Ikasle bakoitzak hiru galdetegiak bete ditu. Era berean, ikasleen errendimendu akademikoa neurtzeko euskara ikasgaian lortutako emaitzei buruzko datuak jaso ditu ikastetxeetatik. Hain zuzen, ikasle horiek galdetegia betetzeko egunetik hurbileneko ebaluazioan lortutako emaitzak erabili dira.

Heziketaren garrantzia
Emaitzek frogatzen dute, "euskararekiko jarrera linguistikoa eta hizkuntza hori ikasteko motibazioa, autokontzeptua zein errendimendu akademikoaren artean erlazio zuzen eta positiboa ematen dela" azaldu du Ruiz de Azuak. Horrela bada, "euskararekiko jarrera linguistiko positiboenak erakusten dituzten ikasleek euskara ikasteko motibazio akademiko altuagoa, autokontzeptu akademiko handiagoa eta beraien errendimendu akademikoan emaitza hobeak erakusten dituzte" gehitu du.

Emaitzak neurri batean logikoak diruditen arren, "galdetegi berri bat sortzean, enpirikoki frogatu behar da, benetan galdetegi horren fidagarritasun-maila aproposa dela ziurtatzeko" adierazi du Ruiz de Azuak. JLG galdetegia balioztatzeko SPSS eta LISRE (LISREL)programa estatistikoak erabili dira, eta "programa horien bidez burututako analisi estatistikoetatik lortutako emaitzek fidagarritasun-maila oso altua ematen dute" dio.

Galdetegi horien bidez zein tesi honetan aztertutako bestelako aldagai soziodemografikoen bidez, D eredu linguistikoak duen garrantzia azpimarratzen du tesi-egileak. "D eredu linguistikoan matrikulatutako ikasleek euskararekiko jarrera linguistiko positiboenak adierazte dituzte; A ereduan matrikulatutakoek, berriz, negatiboenak" gehitu du.

Horrenbestez, lan honen egileak gizartea jarrera linguistiko egokietan hezteak duen garrantzia defendatzen du euskararen normalizaziorako pausoak emateko garaian, eta era berean, heziketa hori gizarte osoari dagokiola azpimarratu nahi du.

Egileari buruz
Urtzi Ruiz de Azua Ormaza (Bermeo, 1974). Euskal Filologian lizentziatua da eta DBH eta Batxilergoko irakaslea da gaur egun. "DBHko ikasleen euskararekiko jarrera linguistikoak, motibazioa eta errendimendu akademikoa" izeneko doktore-tesia egin du Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan (UPV/EHU). Xabier Etxaniz Erle irakaslea eta unibertsitateko erretoreordea eta Arantzazu Rodríguez Fernández irakaslea izan ditu zuzendari. UPV/EHUko PSIKOR ikerketa-taldearen laguntza izan du autokontzeptu akademikoari buruzko galdetegia prestatzeko.