Breadcrumb

Agenda

Arte surrealista eta oroimena Bizkaia Aretoan

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/07

Irudia

"Koke Martínez and the Basque children of 37" erakusketan, Guda Zibilean Euskal Herritik erbesteratuak izan ziren haurretako batek UPV/EHUri dohaintzan utzitako 200 lanen aukeraketa bat ikusi daiteke.

Ostegunean, martxoak 7, "Koke Martínez and the Basque children of '37" erakusketa aurkeztu da. Martxoaren 28ra arte bisitatu ahal izango da Bizkaia Aretoan, UPV/EHUk Bilbon duen paraninfoan (Abandoibarra etorbidea, 3) eta, bertan, José María "Koke" Martínezek (Cabredo, 1926-Londres, 2009) UPV/EHUri dohaintzan utzi dizkion 200 arte-lanen aukeraketa bat izango da ikusgai, tartean mihiseak, marrazkiak eta posterrak. "Koke" Martínez, Espainiako Guda Zibilean Euskal Herritik herrialde desberdinetara bidaliak izan ziren 25.000 haurretako bat izan zen.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Josu Rekalde UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano eta erakusketako komisarioak, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, eta Carmen Kilner The Basque Children of '37 Association elkarteko diruzain eta "Koke" Martínezen testamentuaren zaindariak. Goirizelaiak azpimarratu duenez, "ondare hau gurera ekartzeak, nola edo hala, ziklo bat ixten du, historia triste eta mingarri baten zikloa. Gerrako umeek jaioterria utzi behar izan zuten, eta horietako batzuk ez ziren sekula itzuli. Orain, José María "Koke" Martínezen obrarekin batera, haren bizitza, kezkak, lana eta itxaropenak gure herrira -baita Euskal Herriko Unibertsitatera ere- itzuli dira".

"Koke" Martínezek 11 urte zituen beste milaka haurrekin batera Southampton-go (Britainia Handia) portura iritsi zenean "Habana" ontzian. Aurrerantzean, Britainia Handian igaroko zuen bere bizitza osoa. Bere alde artistikoa garatzen jardun zuen gaztetatik, batez ere irudigintza eta margolaritza landuz, baina baita poesia bezalako beste diziplina artistiko batzuetan ere murgilduz.

Bere pintura-obra deskribatzerakoan, misteriotsua, onirikoa, surrealista eta nahitako primitibismoa duela esan daiteke. Britainia Handiko erbestean, Federico García Lorcaren lagun-mina izandako José Estruch izan zuen irakasle. Bere eragina nabaria da "Koke"ren lanetan, eta baita surrealismo ingelesarena ere. Landu zituen gaien artean behin eta berriro agertzen dira aurpegi ugaridun buruak edo gizakia eta animalien arteko harremanean sakontzeko desioa, eta baita bere musa Mimiren hainbat erretratu eta autorretratuak ere. Era askotariko gai horien artean ez dira falta Darwin, Churchill edo On Kixote bezalako pertsonaien erreferentziak eta kultura hispanikoari aipamenak. Guzti hori bere margoetako koloreen indarrari eta ñabarduren aberastasunari gehitua, "Koke"ren obra bere nortasunaren isla bihurtzen da.

1946an, 20 urte besterik ez zituela, "Koke" Martínezek bere lehen erakusketa egin zuen, Londresko Archer Gallery-n. Hortik aurrera, bere obra nazioarte mailan izan da ikusgai eta lan gehienak, gaur egun, bildumazale pribatuen esku daude Japonia, Italia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia edo Hego Amerikatako hainbat herrialdetan.

Hiru dokumental

2002ko azaroan, Euskal Herritik Britainia Handira joan ziren gerrako haur haiek eta beraien ondorengoek The Basque Children of '37 Association elkartea sortu zuten. Helburua argia zen: gertaera historiko haren ebidentzia islatzen duen material guztia biltzea, katalogatzea eta artxibatzea. Hastapenetatik, ekimen honen bultzatzaile nagusienetako bat izan zen "Koke" Martínez. Hori dela eta, "Koke Martínez and the Basque children of '37" erakusketan antolatu den atal berezi batean etenik gabe ikusi ahal izango dira hiru dokumental:

-Steve Bowles-en "La Generación Guernica".
-Marina Moralesen "Memorias de la luz".
-Eye Witness PRoductions-en "The Gernika children".

Ordutegia eta bisita gidatuak

"Koke Martínez and the Basque children of '37" erakusketa zabalik izango da Bizkaia Aretoan martxoaren 8tik 27ra, astelehenetik ostiralera bitartean, 8:00etatik 20:00etara. Sarrera librea izango da. Ondoren, apirilean, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan eta, maiatzean, Gasteizko Unibertsitate Pabilioian ikusi ahal izango da erakusketa (oraindik datak zehaztu gabe daude).

Nahi dutenek, bai partikularrek zein taldeek ere, bisita gidatuak egiteko aukera izango dute, aldez aurretik hitzordua eskatuz emailez (visitasbasquechildren@gmail.com) edo telefonoz (Inés: 676441238).