Breadcrumb

Agenda

Bisitari kopuruak gora egin du aurtengo UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoketan

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/04

Irudia

Ekitaldia Bizkaiko Campusean bukatu zen asteburuan, bisitari askorekin. UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzua martxoaren 11tik 14ra arte ospatuko diren Ateak Zabaltzeko Egunak prestatzen hasi da jada.

Larunbatean, Bizkaiko Campusean bukatu ziren Unibertsitate Orientaziorako Azokek 7.056 bisitari izan zituzten. Beraz, 2012an izandako publikoaren kopurua (6.775 bisitari) gainditu da. Arabako Campusak urtarrilaren 19an ospatu zuen azoka, eta 1.408 bisitari erakarri zituen. Iaz Gasteizen egindako azokara 1.175 pertsona hurbildu ziren. Gipuzkoako Campusean urtarrilaren 26an egin zen azoka, eta 2012ko antzeko partaidetza izan zuen: 2.861 lagun. Azkenik, Bizkaiko Campusean azoka otsailaren 4an izan zen, eta, oso eguraldi txarra egon arren, 2.787 bisitari izan zituen, hau da, iaz baino bisitari gehixeago.

Unibertsitate Orientaziorako Azoken helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitateko ikasketak aukeratzen laguntzea. Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, baita unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasen, beken, unibertsitateko ostatu eta garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

UPV/EHUk urterik urtera Sarbiderako Programaren barruan burutu ohi dituen jardueren barruan kokatu behar dira azoka hauek, unibertsitate aurreko ikasleek ikasketak aukeratu baino lehen ahalik eta informaziorik zabalena izan dezaten. Azoka hauek, hain zuzen, programaren bigarren fasean kokatzen dira, izan ere programa urrian eta azaroan zehar Batxilergo eta Goi Mailako Hezkuntza Zikloetako orientatzaileei zuzenduriko topaketa batzuekin hasi zen. Programa martxoaren 11tik 14ra egingo diren Ateak Zabaltzeko Egunekin bukatuko da. Egun horietan ikasleek hiru campusetako ikastegiak bisitatu ahal izango dituzte.

"Unibertsitateak oso balorazio positiboa egin du Orientaziorako Azokei buruz. Unibertsitate aurreko ikasleen partaidetza aparta izan da hiru campusetan. Horregatik uste dugu formatu informatibo hau egokia dela laster unibertsitatera etorriko direnentzat, eta une batez unibertsitatera hurbiltzea lortzen duela. Jakina, horrenbeste jendeari harrera egitea ez litzateke posible izango unibertsitatearen inplikazio handia ez balego. Azoketan, 150 pertsonak parte hartzen dute, bai irakaslek bai administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak. Azkenean, espero dugu unibertsitate aurreko ikasleen itxaropenak bete izanak, informazio hurbila eta bere interesei egokitutakoa emanez", azpimarratu du Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren errektoreorde Maite Zelaiak.