Breadcrumb

Agenda

"Formula Student Bizkaia" taldeak lehenengo aldiz ibilgailu elektriko bat aurkezten du silverstone zirkuituan munduko unibertsitate onenekin lehiatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/01

Irudia

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko 60 ikaslez eta hiru irakaslez osatutako talde batek, uztailaren 4tik 7ra bitartean, "Formula Student" ikasleen arteko nazioarteko lehiaketa prestigiotsuan parte hartuko duen monoplaza elektrikoa aurkeztu du gaur goizean, automobilgintza sektorean, mundu mailako unibertsitate onenen artean lehiatuko duena. Etorkizuneko ingeniari hauek, ibilgailua diseinatzeko, garatzeko, eraikitzeko eta pilotatzeko gai direla erakutsi beharko dute Silverstoneko eszenatoki mitikoan, Formula 1eko izarrek pasa den asteburuan lehiatu zuten leku berean. Eskolako ikasleak ibilgailu elektriko batekin parte hartuko duten lehenengo aldia izango da hau.

Seigarren urtez jarraian, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen pabiloia defendatuko du, eta bere helburua aurreko edizioetan lortutako emaitzak hobetzea izango da, lehiaketako proba guztiak burutzea eta Estatu mailako unibertsitateen artean izaten diren antzerako probetan egotea. Iaz, "Formula Student" mundu mailako lehiaketan parte hartu zuten 110 lehiakideren artean, 39. postuan gelditu ziren, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolaren eta Madrilgo Europar Unibertsitatearen aurretik. Eskolako talde hau gainera, Kataluniako Montmeló zirkuituan abuztuan egiten den antzerako lehiaketan, Estatutik lehenak izan ziren iaz.

Gasolinazko motorretik elektrikora

"Formula Student" edizio berri honen aurrean, aurreko parte hartzearekin alderatuz, kontzeptu erabat ezberdinetan oinarrituta bederatzi hilabetez egon da lanean euskal taldea. Lehen berrikuntza nabarmenena, gasolinazko motorra garatzetik motor elektrikoa garatzera izan da, automobilgintza sektoreak etorkizunerako dituen joerak jarraituz. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Tekniko ikasleak motor elektrikoz hornitzen den ibilgailu batekin Silvestoneko zirkuitura aurkezten diren lehen aldia bada ere, esan beharra dago iaz antzeko lehiaketan parte hartu zuela Montmeló-ko zirkuituan, Estatu mailan lehen postua lortuz.

Ibilgailuari dagokionez, monoplaza honek motor ahaltsuagoa duela esan behar da eta bere bateriak ere garapen propioak dira. Beste berrikuntza nabarmen bat, ibilgailuaren aerodinamikan aurkitzen da, aurreko nahiz atzeko aleroiak jarri dizkiotelako, Formula1-ean lehiatzen duten ibilgailuen antzera.

Ezaugarri tekniko eta prestazioei dagokionez, minutuko 4.000 erreboluzioa har dezakeen 80 kilovatiotako Enstroj Emrax potentziadun motor trifasikoa du eredu honek, 253kg guztira, aurreko edizioarekin alderatuz, 30 kilotan murriztu dutelarik ereduaren pisua (aerodinamikan eta suspentsioan erabili duten karbonozko zuntzari esker), eta neurriei dagokionez, 3 metro luze, 1,5 zabal eta 1,2 altuera ditu. 98 kilometro har lezake ibilgailuak eta abiadura hau 0-tik hasita, 5 segundotan har lezake. Bateriek kargatzeko behar duten denbora 5 ordu ingurukoa da, 50 minutuko autonomia dutelarik, Silverstoneko probak irauten duen debora berberaren arabera diseinatu dutelarik.

Egutegia eta proba motak

Gaur goizean Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan aurkeztutako eredua, arratsaldez ontziratuko da ferryan Ingalaterrarako bidean. Taldeko 24 ikasle bestalde, Silverstonera asteazkena hilaren 3an abiatuko dira eta 4an, parte hartuko duten ibilgailuak lehian hasiko dira zenbait proba estatikoekin. Aurreko edizioan bezala, lau kontinentetako unibertsitateetatik joandako 110 talde espero dira aurten ere lehiaketa honetan.

Azken klasifikazioa hainbat probekin lortutako emaitzekin neurtzen da, estatikoak nahiz dinamikoak. Lehen kategorian, arau teknikoen eta segurtasunaren test zorrotz bat egiten da, eredu elektrikoen urarekiko erresistentzia espezifiko baten entsegua, zarataren neurketa, balazta azterketa eta ibilgailuak likidorik ez duela galtzen ikusteko, eta bihurgune handietan egonkortasuna ondo mantentzen duela ikusteko, inklinazio probak egiten dira.

Ibilgailu bakoitzaren diseinuaren ezaugarrien galdeketa zorrotza egiten da ere proba estatikoen barne, ezaugarri ekonomikoena eta jasangarritasunaren ingurukoa, produktuaren Negozio Plan baten aurkezpenarekin batera, bideragarritasunaren eta errentagarritasunaren premisatan oinarrituta. Zentzu honetan, Eskolako taldeak garatutako Business Egitasmoak, milioi bat dolarretako inbertsioa du (770.000 euro inguru), horrela urtean 200 aredu egitea ahalbidetuz, eredu bakoitzeko 25.000 dolarren kostuarekin (19.000 euro baino zertxobait gehiago).

Proba estatikoak gainditzen dituzten ereduak, proba dinamikoak egitera pasatzen dira, ostiralean hilak 5ean hasiko direlarik. Hauek, martxaren ariketak egin beharko dituzte, alde batetik suspentsioa, direkzioa, maniobrak egiteko gaitasuna eta bihurgunetan nola moldatzen diren aztertzeko. Jarraian, larunbata uztailaren 6an, abiadura proba egingo da, zirkuituari itzuli bat egiteko behar duten denboraren arabera klasifikatuko direlarik taldeak.

FS Bizkaia taldeko ikasleen artean aukeratutako sei pilotu

"Proba erregina" uztailak 7 igandean egingo da, zirkuituari 40 itzuli egin beharko dizkietelarik, ibilbide erdian pilotuen txanda eginez. Bertan, abiadura, kontsumoa, eta batez ere bolido bakoitzaren fidagarritasuna neurtuko dira, pilotuen abileziaz gain. Lau pilotu titularrak eta ordezko biak, taldeko partaideek aukeratutakoak dira, hautagaitza honetarako hogei aurkeztu baziren ere. Aukeratutako pilotuek ere proba teorikoak gainditu behar izan dituzte simulagailu batekin, kart bat gidatuz eta azkenik, iaz aurkeztutako eredua gidatuz.

"Formula student" edizio berri honetarako Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak garatutako proiektuak, 80.000 eurotako aurrekontua izan du, piezak eta osagarriak erosteko, izen-emate kostuak, monoplazaren garraiorako, etab… Taldeko ikasle guztiak bestalde, boluntario moduan parte hartzen dute ikasketa ordutegitik kanpo (gehienak industria ingeniaritzako espezialitateko azken urtekoak, nahiz eta bestelako titulazioetakoak ere parte hartzen dutelarik, adibidez, antolaketa, automatika, energia edo telekomunikazio espezialitatekoak). Eta proiektua koordinatu duten Eskolako irakasleak ere, boluntario aritu izan dira: Charles Pinto, arduradun nagusia, eta Asier Zubizarreta eta Javier Corral, mekatronika eta antolaketa atalean hurrenez hurren. Ikasleei dagokionez, Ander Elorduy eta Guillermo Pérez Yarza izan dira team Readers biak.

Formula Student lehiaketaren historia: pilotu-taldeen etorkizuneko ingeniariak

1981ean, Society of Automotive Engineers SAE-k sortu zuen 'Formula SAE', munduko unibertsitate guztietako 140 taldeekin osatutako lehiaketa, gaitasunak proban jartzeko helburuarekin. 1998an, amerikar unibertsitateetan europar ikasleek egindako bi ibilgailuk parte hartu zuten erakustaldi bat antolatu zen Erresuma Batuan. Erakustaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, Institution of Mechanical Engineers IMechE-k, Formula Student sortu zuen, SAE eta Institution of Engineering & Technology IET-ren lankidetzarekin. Orduz geroztik, urtero egin da proba eta azkenengo sei urteetan, Silversone zirkuituko asfaltoan. "Formula Student", automobilgintza sektoreko erreferentzia bihurtu da urtez urte, eta bereziki, lehiaketa munduan. F1-eko ingeniariak, pilotuak eta pilotu-taldeen zuzendariak aurkitzen dira bertan, ikasketak, automobilgintzara bideratu nahi duten ingeniaritzako ikasleen erakusleihoa bihurtu den ekimena eta pilotu-taldeetako etorkizuneko teknikarien harrobi bihurtu den ekimena dugularik egun.

2006an hasi zuen bere ibilbidea FS Bizkaiak, Eskolako Mekanika Ingeniaritza Saileko proiektu berri bat bezala. Prestaketa eta ikerketako bi urteren buruan, 2007/2008 denboraldian lehen eredua jaio zen, aste honetan bere seigarren edizioa izango delarik.