Breadcrumb

Agenda

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza eskainiko du 2014/2015 ikasturtean UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/30

2012/2013an Euskal Herriko Unibertsitatean titulua lortu zuten eta gaur egun langabezian dauden pertsonek Lehen Aukera prestakuntza eta praktika programako 345 diru laguntzak eskuratzeko aukera izango dute.

UPV/EHUk abian jarriko du Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza 2014/2015 ikasturtean. UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du titulu hori lortzeko arautegia. Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza Zientzia eta Teknologia Fakultatean emango da, bost maila izango ditu, eta, guztira, 300 kreditu. Gradu bikoitz hori UPV/EHUk ezartzen duen bigarrena izango da, aurtengo ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza ezarri baita.

Halaber, Gobernu Kontseiluak "Lehen Aukera" diru laguntzen deialdia onartu du. Programa hori, aurten esperientzia pilotu modura abian jarri dena, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Entrepresarien Konfederakuntzak (Confebask) bultzatu dute, UPV/EHUrekin batera. Helburua da programan parte hartzen duten unibertsitateko tituludunak lanbidean gehiago treba daitezela enpresetan egonaldiak eginez.

Zehazki esanda, UPV/EHUk gestionatuko dituen 345 diru laguntzak 2012/2013 ikasturtean unibertsitate honetako titulu ofizial bat lortu zuten eta gaur egun langabezian dauden pertsonei zuzenduta daude. Aukeratutako pertsonek hiru hilabeteko modulu teoriko eta praktikoa egingo dute, honako hauek barne hartuko dituena: UPV/EHUk emango duen ikasketa osagarrien ikastaro bat eta pertsona horien profil akademikoarekin lotuta dauden jarduerak burutzen dituen enpresa baten egingo den egonaldia. Programan parte hartuko duten pertsonek 1.500 euroko laguntza jasoko dute.
Bukatzeko, Gobernu Kontseiluaren bileran mugikortasuna sustatzeko eta ikerketako emaitzak zabaltzeko laguntzetara 400.000 euro bideratzea adostu da. Bi alderdi horiek garrantzia handia dute ikerketan; izan ere, elkartruke zientifikorako eta UPV/EHUn egiten den ikerketaren zabalkunderako bidea ematen baitute. Diru laguntzak, besteak beste, honako helburu hauetarako erabili ahalko dira: beste zentro batzuetan ikerketa jarduerak burutzeko egonaldiak egiteko, nazioartean izen handia duten elkarte zientifikoetan parte hartzeko, Europar Batasuneko I+G Esparru Programa bezalako proiektuetarako proposamenak egiteko helburuarekin nazioarteko partzuergoetan parte hartzeko eta UPV/EHUn biltzar zientifikoak antolatzeko.