Breadcrumb

Agenda

Harvard Business Schoolek argitaratu du EAEko garapen ekonomikorako estrategien analisia

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/10

The Basque Country: Strategy for Economic Development euskal kasua UPV/EHUko katedradun Jesús Mª Valdalisorekin elkarlanean idatzitakoa da.

Ipar Amerikako Harvard Business School negozio eskolak, munduko hiru negozio eskola garrantzitsuenetako batek, The Basque Country: Strategy for Economic Development kasua argitaratu du (Euskadi: garapen ekonomikorako estrategia), Michael E. Porter Harvard Unibertsitateko irakasleak, Christian Ketels doktoreak (unibertsitate bereko Institute for Strategy and Competitiveness institutuko zuzendari elkartua), eta Jesús Mª Valdalisok idatzitakoa; Valdaliso UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeen katedraduna da. Argitalpenak 1980 eta 2009. urteen artean EAEn izandako garapen ekonomikorako estrategiak azaldu ditu, gobernu autonomoak zein beste eragile ekonomiko eta sozial batzuek garatutakoak.

Harvarderako kasu bat idazten parte hartu duen UPV/EHUko lehenengo irakaslea da Jesús Mª Valdaliso; izan ere, Bostonen izan zen 2010/2011 ikasturtean, eta egonaldi horren emaitza gisa sortu da Euskadiri buruzko azterketa berri hau.

Gertaerak metodologia jakin baten arabera aztertzen dituzten lanak dira kasuak, eta ondoren irakaskuntzan erabiltzen dira, ikasleek hausnarketak eta analisiak egiteko abiapuntu gisa baliatzen dituzte. Harvard Business School XX. mende hasieran, sortu bezain laster, hasi zen irakaskuntza metodologia hori erabiltzen.

Michael E. Porterrek zuzendu du Harvard Business Schoolek Euskadiri buruz argitaratu duen azken kasua; Porter izen handiko aditua da estrategia lehiakorrean, nazioen, estatuen eta eskualdeen lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan, lehiakortasun printzipioak gizarte arazoetan aplikatzen, esaterako osasunean edota ingurumenean, eta erantzukizun korporatiboan. Horrez gain, Porterrek ondo ezagutzen du euskal errealitatea, eta 1990 eta 1993 urteen artean Eusko Jaurlaritzaren aholkularia izan zen Europan aitzindari zen lehiakortasun eta klusterren politika martxan jartzeko. 2004an euskal kasuaren hasierako bertsioa idatzi zuen, 1980 eta 1990eko hamarkadetan aplikatutako garapen ekonomikorako estrategiak aztertu zituen. Kasu berriak aurrekoa berrikusi eta hobetu du, eta denboraren esparrua 2009. urtera arte hedatu du.

Gaur egun Harvardeko beste bi kasu daude Euskadiri buruz: batek Irizir enpresa du hizpide (2005ean idatzi zuten Ramon Casadesus-Masanellek eta Jordan Mitchellek), eta besteak, aldiz, Mondragon Korporazio Kooperatiboa (2002an idatzi zuten Ramon Casadesus-Masanellek eta Tarun Khannak).