Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako liburu batek euskarazko saiakera arloko Euskadi Saria irabazi du

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/22

Irudia

Iban Zaldua irakasleak saria lortu du gaztelaniaz 'Ese idioma raro y poderoso' lanagatik.

Jon Sudupe Martijaren Oi Europa! liburuak euskarazko Saiakera arloko Euskadi Saria irabazi du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak gaur jakinarazi duenez. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du liburua. Gaztelaniazko Saiakera saria Letren Fakultateko irakasle Iban Zalduak lortu du Ese idioma raro y poderoso obragatik.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak eta Bilboko Udalak koeditatu dute Oi Europa!. Izan ere, lan horrek Bilboko Udalak ematen duen Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketa irabazi zuen 2011n. Jon Sudupe (Azkoitia, 1947), Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna, lanbidez idazle eta irakaslea da. Saritutako saiakerak Filosofiaren ikuspuntutik, Europa zer den adierazi nahi luke. Nabarmenki europazaleak diren pentsalari batzuk mintzo dira liburuan Europaren izateaz eta nortasunaz. Filosofo horien bidez, Europak bere buruaz egiten du gogoeta. Sariaren epaimahaiak azpimarratu du "ikerketa eta dokumentazio-lan handia, ondo hausnartu eta landua eta ederki moldatua dibulgazio zabalerako".

Bestalde, epaimahaiaren arabera, Ese idioma raro y poderoso "azken hamarkadetako euskal literaturari errepasoa egiten dio, distantzia ironiko neurtuarekin aztertzen du, haren posibilitateen berri emanez". Iban Zalduak, idazle eta UPV/EHUko Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak saileko irakasleak, beste bitan lortu du Euskadi Saria. 2006an euskarazko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Etorkizuna kontakizun liburuagatik (Porvenir titulupean argitaratu zen gaztelaniaz), eta 2012an Haur eta Gazteen Euskarazko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen Azken garaipena fikzio zientziazko komikiaren gidoigile bezala.

Iban Zalduak eta Jon Sudupek 18.000 euroko saria eskuratuko dute, eta 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.