Breadcrumb

Agenda

IK4-TEKNIKERek eta Euskal Herriko Unibertsitateak euren arteko lankidetza indartu dute, UPV/EHU Ikasgela sortuta

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/17

  • Teknologia-gunean kokatutako espazioa izango da; bertan, ikertzaileek, teknologoek eta ikasleek lankidetzan jardungo dute zeregin zientifiko-teknologikoetan.
  • Ezagutza gizartearen esku jartzea, ezagutza sortzearen eta hura aplikatzearen arteko tartea txikitzea eta sortutako ezagutza berria ekoizpen-mundura eskualdatzea izango dira helburuak.

Garai batean, unibertsitateetan landu eta gordetzen zen ezagutza; enpresen helburua, berriz, ekoiztea besterik ez zen. Gaur egun, ordea, enpresek lehiaz jositako munduan bizirik iraun nahi badute, ezin dute ikerketa alde batera utzi. Jakin badakite ezagutza berriak irtenbide berritzaile bihurtu behar dituztela, gure gizartean sortzen doazen premiei erantzun bizkorra eman ahal izateko.

Baina nola egin behar da aurkikuntza berri batetik enpresa bateko produktu edo ekoizpen-prozesu jakin batean aplikatzera arteko bidaia? Sarri askotan handiegia izaten den distantzia edo tarte hori murrizte aldera, IK4-TEKNIKERek eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarren arteko lankidetza sustatzen duen hitzarmena sinatu dute, teknologia-gunearen instalazioetan espazio bat sortzea aurreikusten duena: UPV/EHU Ikasgela, hain zuzen.

Teknologia-guneak enpresek berritzeko duten premiei begira eskain dezakeen ezagutzaren balioaren jakitun, eta unibertsitateak eskain ditzakeen ikasle eta ikertzaile onenen talentuaren jakitun, Euskadin erreferentziazkoak diren bi erakunderen ahalmen eta gaitasunen baturatik sortu da UPV/EHU Ikasgela, euskal enpresa-munduari balioa emateko helburuarekin, eta ondorioz, lurraldean aberastasuna sortzeko helburuarekin.
Gaur egun, 26 doktoregai ari dira euren jarduera gauzatzen IK4-TEKNIKERen instalazioetan, euren doktore-tesia egiten duten bitartean. Borja Coto Fisikako lizentziadun eta Material Aurreratuen Ingeniaritzako doktoregoko ikaslearen arabera, "UPV/EHU Ikasgelak aukera ematen dizu, IK4-TEKNIKERetik mugitu gabe, lanetik atera eta Unibertsitatera joateko".

Lankidetzan egindako ikerketa sustatzea

UPV/EHU Ikasgela, beraz, egoitza berria Eibarko Teknologia Poloan daukan IK4-TEKNIKERen dago kokatuta, Gipuzkoako Teknologia Parkean. Espazio hori, hain zuzen, ikerketaren eta teknologiaren alorrean dabiltzan eta prestatzen ari diren pertsonek, unibertsitatetik kanpo ere, ikaskuntzarako, irakaskuntza eta ikerketa bultzatzeko eta UPV/EHUren bibliografia-baliabideetarako eta formatu elektronikoko informaziorako sarbidea edukitzeko gunea izan dezaten dago pentsatuta.

Ekimen hau abian jartzearen helburua da lankidetzan egindako ikerketa bultzatzea; UPV/EHUko baterako doktore-tesiak, gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak egitea sustatzea, eta bi erakundeetako pertsonen eta ekipoen artean harreman egonkorrak sortzea. Hartara, ikerketa eta berrikuntza kooperatiboa eta ekoizpen zientifikoa bultzatzeko.

Topagune moduan eratu da Ikasgela, informazio zein ezagutza zientifiko eta teknikoa partekatzeko gune gisa. Bide beretik, UPV/EHUren azpiegitura zientifikorako lotura ere izango da, eta ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ikerketarako ingurune bihurtuko da.

Talentua partekatzeko baliagarria izango den ekimen honek asko lagunduko du lantalde mistoak osatzen; alegia, ikerketa- eta eskualdatze-proiektu handinahi eta berritzaileagoei heltzeko behar adina masa kritiko izango duten lantaldeak osatzen. Era berean, gizartearen erronka orokorrei eta bereziki gure inguruneari eragiten dioten erronkei erantzuna ematera bideratuta dauden I+G+b jarduerak garatzea ere izango du helburu. Horiek guztiak, azken batean, euren izaeragatik eta konplexutasunagatik, ezagutza berriak sortzea eta horiek teknologietan, produktuetan zein zerbitzuetan aplikatzea uztartzera derrigortzen gaituzten erronkak dira.

Unibertsitate-espazio honen izaera berriaren xedea da bizitzan zehar ikaskuntza sustatzea; izan ere, ezagutzan aurrera egiteko, ekintzailetza sustatzeko, enpresa berriak sortzeko, prestakuntza ezin hobea duten pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko eta I+G+b sistemaren gaitasunak hobetzeko faktore erabakigarria da hori.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorearen iritziz, "Euskal Herriko Unibertsitateak gizarte-eragile guztiekin duen harremanak, eta ondorioz, baita enpresarekin duenak ere, ibilbide luze eta bizia egin du; alabaina, IK4-TEKNIKERen kokatutako UPV/EHU Ikasgela honek aurrerabide handia ekarri digu. Oraingoan, unibertsitatea bera atera da enpresaren bila, eta hementxe kokatu da, teknologia-gune batean, irakaskuntzarako eta ikerketarako nukleo gisa eratuta. UPV/EHU, beraz, IK4-TEKNIKERen patronatuan txertatu zen, iazko urtearen amaieran onartuta, eta bateratze honek ezin zuen hasiera hoberik izan: UPV/EHU Ikasgela baitugu lehen emaitza".

Alejandro Bengoa teknologia-guneko zuzendari nagusiaren ustez, bestalde, "UPV/EHU oso eragile garrantzitsua da, eta harekin dugun harreman estuari eta euskal enpresa-munduarekin dugun hurbiltasunari esker, IK4-TEKNIKERek asko hobetuko du bere bikaintasun zientifiko-teknologikoa eta izugarri indartuko du sareko lana". "Enpresentzat ezagutza sortzea oro har teknologia-gune guztien eta bereziki IK4-TEKNIKERen leit motiva da. Garai hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da enpresei argudio berriak ematea, merkatu globalean hobeto lehiatu daitezen", adierazi du.

IK4-TEKNIKERi buruz

30 urte daramatza teknologia aplikatuaren arloan ikertzen eta ikertutakoa enpresei eskualdatzen. Hala, IK4-TEKNIKERek espezializazio maila handia lortu du lau arlo handitan: Doitasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa eta Fabrikazio Teknologiak. Ondorioz, zeinahi erronkatara bideratu ahal izango du bere esku daukan abangoardiako teknologia.