Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUko lehen Ikasletxea inauguratu da, ikasleek diseinatu eta kudeatutako topagunea

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/20

Irudia

Bilbon kokatuta dauden Bizkaiko Campuseko ikastegietan ere antzeko guneak egokituko dira.

Ostegunean, hilak 20, UPV/EHUko lehen Ikasletxea inauguratu da Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ikasleek diseinatu duten eta beraiek kudeatuko duten topagunea da Ikasletxea, aisialdiarekin eta ikasketekin zerikusia duten mota guztietako ekimenak burutzeko erabiliko da; besteak beste, erakusketa, hitzaldia, tailerrak, jolasak, etab. eta, era berean, jantoki bezala ere erabili ahal izango da. UPV/EHUko Biblioteka Nagusiko lehen solairuan kokatuta dago eta astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 8:00etatik 20:00etara bitartean. Leioa-Erandio eremuan ez eze, Bilbon kokatuta dauden UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko beste ikastegietan ere egokituko dira Ikasletxea guneak, eta, gune horiek, aretoen kanpoaldeetan kokatuko diren koloreetako biniloekin identifikatuko dira.

Lehen Ikasletxearen inaugurazio ekitaldi honetan parte hartu dute Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Ander Feijoó Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, eta baita Bizkaiko Campuseko ikastegietako ordezkariek ere. Ikasle ugari ere izan dira ekitaldian. Izan ere, ikasleak joan den aste hasieratik ari dira gunea erabiltzen.

Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuko Ikasletxea 200 metro karratuko eremu garbi bat da. Gune bitan ere zatitu daiteke errezel bat zabalduz. Ekipamenduari dagokionez, mahaiak, pufak, sofak jarri dira, eta baita eszenatoki handi bat ere mota guztietako ekitaldi eta saioak burutu ahal izateko. Mikrouhin-labe bi ere jarri dira, elikagaiak berotu ahal izateko.

Lehen ekintza

Ikasleek oso-osorik kudeatuko duten Ikasletxeak abian du dagoeneko bere lehen ekintza, RumblE!! komikiaren azal eta kontrazalekin erakusketa bat. Jose Carlos Torre Arte Ederren Fakultateko graduondoko ikasle eta komikiaren zuzendariak antolatu du. RumblE!! komikien eta ilustrazioen aldizkari bat da, 2009an sortutakoa eta adin guztietako publikoari zuzenduta dagoena. Erakusketa hau martxoaren amaierara arte izango da ikusgai Ikasletxean.

Ander Feijoó UPV/EHUko Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, "gure asmoa da, hasiera batean, Ikasleen Kontseilua izatea gune hau bultzatzeaz arduratuko dena, baina nahiko genuke ikasleek bere egitea proiektua hasieratik eta eurak izatea bai ikasketekin zein aisialdiarekin lotutako era guztietako ekimenak antolatuko dituztenak". Feijoók azpimarratu nahi izan duenez, "Ikasletxearekin Unibertsitatearen irudia sendotu nahi dugu ikasleen topagune bezala, ikasteko ez ezik aisialdian deskonektatzeko ere erabili daitezkeen guneak eskainiz". "Gure helburua da -gaineratu du Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak- unibertsitateko ikastegi guztietan irekitzea era honetako guneak".

Bestalde, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak adierazi duenez, "Ikasletxeak ingurune bat sortu nahi du lanerako eta harremanetarako; jarduera akademikorako eta atsedenerako. Baina horretaz gainera, autokudeaketa eredu bat ere izan nahi du. Ikasleentzako gune bat da, beraz, ikasleek kudeatzen dutena, ikasleek bizia emango dioten leku bat eta burujabetasun osoz garatuko dena".