Breadcrumb

Agenda

Bizkaiko ingeniaritza teknikoen eraikin berria gaur inauguratu da

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/29

Irudia

Gaur, apirilak 29, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola (IITUE) eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola (MHLITUE) hartzen dituen eraikin berria inauguratu da. Eraikin hori Rafael Moreno 'Pitxitxi' kalean dago kokatuta, antzinako Erakustazoka zegoen lekuan. Inaugurazio-ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko sailburuak, Blanca Mª Caballero Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako zuzendariak eta Patxi Sainz Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako zuzendariak.

Inaugurazioa egin baino lehen, agintariek instalazioak ikusi dituzte. Eraikin berriak ordeztu egingo ditu IITUEk Etxetxua plazan zituen bulegoak eta EUITMOPek Colina de Beurko kalean (Barakaldon) zituenak. Ingeniaritza teknikoen egungo eraikinak bi eskoletako administrazio eta zerbitzuetako 45 langile, 200 irakasle eta 3.000 ikasle baino gehiago hartzen ditu.

Ikustaldia egin ondoren, eguerdian, inaugurazio ekitaldia egiten hasi da. Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak esan duenez, "enpresa sare produktiboarekin estuki lotua dagoen ezagutza eta teknologiaren espazio berri horren eraikuntzan ematen dugun beste urrats bat da eraikin hau. Testuinguru ekonomiko zaila da egun bizi duguna. Hortaz, testuinguru horretan enpresek inoiz baino beharrezkoagoa dute unibertsitatea eta unibertsitateak inoiz baino beharrezkoagoak ditu enpresak".

Unibertsitate Eskoletako zuzendariek ere hitza hartu dute. Blanca Mª Caballerok adierazi du pozik dagoela inaugurazio-ekitaldia bat etorri delako Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren mendeurrenaren ospakizunarekin. Horrez gain, eskerrak eman dizkie erakundeei, eraikina eraikitzeko egin duten ahaleginagatik. Ildo horretan, hau adierazi du: "orain, eraikin hau eraikin enblematikoa, modernoa, funtzionala eta praktikoa da, eta beharrezko baliabideak ditu etorkizunean teknikari lehiakorrak eta konprometituak trebatzeko, eta horrek dakartzan gizarte-konpromisoak betetzeko. Bizi dugun krisi ekonomiko larria aintzat hartuta, are gehiago goraipatu behar da eginiko ahalegin hori."

Bere aldetik, Patxi Sainzek hau adierazi du: "eraikin berri hau zabaltzea pozik egoteko arrazoia da eskolako komunitate guztiarentzat: irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak". Harro dagoela ere esan du, hirurogeita hamar urte baino gehiagoan "oso ekarpen garrantzitsua egin diogulako Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiari; zaila da ekarpen hori neurtzea, baina ezin da ukatu ekarpena oso garrantzitsua izan dela".

Eraikuntza

Egoitza honi esker, unibertsitatearen azpiegiturak modernizatu egingo dira, eta kalitatezko ikerkuntza eta irakaskuntza garatzea bermatuko da. Ingeniaritza teknikoen eraikin honen egitasmoa UPV/EHUko Campusak Garatzeko Plana (2005-2010) dokumentuan kokatzen da. Egitasmo honen helburuak dira, besteak beste, unibertsitateak Bilbon daukan presentzia berrantolatzea gaikako kontzentrazioari lotutako irizpideei jarraiki, eta gaur egun sakabanatuta dauden ikastegiak hiru polo handiren inguruan biltzea: polo teknologikoa San Mamesen, polo sanitarioa Basurtuko Ospitalaren inguruan eta polo ekonomiko-juridikoa Sarriko-Zorrozaurren.

Eraikina César Azkaratek diseinatu du eta 43.418 metro koadroko azalera dauka, beheko solairua gehi bederatzi pisu eta soto bitan banatuta. Horietatik 28.084 metro koadro IITUEri dagozkio eta 13.563 metro koadro MHLITUEri. Guztira, eraikinak 56 ikasgela, 27 mintegi, 7 ikasketa-gela, 238 bulego irakasleentzat, 9 bilera-gela, irakaskuntzako 45 laborategi, ikerketako 26 laborategi, eta baita zuzendaritzarako, administraziorako eta zerbitzuetarako espazioak ere (areto nagusiak, batzar gelak, gradu gela, ikasleen elkarteentzako lokalak, teknikarientzako bulegoak, eta abar).

Kanpoko fatxadari dagokionez, egoitza berriak arkitekturaren, eraikinaren bolumetria eskultorikoaren eta Eduardo Chillidak sortutako UPV/EHUko logotipoaren plastikaren arteko elkarrizketa osatzen du. Kanpoko azalak, urre-koloreko xafla zulatuak, unibertsitatearen logotipoa integratzen du eta batasuna ematen dio eraikin osoari, bere neurri eta eskala handiak ezkutatuz (beheko aldea gehi 9 solairu ditu eraikinak).

Eraikinaren diseinuan jasangarritasunaren aldeko hainbat neurri ezarri dira. Hain zuzen ere, euri urei probetxua ateratzeko sistema, argiztapen irizpide jasangarriak eta tenperatura txikiko galdarak jarri dira. Guzti horrekin, urtero 900.000 kg. CO² isurtzea saihestuko da eta, gutxi gora behera, energiaren kontsumoan 201.000 euro aurreztea suposatuko du.

Eraikinaren kostua 46,7 milioi eurokoa da eta UPV/EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute, Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko eskolen eraikina eta Leioa-Erandio eremuko Irakasleen eskolaren eraikina egiteko erakunde biek izenpetutako akordioaren barruan (65 milioi euro guztira). Eusko Jaurlaritzak utzi du antzinako Erakusketa Azokaren lursailaren %9, IITUEren eta MHLITUEren eraikin berria egingo den orubeari dagokiona.

Datu teknikoak:

  • Arkitektoa: César Azkarate.
  • Azalera osoa: 43.418 m²
  • IITUEri dagokion azalera: 28.084 m²
  • MHLITUEri dagokion azalera: 13.563 m²
  • Partekatutako azalera: 1.722 m²
  • Aparkalekua: 127 toki
  • Ekipamendua:
    • IITUEk ondorengoak izango ditu:
      • 40 ikasgela
      • 20 mintegi
      • 5 ikasketa gela
      • Irakasleentzako 170 bulego
      • 6 bilera gela
      • Irakaskuntzako 28 laborategi
      • ikerketako 18 laborategi eta zuzendaritzarako, administraziorako eta zerbitzuetarako espazioak (Areto Nagusia, Batzar Gela, Gradu Gela, ikasleen elkarteentzako lokalak, teknikarientzako bulegoak, eta abar)
    • MHLITUEk ondorengoak izango ditu:
      • 16 ikasgela
      • 7 mintegi
      • 2 ikasketa gela
      • Irakasleentzako 68 bulego
      • 3 bilera gela
      • Irakaskuntzarako 17 laborategi
      • ikerketako 8 laborategi eta zuzendaritzarako, administraziorako eta zerbitzuetarako espazioak (Areto Nagusia, Batzar Gela, ikasleen elkarteentzako lokalak, teknikarientzako bulegoak, eta abar)

MEATZEEN ETA HERRI LANEN INGENIARITZA TEKNIKOKO UNIBERTSITATE ESKOLA (MHLITUE)

Edozein titulazioko irakaskuntza hartzen duen eraikin baten ezaugarri eta baldintzek eragin zuzena dute bertan burutzen diren ekintzetan eta baita horiek burutzen dituzten pertsonetan. Arlo honetan, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitatea Eskolak (MHLITUE) bere hastapenetan muga nabarmena izan zituen, kokatuta zegoen eraikinak eraginda. Hala ere, ehun urteko ibilbidean oztopoak gainditzen joan da. Azken urratsa, gaur inauguratu den eraikin berri honetara egindako aldaketak suposatzen duen lorpen garrantzitsua da.

Meatzeetako Langileburuen Eskolaren historia 1913an hasten da, Arte eta Lanbideen Eskolako eraikinean (gaur egun Bigarren Hezkuntzako Emilio Campuzano Institutua) ondoren, 1916an, Barroeta Aldamar kaleko alhondiga zaharrera aldatzeko. 1937ko abenduaren 9an sute handi bat jasan zuen eraiki honek. Altzariak eta irakaskuntzarako materiala guztiz hondatuta geratu ziren. Ez dago jakiterik non kokatu zen ikastetxea sute horren ostean, baina Bilboko Udalak, Bizkaiko beste herri batera aldatu zitekeela aurreikusiz (kokaleku onena bezala, Barakaldora eramateko aukera aztertzen hasita zeuden), 1939-1940 ikasturtea María Muñoz kaleko 1 eta 2 zenbakietan hasi ahal izateko erraztasunak eman zituen Lurralde Auzitegi Zaharraren eraikinaren zati bat egokituz.

Bitartean, suteak kaltetutako egoitza zegoen toki berean egoitza berri bat eraikitzea erabaki zen. Ibañez de Bilbao kaletik sarrera zuen eta Suhiltzaileen Parke Zentralarekin konpartitzen zen eraikin hau 1948an okupatu zuten. Hemendik aurrera etengabekoak izan ziren berrikuntzak eta handitze lanak, ikasketa orduen eta ikasle kopuruaren handitzearen eta ikasketa plan berrien eraginez. 1960-1961 ikasturtean, dagoeneko, 750 ikasle izan zituen ikastetxeak.

Gero eta toki gehiago behar zutenez, leku aldatze berri bat izan zuten 1969. urtean, honako honetan Barakaldoko Eskolara joan ziren eta bertan izan dira 2011-2012 ikasturtera arte.

2012/2013 ikasturteko irakaskuntza eskaintza:

Plan zaharra:

  • Meatzeen Ingeniaritza Teknikoa, Meatzeen Ustiapena espezialitatea
  • Meatzeen Ingeniaritza Teknikoa, Mineralurgia eta Metalurgia espezialitatea
  • Meatzeen Ingeniaritza Teknikoa, Baliabide Energetikoak, Erregaiak eta Lehergaiak espezialitatea
  • Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoa, Eraikuntza Zibilak espezialitatea

Plan berria:

  • Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua
  • Ingeniaritza Zibileko Gradua

2012/2013 ikasturtea:

  • Ikasleak guztira: 800
  • Lehen mailako ikasleak: 200
  • Irakasleak: 65
  • Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (AZL): 16

INDUSTRIA INGENIARITZA TEKNIKOKO UNIBERTSITATE ESKOLA (IITUE)

Industria Ingeniaritzaren arloko ikasketak Espainian 1850. urtean dute beraien jatorria Industria Eskolen sorrerarekin. Ikastetxe horietako ikasketak hiru prestakuntza mailatan eskaintzen ziren: Oinarrizkoa, Zabalkuntzakoa eta Gorena, baliokideak gaur egungo Lanbide Heziketarekin, Ingeniaritza Teknikoarekin eta Industria Ingeniaritzarekin. 1857an Instrukzio Publikoaren Legea onartu zen, eta lege horrek industria ikastetxeetako ikasketen lehen erreforma ezarri zuen, lehen aldiz Peritu titulua aipatuz.

Lehen Industri Perituen Eskolak, hertsian esanda, 1941an sortu ziren, Madrilgo eta Gijongo eskoletan ezarritako ikasketa plan berriarekin. Urte bat geroago, 1942an, orduko Hezkuntza Nazionalaren Ministerioak dekretu bat onartu zuen industri perituen eskolak berrantolatuz. Arau horrek agintzen zuenez, eskola hauen helburua Industri Perituen prestakuntza zen, Argiketari, Mekaniko, Kimikari eta Ehungintza espezialitateetan, eta baita ere etorkizunean ezarri zitezkeen beste batzuetan.

Euskal Herrian, Bilboko hainbat gizarte-taldek eskatuta eta industriarako teknikarien prestakuntza osatzeko helburuarekin, Hezkuntza Nazionalaren Ministerioari eskatu zitzaion Bizkaiko hiriburuan Industri Perituen Eskola Tekniko bat sortzea. Horren ondorioz, Bilboko Eskola 1942ko maiatzaren 8an sortu zen ministro-agindu baten ondorioz. Klaseak urte horretako abenduaren 7an hasi ziren, aurretik lorpen hori ospatzeko irakasle eta ikasleen arteko bilera bat egin ondoren. Irakaslegoaren beharrak zorroztasunez aukeratutako bitarteko irakasleekin bete ziren: erantzukizundun karguetan industrian lan egiten zuten izen handiko ingeniari eta perituekin.

1944. urtean lehenengo katedradun irakasleak izendatu zituzten, Marrazketarako, eta ondoren etorri ziren 1945. urtean Matematika, Fisika, Kimika, Kimika Analitikoa, Industri Kimika eta Elektroteknia Katedratako irakasleen izendapenak, ondorengo urteetarako taldea osatuz.

Sasoi horretan ez zuten eraikin propiorik eduki eta klaseak arratsaldez ematen ziren Industri Ingeniarien Eskolaren eraikinean. Industri Perituen Eskola Teknikoaren independentzia 1951. urtean hasi zen. Zazpi urte geroago, 1958an, antzinako Ingeniari Eskolaren eraikin guztia zuzendu zen Industri Perituen Eskola Teknikoarentzat. Ordura arte, eraikina Abandoko frontoi zaharraren moldaketa ez oso egoki bat zen. Beraz, eremuaren banaketa eta ustiapena oso eskasa zen. Horregatik, Hezkuntza Nazionalaren Ministerioari diru laguntza eskatu zitzaion beharrizanetara gehiago egokituko litzatekeen egoitza berri bat eraikitzeko. Ministerioak lan horiek burutzeko aurrekontua onartu zuen 1958ko azaroaren 10ean. Eraikin berria, Bilboko Etxetxua plazan kokatutakoa, 1963an inauguratu zen.

1964an ikastetxeak Industri Ingeniaritza Teknikoko Eskola izena hartu zuen. Eta denbora gutxi geroago, 1970ko Hezkuntza Lege Orokorra aplikatuz, ikastetxea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen baitan sartu zen Industri Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola bezala.

2012/2013 ikasturteko irakaskuntza eskaintza:

Plan zaharra:

  • Industria Ingeniari Teknikoa, Elektrizitatea espezialitatea
  • Industria Ingeniari Teknikoa, Industria Elektronika espezialitatea
  • Industria Ingeniari Teknikoa, Mekanika espezialitatea
  • Industria Ingeniari Teknikoa, Industria Kimika espezialitatea
  • Gestioaren Informatika Ingeniari Teknikoa

Plan berria:

  • Ingeniaritza Elektrikoko Gradua
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Industria Kimikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradua

2012/2013 ikasturtea:

  • Ikasleak guztira: 2.297
  • Lehen mailako ikasleak: 465
  • Unibertsitateen arteko egitasmoetako ikasleak: 14
  • Irakasleak: 150
  • Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (AZL): 30