Breadcrumb

Agenda

Adimen artifizialeko teknikak aeronautika-industriako prozesuak optimizatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/11

Irudia

UPV/EHU eta IK4-TEKNIKER zentroa lankidetzan aritu dira, doktore-tesi batean, sektorearekin loturiko arazoak optimizatzeko asmoz.

Susana Ferreiro informatika-ingeniariak doktore-tesi hau egin du: 'Aportaciones para el diagnóstico y pronóstico en problemas industriales mediante técnicas de Clasificación Supervisada' (Zenbait ekarpen, sailkapen gainbegiratuzko tekniken bitartez arazo industrialen diagnostikoa eta pronostikoa egiteko). Lana TEKNIKER-IK4 zentro teknologikoan egin du Ferreirok, UPV/EHUko irakasle Basilio Sierra Araujo zuela zuzendari (Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldeko zuzendaria). Ikerketaren helburua izan da aeronautika-industriarekin loturiko arazoei adimen artifizialeko bi teknika aplikatzea: datu-meatzaritza (data mining) eta ikaskuntza automatikoa (machina learning). "Sailkapen-algoritmoak eta -ereduak dira, datu-bolumen handietatik informazioa ateratzen eta datu horietatik ezagutza ondorioztatzen dutenak", azaldu du Ferreirok. Zehazki, hiru arazo aztertu dituzte aipatutako tekniken bidez: hegazkin-balazten higaduraren pronostikoa, aurretiazko mantentze-lanak egiteko; piezak zulatzean aterako diren bizarren aurreikuspena; eta olioaren basikotasun-zenbakia (BN) aurreikustea datu elektroskopikoetan oinarriturik.

Hegazkin-balaztaren higadura

Azken helburua hegazkinari linean egin beharreko mantentze-lanen kostua murriztea da -hau da, lur hartzen duenetik hurrengo hegaldira bitarteko mantentze-lanen kostua murriztea-, eta unerik eta lekurik egokienean egin ahal izatea lan horiek. Bestalde, azterketaren beste helburuetako bat da hegaldien arteko itxarote-denbora murriztea eta hartara puntualtasuna ziurtatzea, orain mantentze-lanek eragiten dituzten atzerapenak saihesturik. "Hegazkinaren osagai batzuk txekeatu egiten dira hegaldi baten eta hurrengoaren artean. Batzuetan, aurreikusi gabeko arazoak agertzen dira; horregatik, lortu nahi dena da osagai batzuen higaduraren kalkulu bat egina izatea aurretik, zer baliabide beharko den aurreikusteko", dio Ferreirok. "Hegazkinen ibilbidea hobetu ere egin nahi da; izan ere, zenbaitetan, mantentze-lanak herrialde jakin batean egitea komeni da, eta, horretarako, hegazkinaren egoeraren plangintza zehatza egin behar da". Ikerketa-lerro hau TATEM europar proiektutik sortu zen.

Zulaketan bizarrak agertzearen aurreikuspena

Arazo hau fabrikazio-prozesuarekin lotua dago. Piezak fabrikatzean, ziurtatu behar da zulatzean altxatzen den bizarra -koska- ez dadila 127 mikroi baino handiagoa izan, muga hori baitauka ezarrita aeronautika-industriak. "Makinaren barne-seinaleetatik abiatzen den prozesu bat garatu dugu; denbora errealean hautematen du noiz ari den muga hori gainditzen", dio Ferreirok. Normalean, zulaketaren ondoren, beti aplikatzen da soberako bizarrak kentzeko prozesu bat, baina, ikerketa honi esker, muga gainditzen denean bakarrik aplikatuko litzateke prozesu hori". Ikerketaren parte hau ARKUNE proiektuan hasi zen.

Oiloaren basikotasun-zenbakia (BN) aurresatea datu espektroskopikoetan oinarrituta

Arazo honek olioaren degradazio-maila neurtzearekin du zerikusia. "Basikotasun-indizea erabiltzen da zer egoeratan dagoen kalkulatzeko: ea ongi dagoen, ea monitorizatu behar den, degradatzen hasi delako, edo ea aldatu beharra dagoen" dio egileak. Ikerketaren helburua zera izan zen: basikotasun-indizea zer egoeratan dagoen jakiteko eredu bat izatea, olioaren degradazio-egoeraren berri jakiteko laborategiko analisi bat egin beharrik izan gabe. Laborategiko ekipoetan indize hori lortzeko, azido perklorikoaren bitartez egiten da analisia; lan zaila da, ekipamenduaren eta materialaren aldetik ez ezik, pertsonalaren eta denboraren aldetik ere. Tesi honetan garatu den ideia da prozesu horren ordez FTIR espektrometria-metodoa erabiltzea hurbileko infragorrian. Metodo horrekin, "sentsore bat gara daiteke eta makinan edo monitorizatzen ari garen gauza hartan integratu, analisia laborategi batean egin beharrik izan gabe", azaldu du Ferreirok.

Egileari buruz

Susana Ferreiro (Donostia, 1980). Informatika Ingeniaritzan lizentziaduna da. Doktore-tesiaren zuzendaria Basilio Sierra izan du, UPV/EHUko Konputazio Zientziaeta Adimen Artifizialaren Sailekoa (Donostiako Informatika Fakultatea), eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoan egin du tesiko lana. Ikerketarako, beka bat izan zuen, Iñaki Goenaga Fundazioak unibertsitate arteko doktoretza-programa baten bitartez eskainia. Programa hori Espainian eredu grafiko probabilistikoetan diharduten ikerketa-talde batzuen arteko elkarlanaren emaitza da; haien artean dago Euskal Herriko Unibertsitatea (Konputazio Zientziaren eta Adimen Artifizialaren Saila).