Breadcrumb

Agenda

Bilboko Irakasleen Eskolako ikaslea, Irati Bediaga, idazle berria eta sariduna

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/17

Irudia

Haur Hezkuntza Gradua ikasten duen gazteak Durangoko Azokan sinatu zuen "Beldarren hegaldia" liburua .

Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasle Irati Bediaga (Galdakoa, 1990) oso pozik dago Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi duen Beldarren hegaldia bere ipuinarekin. "Ilusio handiz hartu nuen berria, eta ez nuen espero", esan du idazle gazteak. Ikasturte hasieran jaso zuen saria, eta Durangoko Azokan liburuaren aleak sinatu zituen. "Esperientzia polita izan da", aitortzen du irribarre. Gaur egun, Irati Bediagak ez du burua prest ikusten idazten jarraitzeko, baina ez du aukera baztertzen.

Hamar urtetik aurrerako umeei bideratuta dago Beldarren hegaldia liburua. Nahia izeneko 10 urteko neskatxo bizipenak kontatzen ditu, lehen pertsonan. Gurasoek eta lagunek bultzatuta, ballet klasikoa egitera joaten da, hala ere, Nahia ez dago oso eroso sentitzen. Horrela, istorio horien bidez Irati Bediagak haurtzaroko beldur eta konplexuen gaia lantzen du, umorez eta sentiberatasunez.

"Betidanik gustukoa izan dut idaztea, eta urtebetetzean nire lagunei idazten diet. Horregatik, haiek sariketan izena ematera animatu ninduten. Eta, animatu, Irati, esan nion nire buruari; eta animatu nintzen", azaltzen du Irakasleen Eskolako ikasleak. Etorkizunean, ez daki zer egingo duen. "Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak esan zidan sariak ateak zabaltzen dituela, eta, ea zerbait bururatzen bazaidan, idazteko. Helduentzat ere idaztea gustatuko zait, baina pentsatzen dut: hainbeste kostatzen bazait liburu fin bat idaztea, zenbat kostatuko zait liburu lodia?."

Mikel Zarate haur literaturako sariaren deialdia egiten dute Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak. Laugarren ekitaldi honetan, aurkeztutako 16 lanen artean Irati Bediagarena hautatu zuen ho batez. Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.