Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUk laugarren Enplegu Gunea ireki du Leioan

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/06

Irudia

Lanbideren sarekoak dira, eta lan orientaziorako zerbitzu osoa eskaintzen dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan inauguratu du Enplegu Gune berria. Ekitaldian izan dira: Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Maite Zelaia, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea, eta Gotzone Sagardui, Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendaria. Hauxe da UPV/EHUk ireki duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laugarren zentro laguntzailea. Horrela unibertsitateak lan orientaziorako zerbitzuak zabaldu ditu Leioa-Erandio Eremura. Eremu horretan 12.000 ikaslek ikasten dute.

UPV/EHUko Enplegu Guneak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro laguntzaileak dira. Enplegurako leiho bakar modukoak dira: enplegu-gaiekin lotutako baliabideei buruzko informazioa ematen zaie unibertsitateko kideei. Guneotan UPV/EHUk ikasle eta titulatuek Lanbiden alta emateko aukera dute, bai eta Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko informazio guztia lortzeko ere; lana bilatzeko bideei, enpleguak lortzeko baliabideei (curriculum vitaea, aurkezpen-gutuna), hautapen-probei eta kontratuzko harremanari (ordainsariak, kontratuak, hitzarmenak…) buruzko orientazioa eta aholkatzea jaso ahal dute; enplegu-eskaintzei, praktika-programei eta diru-laguntzei buruzko informazioa lor dezakete, baita autoenpleguari buruzkoa, eta abar.

Lanbide-Enplegu Gunea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen behean kokatzen da, inguru horretan ikasleei zuzendutako beste zerbitzu batzuekin batera: Gazte Informaziorako Bulegoarekin, Ikasleentzako Argibide Zerbitzuarekin, Ezgaitasunen bat duten Pertsonentzako Arreta Zerbitzuarekin eta Ikasle Kontseiluaren egoitzarekin. Gainontzeko hiru Enplegu Guneak leku hauetan daude: Bilbon, Sarrikoko parkean (Basoko Etxea); Arabako Campusean, Elurreta eraikinean; eta Gipuzkoako Campusean, Ignacio Mª Barriola Ikasgelategian.

Enplegu Guneen historia 2004. urtean hasi zen, Bizkaiko Campuseko UNILAN, Lanbiderako orientazio zentroa, Sarrikoko parkeko txalet batean ireki zuenean. Zentro honen xedea unibertsitateko ikasleen lehen enplegurako orientazioa eta informazioa eskaintzea zen. 2007. urtean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte sailaren eta UPV/EHUren arteko akordioari esker, Bizkaiko enplegurako informazio guneari, Arabako eta Gipuzkoakoa batu zitzaizkion. Zentro horien 5 urteko ibilbidearen ondoren, 2012-2013 kurtso akademikoa funtsezkoa izango da etorkizunera begira: Lanbideko sarean sartzean orientaziorako zentro oso bilakatu baita eta Leioako ikasleentzako zerbitzu berria sortu baita.