Breadcrumb

Agenda

Mikrohariak, mugikorretarako sentsoreak

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/28

Irudia

Mikroharien egitura magnetikoa aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek, aplikazio berrien bila.

Mikrohariak Sobietar Batasun ohian sortu ziren, helburu militarrekin. Sobietar armadak erabilitako hegazkin espia modelo baten kamuflajearen oinarria ziren, baina aspalditik ari dira zientzialariak beste erabilera batzuen bila. UPV/EHUko Magnetismo Taldeak egindako ikerketa batean, beirazko estaldura duten mikroharien gainazalaren jokaera magnetikoa ulertzeko aurrerapausoak eman dituzte, eta ondorioztatu dute oso egokiak direla sentikortasun handiko sentsoreak egiteko, adibidez, telefono mugikorretarako. Ikerketa Physica B: Condensed Matteraldizkarian argitaratu dute.

Mikrohariek nukleo metalikoa eta beirazko estaldura izan ohi dituzte. Nukleoa aleazio ferromagnetiko batek osatzen du, eta desberdina izaten da, aleazioan erabilitako materialen eta hariaren azken geometriaren arabera. "Baina bada ezaugarri bat mikrohari guztiei dagokiena: propietate magnetikoak dituzte. Hain zuzen, propietate magnetiko horiei eta duten tamaina txikiari esker dira hain baliotsuak" azaldu du Alexander Chizhik-ek, Magnetismo Taldeko ikertzaileetako batek.

"Mikroharien aplikazio ezagunenetako bat da telefono mugikorren konpas elektronikoen sentsore gisa erabil daitezkeela" azaldu du Chizhik. "Sentsore horiei esker, telefonoaren jabea zehazki non dagoen jakin dezakegu, GPS bat balitz bezala". Telefonia mugikorreko sentsoreak bezala, Aichi japoniar enpresarekin elkarlanean egindako sentsore batzuk ere erabiltzen dira gaur egun automobilgintzaren industrian eta trafikoa zaintzeko autoetan.

Egitura magnetikoa

Gaur egun, sentsore horien masako produkzioa estuki lotua dago harien propietateen erreproduzigarritasunarekin eta propietateak mikrohariaren luzera osoan homogeneo izatearekin. Beraz, "gure lanaren helburu nagusia da mikrohari magnetikoen erreproduzigarritasun-mailarik handiena lortzeko parametro optimoak hautatzea" azaldu du Chizhik-ek.

Hori dela eta, ikerketa honen helburua bat dator Magnetismo Taldea azken 25 urte hauetan material berrien propietate magnetikoak ikertzeko egiten ari den lan handiarekin. Lan horri lotuta, "arreta berezia jarri dugu hari txiki horientzat aplikazio berriak bilatzen" azaldu du Alexander Chizhik-ek. "Beirazko estaldura duten mikroharien gainazalaren jokabide magnetikoa ulertzen lagunduko du gure ikerketak".

Zehazki, UPV/EHUko mikroharien egitura magnetikoa aztertzen jardun du Magnetismo Taldeak. Laser bat erabiltzen dute horretarako. Gailu horretatik emititzen den argia mikroharian islatzen da, eta mikrohariaren egitura magnetikoari, elektrikoari, atomikoari eta abarri buruzko informazio guztia jasotzen du. "Esan liteke mikrohariak ispilu moduan jokatzen duela" azaldu du Magnetismo Taldeko ikertzaileak. Modu horretan, "mikroharien egitura magnetikoa sakon aztertu ahal izan dugu, eta ikusi dugu domeinu magnetikoen egitura bakar bat erakusten dutela" azaldu du Alexander Chizhik-ek. "Domeinu magnetikoen egitura horrek sentikortasun handia ematen die mikrohariei. Oso faktore garrantzitsua da, eta kontuan hartu beharrekoa, sentsoreek gainerakoek baino sentikortasun handiagoa izan behar baitute, intentsitate txikiko seinaleak detektatu ahal izateko" azaldu du.

"Ikerketa honi esker frogatu dugu, gainera, mikrohariei korronte elektriko bat aplikatuz gero domeinu magnetikoen egitura aldatu egiten dela; beraz, faktore garrantzitsua da sentsoreek ongi funtziona dezaten".

Ikerketa-taldea

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Magnetismo Taldea (EHU-GM) Materialen Fisika Saileko (Kimikako Fakultatea) eta Fisika Aplikatua I Saileko (Unibertsitate Eskola Politeknikoa) irakasleek osatzen dute. Azken 25 urteetan, material magnetiko berriak eta haien aplikazioak ikertzen aritu dira. Talde horrek, Julián González irakasleak zuzenduta, aintzatespen berezia lortu du aleazio amorfo eta nanokristalinoen (zinta, hari eta mikrohari magnetikoak) ikerketan azken urteotan, eta, berriki, mikrouhin-mailako metamaterialen ikerketan.

EHU-GM taldeak 100 ikerketa baino gehiago argitaratu ditu azken bost urteetan (8 kapitulu liburu eta entziklopedia zientifiko-teknikoetarako, 2 ekarpen Physical Review Letters-erako, 10 ekarpen Applied Physics Letters-erako, beste 2 Advanced Functional Materials-erako, 10 artikulu erregular Journal of Applied Physics-erako, eta beste 4 Journal of Physics D:Applied Physics-erako, besteak beste). Gainera, 2 patente ditu nazioartean eta beste 3 Espainian.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: A. Chizhik, A. Stupakiewicz, A. Zhukov, A. Maziewski, J. Gonzalez

  • Artikulua: Experimental demonstration of basic mechanisms of magnetization reversal in magnetic microwires

  • Argitalpena: Physica B: Condensed Matter.

  • DOI: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0921452613005978