Breadcrumb

Agenda

'El oasis de la memoria', saharar herriaren egoera larria erakusteko orain arte inoiz egin ez den ibilbidea

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/17

Irudia

Carlos Martín Beristainek, hogei urte baino gehiagoko esperientzia du gatazka armatu eta indarkeriaren biktimekin lanean, aurkeztu du aipatutako txostena.

Guatemala. Nunca más txostenaren koordinatzailea eta biktimekin lan egiteari dagokionez Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aholkularia da Carlos Martín Beristain, baita Egiaren Batzordeetako aholkularia Perun, Paraguain eta Ekuadorren ere; berriz, 'El oasis de la memoria: Memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sáhara Occidental' txostena aurkeztu du, Nazioarteko Zuzenbidean doktore den Eloísa Gonzálezekin batera zuzendu duena. Hegoa Institutuaren bitartez UPV/EHUk editatutako ikerlan honek Mendebaldeko Saharan giza eskubideen egoera eta memoria historikoa berreskuratu ditu, eta 260 biktima baino gehiagoren testigantzak bildu ditu. Inoiz egin ez den ibilbide historiko honek Egiaren Batzordeen nazioarteko estandarrak betetzen ditu. Carlos Martín Beristain medikua eta Osasunaren Psikologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hogei urte baino gehiagoko esperientzia du gatazkak pairatzen dituzten herrialdeetako gerren eta indarkeriaren biktimekin lan egiten.

Euskal Fondoak finantzatu du txostena, eta, horrez gain, Garapen Lankidetzaren Euskal Agentziaren ekarpen ekonomikoak ere jaso ditu. Bi urte inguruko ikerketa lana mila orri baino gehiagotan jaso da, bi aletan; horretarako, 261 biktimen esperientziak eta zuzeneko informaziorako sarbidea baliatu dira. Bakearen Nobel sariaren irabazle Adolfo Pérez Esquivelen hitzetan, "txosten honi esker, indarkeriaren biktima den herri batek bizi duen egoera larria ikus daiteke, Marokoko gobernua dela tartean, gobernu horrek ez baititu Saharar herriaren eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbidea aintzat hartzen eta sistematikoki urratzen baititu. Txostenak dei egiten die nazioarteko komunitateari eta Nazio Batuak, Europako Parlamentua edota Europako Kontseilua bezalako erakundeei, gatazka larri hau konpontzen lagun dezaten, beste batzuek bezalaxe honek ere gizadiari egiten baitio kalte."

Metodologia: Egiaren Batzordeak

1975. urte amaierako exodoa eta 1976an Um Dreiga bonbardatu zutenetik 2010ean Gdem Izik kanpalekua desegin zuten arteko tartea hartzen du El oasis de la memoria lanak; horrenbestez, orain arte inoiz egin den ibilbide historiko osatuena da. Horrez gain, ikerketa lanetan ari zirela Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako eta Mendebaldeko Sahara okupatuko biktima sahararrak elkarrizketatu dituzte. Ikerlana landa lanaren metodologian eta munduko hainbat herrialdetako Egiaren Batzordeen esperientzia aztertzen oinarritu da. Egiaren Batzordeak ikerketa erakunde ofizialak dira, aldi baterako eratzen dira eta ez dira judizialak; giza eskubideen kontrako abusuak ikertzen dituzte, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrako krimenak barne, eta egia bilatzen dute.

Txostenaren lehen alean giza eskubideen urraketak aztertu dira, garai historiko desberdinetako kasu indibidual eta kolektiboen bitartez. Horrez gain, herritar saharar zibilei aplikatu zaien indarkeriaren modus operandi delakoa ere jaso da. Bigarren alean urraketek biktimengan izan duten eragina aztertu da, ikuspuntu indibidualetik eta familia ikuspuntutik. Bukatzeko, biktimek egindako eskariak landu dira egia, justizia eta konpontzea lortzeko, nazioarteko estandarrei, nazioarteko esperientzia konparatuari eta Maroko estatuak orain arte emandako erantzunei dagokienez.

Carlos Martín Beristain

Martín Beristain medikua eta Osasunaren Psikologian doktore da UPV/EHUn, eta hogeita lau urte daramatza indarkeriaren biktimekin eta giza eskubideen aldeko elkarteekin lanean Latinoamerikan eta Euskadin. Guatemala. Nunca más txostenaren koordinatzailea izan zen, eta Peru, Paraguai eta Ekuadorreko Egiaren Batzordeetan aholkulari gisa aritu da. Hainbat ikerketa proiektuetan parte hartu du. Txostenak prestatu ditu Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrerako, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aholkulari izan da biktimekin lan egiteari dagokionez; Afrika Erdiko Errepublikan, Kenyan eta Kongon aholkulari gisa ere aritu da.

Horrez gain, irakaslea ere bada Garapenerako Lankidetza masterrean, errefuxiatuen arretari buruzko moduluan (UPV/EHUko Hegoa Institutuan), eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakearen Kultura Diploman, Gatazka Egoeretan jarduera psikosozialen eta perspektiben moduluan. Giza eskubideei buruzko hogeita hamar argitalpenetik gora plazaratu ditu, bakarrik zein beste autore batzuekin batera; besteak beste, lan hauek aipa daitezke: Afirmación y resistencia (Virus), Reconstruir el tejido social (Icaria), Diálogos sobre reparación (IIDH), Manual sobre perspectiva psicosocial en la investigación de derechos humanos (Hegoa), Contribución de las políticas de verdad, justicia y reparación a las democracias en América Latina (IIDH) eta Acompañar los procesos con víctimas (PNUD).