Breadcrumb

Agenda

UPV/EHUk 65 doktorego programa eskainiko ditu hurrengo ikasturtean, jakintza-adar guztietakoak

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/26

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak arloari buruzko estatu araudira egokitutako doktorego programa berriak onetsi ditu. Horren ondorioz, gaur egun dagoen proposamena batera aztertu, eta eskaintza berri bat aurkeztu da, arrazoizkoa, kalitatekoa eta lehiakorra dena. Eskaintza berri horrek 65 programa barne hartzen ditu, jakintza-adar guztiak biltzen dituztenak: Zientzia Esperimentaletako 15, Osasun Zientzietako 10, Ingeniaritza eta Arkitekturako 15, Gizarte Zientzietako eta Zuzenbide Zientzietako 16, eta Arte eta Humanitateetako 9. Ikasturte berrirako doktorego programen artean, lau berri-berriak dira, eta Medikuntza eta Kirurgia, Ingeniaritza Fisikoa, Hezkuntza eta Antzinaroko Zientzia arloetan ezarri dira. Master eta Doktorego Eskolari atxikita dauden eta onetsi diren doktorego ikasketa berri horiek 2013-2014ko hurrengo ikasturtetik aurrera eskainiko dira.

Doktorego programak ikerketako prestakuntzarako ikasketak dira, UPV/EHUko irakasleak haien bikaintasunagatik eta nazioartekotze mailagatik nabarmenak direla. Horren adierazgarria programa horietako 32k Hezkuntza Ministerioak emandako "Bikaintasuneranzko Aipamena" eskuratu izana da. ANECAk aldeko txostena eman die beste sei programari, laster aipamen hori eskuratu dezaten. Euskal Herriko Unibertsitatea da estatu mailan aipamen gehien duen erakunde akademikoa.

Halaber, onetsi diren programetatik 19 unibertsitate arteko edo nazioarteko programak dira. Alde horretatik, nazioko eta atzerriko 26 unibertsitaterekin, guztira, batera antolatzen dira, UPV/EHU unibertsitate koordinatzaile nagusia dela 19 programa horietako 11tan.

Horrez gain, orain eskaintzen diren doktorego programetako 36 78 entitaterekin (enpresak, ikerketa zentroak eta abar, horietatik 31 atzerritarrak direla), nazioko 12 unibertsitaterekin eta atzerriko 43 unibertsitaterekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez antolatzen dira. Hitzarmen horien helburua ikerketa proiektuak edo lanak egitea da, irakasleek prestakuntza programetan, mugikortasunean eta doktorego tesien zuzendaritzan eta mintegiak, bisitak eta hitzaldiak ematen parte hartzen dutela. Era berean, 37 programak lankidetzak dituzte nazioko eta atzerriko 128 entitate publiko edo pribaturekin, estatuko 35 unibertsitaterekin eta atzerriko 206 unibertsitaterekin. Lankidetza horiek ikerketa jarduerak, doktorego tesien zuzendaritza, mugikortasuna, prestakuntza, praktikak, mintegiak eta lankidetza-sareak barne hartzen dituzte.

Doktorego programa berriak ezarriz, doktoregaiek prestakuntza eskuratu ahalko dute hainbat programak eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak berak eskainitako zeharkako gaitasunetan. Zeharkako prestakuntza horren helburua doktorego tesiaren ikerketa-gaiari berariaz lotuta ez dauden trebetasunak garatzea da. Horrela, doktoreak etorkizunean ikasketa arloan zein enpresetan eta I+G+Bko zentroetan laneratzea hobetzeko aukera ematen duen trebakuntza handituko da. Gainera, doktorego ikasketen nazioartekotze maila handiagoa eskuratzeko bidean, nazioarteko doktorego tesiak eta baterako tutoretzako tesiak sustatzeko politika egiten da, doktorego aurreko kontratuen berariazko deialdiak daudela horietarako.

Beraz, UPV/EHUn onetsi diren doktorego programa berriak aurrerapausoa dira ikertzaile bikainen prestakuntzan. Etorkizunean ikertzaile horiek ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu ahalko dituzte gure ehun sozioekonomikoko enpresetan eta entitateetan, jakintzaren gizarteak aurrera egiteko eragile jardungo dutela.