Breadcrumb

Agenda

Europako hegoaldean zergatik daukagu azal argia

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/04

Irudia
  • Hautespen naturalak bultzatu duen mutazio genetikoak D bitaminaren sintesi hobea errazten du, baina baita melanomarekiko suszeptibilitate handiagoa ere
  • UPV/EHUk egindako ikerketaren arabera, mutazio hori duela 30.000-50.000 urte agertu zen, Homo sapiensa Afrikatik atera eta gero

Azal ilunagoa edo argiagoa izatea eta ilearen kolore bat edo beste bat izatea, zati batean behintzat, MC1R geneak zehazten du. Melaninaren sintesia arautzen duen gene hori askotarikoagoa da eurasiar populazioengan afrikarretan baino. UPV/EHUko Santos Alonso ikertzaileak zuzendutako azterlan batek agerian jarri du MC1R geneak nolako bilakaera izan zuen Europako hegoaldean. Azterlana Molecular Biology and Evolution (MBE) aldizkari ospetsuan argitaratu da.

Espainiako alde ezberdinetako 1.000 gizabanako baino gehiagori egindako azterlanaren arabera, badirudi bi eboluzio-indarrek eragiten dutela MC1R genean hegoaldeko europarrengan. Alde batetik, hautespen-presio batek genearen forma zaharra mantentzeko joera dauka; forma hori ohikoena da Afrikan, hau da, mutazioak eliminatzeko joera dauka. Beste alde batetik, mutazio horietako bat, V60L mutazioa, espero zena baino maiztasun altuagoetan agertzen da. Mutazio hori azal argiarekin eta ile horail edo gorriarekin lotzen da.

Ikertzaileek zenbatetsi dute mutazio hori duela 30.000-50.000 urte agertu zela, hau da, Homo sapiensa Afrikatik atera eta gero. Eta aldaketa hori oso onuragarria izango zen ingurune berrira egokitzeko. Izan ere, azal argiak erraztu egiten du D bitaminaren sintesia, eta hori oso beharrezkoa da, erradiazio ultramorea baxuagoa baita Afrikarekin alderatuta. "Gure datuek indartu egiten dute ideia hori, baina beharrezkoa da ikertzen jarraitzea", azaldu du Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak.

Hala ere, aldi berean, mutazioa melanomarekiko suszeptibilitate handiagoarekin lotuta dago. Azaleko minbizi-motarik arriskutsuena da melanoma. "D bitamina beharrezkoa da hazkuntzarako, oso garrantzitsua da hezurrak behar bezala mineralizatzeko eta eskeletoa garatzeko. Bestalde, melanoma ugalketa osteko garaian agertzen den gaixotasuna da. Eboluzioari begira, badirudi despigmentazioa bultzatzen ari dela, ugalketa osteko garaian melanoma jasateko arrisku handiagoaren kostuz", azaldu du artikuluko ikertzaile nagusia den Saioa López doktoregaiak; "Gure espeziearen biziraupena bermatzeko ordaindu behar dugun prezioa da".

Erreferentzia bibliografikoa

  • Egileak: C Martínez-Cadenas, S López, G Ribas, C Flores, O García, A Sevilla, I Smith-Zubiaga, M Ibarrola-Villaba, M Pino-Yanes, J Gardeazabal, MD Boyano, A García de Galdeano, N Izagirre, C de la Rúa, and S Alonso

  • Artikulua: Simultaneous purifying selection on the ancestral MC1R allele and positive selection on the melanoma-risk allele V60L in South Europeans Mol Biol Evol

  • Argitalpena: first published online September 17, 2013

  • DOI: doi:10.1093/molbev/mst158