Breadcrumb

Agenda

Iciar Uriartek 2013ko ikertzaile kimiko gazteen Suschem saria irabazi du bere espediente akademiko bikainari esker

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/19

Irudia

9,58ko batez besteko nota eta 29 ohorezko matrikula lortu ditu.

Iciar Uriartek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko azken promozioko Kimikako lizentziadunak, Kimika Iraunkorraren Espainiako Plataforma Teknologikoak deitutako Ikertzaile kimiko gazteen Espainiako Suschem saria jaso du bere espediente bikainari esker: 9,58ko batez besteko nota eta 29 ohorezko matrikula lortu ditu. Espainiako Kimikarien Elkargoko ordezkari María Luisa Roja Cervantes buru izan duen V. edizioko epaimahaiak aho batez erabaki zuen sari hau ematea, Kimika lizentziaturako espediente akademiko hoberena saritzen duen Futura kategorian. Saria 1.000 eurokoa da, eskudirutan.

Ikertzaile kimiko gazteen Espainiako Suschem sarien helburua 40 urtetik beherako ikertzaileek kimika arloan eginiko lana publikoki aintzatestea da. Suschemek, Kimika Iraunkorraren Espainiako Plataforma Teknologikoak, egiten du sariketa deialdia. Parte-hartzaileen merezimenduak aintzatesteaz gain, jarduera zientifikoa eta dibulgatzailea laguntzen, sustatzen eta bultzatzen du ikertzaile kimiko gazteen artean.

Suschem Kimika Iraunkorraren Espainiako Plataforma Teknologikoa da, 2005ean Espainiako Industria Kimikoaren Enpresa Federazioak, Bioenpresen Espainiako Elkarteak (ASEBIO), Berrikuntza eta Teknologia Erakundeen Espainiako Federazioak (Fedit) eta Tecnalia korporazioak sustatua. Besteak beste, kimikaren eta industria bioteknologiaren esparruan ikerketaren eta berrikuntzaren garapena bultzatzea du helburu.

Iciar Uriarterekin batera, Plataformak Innova sariarekin (hau ere 1.000 eurokoa) nabarmendu zuen Jesús Miguel Fernández Hernándezen "New Iridium-based complexes for ECL" lana; Münster-eko Unibertsitateko (Alemania) CenTech-en garatutako ikerketa proiektua.