Breadcrumb

Agenda

Banatu dira Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/17

Irudia

Ekitaldian "Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan" liburua ere aurkeztu da.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte gaur Bizkaia Aretoan. Bestalde, ekitaldi berean Aiora Jakaren "Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan" liburua ere aurkeztu da. Liburuak Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia darama, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak.

Sari hauen bitartez, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute, batetik jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.

UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu dira. Ekitaldian sariok antolatzen dituzten bi erakudeen ordezkariak izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria; eta UPV/EHUrenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Xabier Etxaniz Euskara arloko errektoreordea.

Hauek dira sarituak:

  • Zientzia Esperimentalak: Hutsik geratu da.
  • Ikasketa Teknikoak: Arantxa Otegi Usandizaga. Tesia: "Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak".

Tesiaren zuzendariak: Eneko Agirre Bengoa eta Xabier Arregi Iparragirre.

Laburpena: Informazioaren berreskurapena (IB) erabiltzaile baten informazio-beharra aseko duten dokumentuak bilatzean datza. Honela bada, IB sistemak erabiltzaileari dokumentu adierazgarriak, alegia, erabiltzaileak behar duen informazioa eduki dezaketen dokumentuak, topatzen lagunduko dio, betiere erabiltzaileak egindako kontsultan oinarrituz.

IB sistema perfektu batek dokumentu adierazgarriak ez beste berreskuratu beharko lituzke, eta ez-adierazgarriak baztertu. Alabaina, sistema perfektuak ez dira existitzen. IB sistemek aurre egin behar dioten arazo nagusienetako bat kontsulta eta dokumentuen arteko parekatze-arazoa deiturikoa da: dokumentu bat kontsulta batentzako adierazgarria izan daiteke, nahiz eta bietan erabilitako hitzak guztiz berdinak ez izan, eta, alderantziz, dokumentu bat ez-adierazgarria izan daiteke kontsulta batentzat nahiz eta termino batzuk berdinak eduki.

Tesi-lan honetan hizkuntzaren prozesamenduaren (HP) bidez, parekatze-arazoa arintzerik ba ote den aztertu da.

  • Osasun Zientziak: Karlos Ibarguren Olalde. Tesia: "Helduen ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdien analisia Euskal Autonomia Erkidegoan".

Tesiaren zuzendariak: Ramón Querejeta Iraola eta Gabriel Txoperena Alzugaray.

Laburpena: EAEn, hilero, 60 bat geldialdi berpizten dira. Hauetatik % 18,7 itzultzen da bere onera, % 5,25ak lortzen du ospitaleko alta eta % 3 dago bizirik, geldialditik urtebetera.

Geldialdia izan duen gaixoaren biziraupenarekin gehien erlazionatu diren aldagaiak honakoak dira: lekukoa sanitarioa izatea; lekukoa sanitarioa ez izan arren, honek berpizten hastea; geldialdiaren etiologia kardiakoa izatea; hasierako erritmoa desfibrilagarria izatea.

EAEko biztanleek arazo honekiko heziketa behar dute. Geldialdia azkar antzemateko, deia azkar egiteko, eta kalitatezko masajea egiteko -anbulantzia iritsi artean- zailtasunak dituzte lekukoek. Prestakuntza hori ez dago EAEko hezkuntza arautuan txertatua. EAEn desfibriladore-sare bat, eta hau arautzen duen legea badago. Hortaz, adituen erakundeek emandako oharrak jarraituz, sarea hedatzeko aukera badago.

EAEn desfibriladore-sare bat, eta hau arautzen duen legea badago. Hortaz, adituen erakundeek emandako oharrei jarraituz, sarea hedatzeko aukera badago.

  • Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Iñaki Lazkano Arrillaga. Tesia: "Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman".

Zuzendaria: Iñigo Marzabal Albaina.

Laburpena: Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman aztertzen da tesi honetan, eta helburua honako hauxe izan da: Kieslowskiren azken filmak poloniar sasoiko zinemaren bilakaera luzearen ondorio direla frogatzea. La double vie de Véronique eta Trois Couleurs bilakaera horren gailurra dira.

Haren zinemaren gako nagusiak identifikatzeaz gain (bigarren aukera, etika, halabeharra, itxaropena), horiek guztiak lotzen dituen logika berezia deskodetzen saiatu da. Obra gehienetan halabeharraren garrantzia azpimarratu izan dute adituek, baina, Lazkanoren ustez, aspektu batek baino gehiagok osatzen du poloniarraren zinemaren funtsa. Alde horretatik, errepikapena eta bigarren aukera halabeharra bezain garrantzitsuak izan daitezke. Horiek guztiak nola lotzen dituen aztertu nahi izan da lan honen bitartez.

  • Giza Zientziak: Larraitz Zubeldia Arruabarrena. Tesia: "Omen" partikularen azterketa semantikoa eta pragmatikoa".

Zuzendariak: Kepa Korta Carrión eta Luis María Larringan Aranzabal.

Tesi honek "omen" partikula du aztergai. Semantika eta Pragmatika arloetako hainbat teoria kontuan hartu dira, eta "omen" partikularen esanahi eta erabilera aztertzen ditu. Hala, bada, "omen" partikularen inguruko teoria estandarretik abiatuz, "omen" duen esaldiaren esanahi eta erabilerari buruzko proposamen zehatza aurkeztu du Zubeldiak.

Metodologiari dagokionez, bi eratako adibideak uztartu dira: batetik, modu artifizialean sortutakoak, eta bestetik, corpora batzuetatik ateratako adibideak. Era berean, pragmatika esperimentalaren araberako hainbat galdeketa erabili dira, eta dozenaka pertsonek erantzun dituzte. Ondorioa hauxe da: "omen" partikulak hizlariaren informazio iturrira garamatza.

Hauek izan dira sarien aurtengo deialdiko epaimahaikideak:

  • Zientzia Esperimentalen jakintza-arloan: Txema Ezpeleta eta Jazinto Iturbe.
  • Osasun Zientzien jakintza-arloan: Alberto Loizate eta Inmaculada Gerrikagoitia.
  • Giza Zientzien jakintza-arloan: Julian Maia eta Miren Azkarate.
  • Gizarte Zientzien jakintza-arloan: Josi Basterretxea eta Patxi Juaristi.
  • Ikasketa Teknikoen jakintza-arloan: Lauren Etxepare eta Jose Ramon Etxebarria.

Bestalde, Maite Insaustik (epaimahaiburu), Xabier Kintanak (epaimahaiko buruorde) eta Jesus Mari Makazaga Euskara Zerbitzuaren zuzendariak ere osatu dute epaimahaia.

"Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan" (Aiora Jaka)

Bestalde, ekitaldi berean, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan, 2011n Jakak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesi honen helburua Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutaraztea da. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak, eta, itzulpengintzari buruzko lan monografikorik idatzi ez badu ere, maiz plazaratu izan ditu jarduera horri buruzko gogoeta nahiz teorizazioak.

Euskaratutako lan horiek eta itzulpengintzaren gainean diharduten gogoeta horiek aztertuz, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen da tesi honetan.

Liburua hiru kapitulu nagusitan banatu da: Sarrionandiaren itzulpenak aztertzeko teoria egoki baten bila; Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileak; eta Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan.

Lehen kapituluan itzulpenaren teoria modernoak eta postmodernoak eztabaidatzen dira, postmodernoek modernoen aurrean eskaintzen dituzten abantailak nabarmenduz. Ondoren, bigarren kapituluan, Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileek itzulpenaren inguruan egindako gogoetak aztertzen dira, eta erakusten da Euskal Herrian ez dela itzulpenaren inguruko diskurtso edo teorizazio egituraturik garatu, baina itzultzaileen hitzaurreetan behin eta berriz errepikatzen diren hainbat ideia (jatorrizkoarekiko fideltasuna, itzultzailearen otzantasun eta txikitasuna originalaren handitasunaren aurrean, jatorrizkoaren izaera sakratu eta aldaezina...) itzulpena ulertzeko modu moderno baten ondorio direla.

Jon Miranderen eta Gabriel Arestiren lanetan itzulpena lantzeko modu postmoderno baten lehen zantzuak agertzen diren arren, Sarrionandiarengan gauzatzen dira bete-betean itzulpenaren epistemologia postmodernoaren ezaugarriak. Ezaugarri horiek hirugarren kapituluan azaltzen dira. Lehenik eta behin, Sarrionandiak itzulpenaren inguruan egindako gogoetak arakatzen dira. Ondoren, gogoeta horiek praktikan nola gauzatzen diren aztertzen da: Sarrionandiak zer euskaratu duen ez ezik, nola itzultzen duen ere ikertzen da.