Breadcrumb

Agenda

Eskoletan bullying homofoboari aurre hartzeko giltzarriak

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/22

Irudia

Eskola-esparruan dibertsitate afektibo-sexuala aintzat hartzeko proposamenak aurkeztu ditu bere tesian Aitor Martxueta UPV/EHUko ikertzaileak.

Nola eragiten die heterosexual ez direnei beren joera afektibo-sexualagatik eskola-esparruan jasandako diskriminazioak? Galdera hori izan du abiapuntu Aitor Martxueta ikertzaileak bere doktore-tesian.

Tesiaren izenburua Claves para atender a la diversidad afectivo-sexual en el contexto educativo da (Hezkuntza-ingurunean dibertsitate afektibo-sexuala aintzat hartzeko giltzarriak). Martxuetak ikerketa enpiriko bat egin du aipaturiko galderari erantzuteko, eta, horretaz gain, analizatu du zer azterketa egin diren, bai Euskal Herrian, bai Espainian, Erresuma Batuan eta Europako beste herrialde batzuetan eta Estatu Batuetan, gazteek gai hauetan duten jarrerari buruz: dibertsitate afektibo-sexuala, homofobia eta LGTB ikasleek (lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) jasaten duten jazarpena eta diskriminazioa. Tesiaren ondorio gisa, neurri batzuk proposatzen dira bullying homofoboa saihesteko eta eskola-ikuspegi global batetik dibertsitate afektibo-sexuala aintzat hartzeko.

"Hasieran, nire helburua zen ikustea ea eskola-inguruan joera afektibo-sexualagatik jasandako jazarpenak ondorio txarrak dituen osasun mentalean, pertsona helduarora iritsita, haurtzaroan edo nerabezaroan halako diskriminazioa jasan dutenen kasuan", adierazi du tesigileak. Hori egiaztatzeko, ikerketa bat egin zuen joera afektibo-sexual ez-normatiboa duten 119 pertsonarekin, denak ere LGTB EHGAM, GEHITU eta Bost Axola elkarteetako kideak.

Martxuetak ohartarazten du lagina ez dela behar bezain handia emaitzak egiazki esanguratsuak izateko, baina ikerketak zera iradokitzen duela: "eskolan joera afektibo-sexualagatik diskriminazioa, jazarpena eta laidoak jasateak badu zerikusia gerora depresio- eta antsietate-maila handiagoa eta autoestimu eta afektu-balantza apalagoa izatearekin".

"Baina, bestalde, nahiz ezustekoa gerta litekeen hau —dio Martxuetak—, jazarriak izan direla adierazten duten pertsona horiek berek laguntza eta onarpen handiagoa sentitzen dute familiaren eta ingurune hurbilaren aldetik, eta hobeto eta goizago onartzen dute beren joera afektibo sexuala".

Prebentzio-neurriak

Azterketa enpirikoaren ondoren, analizatu du zer azterketa egin diren Euskal Herrian, Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan eta Estatu Batuetan, ikasleek beren kide ez-heterosexualekiko dituzten jarreren inguruan. "Alde handia dago egindako azterketa-kopuruan, hartu Euskal Herria eta Espainia edo hartu Erresuma Batua edo Europako beste herrialde batzuk eta, batez ere, Estatu Batuak". Oso nabarmena da Los Angeleseko kasua, LGTB komunitatea oso aktiboa baita eta hezkuntza-komunitateak eratzen baititu, non eragile guztiek parte hartzen duten.

Betiere, enpirikoki ikusten da homofobiaren eta bullying homofoboaren aurkako irizpideak ezartzen dituzten ikastetxeek eskola-giro egokiagoa lortzen dutela, joera afektibo-sexualarekin loturiko jazarpen-egoera gutxiago gertatzen dela haietan, ikasleak seguruago sentitzen direla diotela eta, ondorioz, ongizate handiagoa sentitzen dutela.

Hori dela eta, Martxuetak giltzarri batzuk proposatzen ditu ikasgeletan dibertsitate afektibo-sexualaren zaintza hobetzeko, hezkuntza-ikuspegi global batetik. Haien artean, azpimarratzen du kurrikulu inklusibo bat landu beharra, eskola-inguru seguru bat bermatuko duena, giza eskubideen errespetuan oinarritua. Eta, era berean proposatzen du formazioa ematea, irakasleei ez ezik, gurasoei ere; eta zenbait jarduera-ildo eta gomendio aurkezten ditu, hezkuntza-sistemako kide guztiek jokaera homofoboak saihesteko kontuan hartu beharrekoak. Horrez gain, sostengu-neurriak planteatzen ditu joera afektibo-sexualagatik diskriminazioa jasateko arriskua duten ikasleentzat.
Martxuetak adierazi du doktore-tesiarekin zerikusia duten ikerketa gehiago egiteko asmoa duela, ikasgeletan zer errealitate dagoen jakiteko eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako ingurune bat bermatzeko.

Egileari buruz

Aitor Martxueta (Iruñea, 1978) Irakasletzan eta Pedagogian lizentziaduna da, eta doktore-tesia UPV/EHUn egin du, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnostiko Metodoen Sailean. Zuzendaria Juan Etxeberria Murgiondo izan du, sail horretako irakasle titularra, eta parte hartu dute EHGAM eta GEHITU elkarteetako zenbait kidek. Tesiaren parte bat beste unibertsitate hauetan egin da: South Bank London University, California State University, Northridge eta Kaliforniako Unibertsitatea (Los Angeles).