Breadcrumb

Agenda

Ikertzaileak kezkaturik zortzi urtetik beherako umeen pribatutasun digitala dela eta

Lehenengo argitaratze data: 2013/08/29

Irudia

EU Kids Online proiektuak datu berriak bildu ditu eskolaurreko umeek ukitzeko pantailen eta smartphoneen bidez Internet nola erabiltzen duten ezagutzeko.

Ikerketak frogatzen du oso ume txikien artean (eskolaurrekoak, edo are gazteagoak ere) gero eta joera handiagoa dagoela Internetera konektatutako gailuak erabiltzeko, batez ere ukitzeko pantaila duten tabletak eta smartphoneak. Ohitura horren ondorioz, asko dira Interneten sartzen diren ume txiki-txikiak, eta, ziur aski, ugaldu egiten dira sarearen erabilerari lotutako arriskuen pean egoteko aukerak.

Txosten berri honetan azken ikerketak aztertu dira, zortzi urtetik beherako umeek Internet nola darabilten ulertzeko eta horren inguruan lehentasunezko neurriak zeintzuk izan behar diren zehazteko. Ikertzaileek antzeman dute ume txiki-txikien artean nabarmen handitu dela Interneten erabilera.

Maialen Garmendiak, ikerketaren arduraduna Espainian, honela azaldu du: "EU Kids Onlinek zazpi urte baino gehiago daramatza ikertzen nola erabiltzen duten Internet 9 eta 16 urte bitarteko gazteek, bereziki erreparatuz erabilera horren onurei eta arriskuei. Hala ere, orain zortzi urtetik beherako umeen portaerari buruzko datuak biltzea da funtsezkoa. EU Kids Online ikerketak agerian jarri du umeak gero eta lehenago hasten direla Internet erabiltzen, eta ume txikienak, behar diren trebetasun tekniko, kritiko eta sozialak ez dauzkatenez, are ahulagoak direla.

Gurasoak kontuz ibili behar dira zer argitaratzen duten Interneten

Kezka nagusietako batek zerikusia du umeen argazkiak Interneten argitaratzearekin eta gero argazkiok umeen aztarna digitalean izan dezaketen eraginarekin. Ikertzaileek ohartarazi dute oso garrantzitsua dela honetaz neurriak hartzea. "Zehazki, Interneteko zerbitzuen hornitzaileen konpromisoa behar da, erabiltzaileen baimen politikak berrazter ditzaten, eta erantzukizuna har dezaten egoera jakin batzuetan erregistratutako informazioari dagokionez. Informazio hori konfidentziala izan daiteke, nolabaiteko arriskua dakarrena, edo okerreko informazioa, umeek edo gurasoek nahi barik bidalitakoa", dio Maialen Garmendiak.

Datuek ez dute erakutsi bederatzi urtetik beherako umeak gai direnik Internet beti modu seguruan eta onuragarrian erabiltzeko, batez ere sareko sozializazioari dagokionez, dela beren adinerako egokiak diren unibertso birtualetan edo nerabe eta helduentzako inguruneetan (Facebook, Youtube eta abar).

Hona txosteneko gomendiorik garrantzitsuenak:

  1. Guraso eta zaintzaileentzat jarraibide errealistak eta datuetan oinarrituak egitea eta zabaltzea, ume txikienek teknologia digitalak eta Internet erabiltzearen inguruan. Gurasoen prestakuntza umeen adinaren araberako taldeetan antolatu beharko litzateke (0-2, 3-4, 5-8), umeek Interneten erabilerari ahalik eta onura handiena ateratzeko, ahalik eta arrisku gutxienekin.
  2. Segurtasunerako hezkuntza garatu eta sustatzea adin talde guztientzat, haurtxo txikiak edo haurtzaindegietako umeak barne.
  3. Gailuen diseinatzaileekin etengabe harremanetan egotea smartphone, tableta eta bestelako gailu mugikorren diseinuan pribatutasuna babesteko mekanismoak defektuz txerta ditzaten.
  4. Programen diseinatzaileekin etengabe harremanetan egotea, ahalik eta gardentasun handiena berma dezaten umeentzako aplikazioen bitartez biltzen eta partekatzen diren datuen inguruan eta aplikazio hauetan aukera zuzena egon dadin umeek nahiz gurasoek datuak emateari eta partekatzeari uko egiteko.
  5. Interneteko zerbitzuen hornitzaileekin harremanetan egotea erabiltzaileen baimenen politika berrazter dezaten, eta zenbait egoeratan erabiltzaileen informazioa ezabatzeko erantzukizuna har dezaten, adibidez informazio hori konfidentziala, arriskutsua edo okerrekoa denean, umeek emandakoa nahiz gurasoek eurek emandakoa izan.
  6. Gurasoak heztea beren umeen argazki eta bideoak zabaltzearen inguruan, eta bidalketa horiek seme-alaben aztarna digitalean izan dezakeen eraginaren inguruan.
  7. Ikerketa metodo egokiak garatzea ume oso txikien esperientziak eta iritziak ezagutu ahal izateko.

Informazio gehiagorako:

"Zero to Eight - Young Children and Their Internet Use" txostenak azken aldiko ikerketen azterketa kritikoa egin du, zortzi urtetik beherako umeek Internet nola erabiltzen duten jakiteko, eta horri buruzko lehentasunezko neurriak zeintzuk izan behar diren zehazteko. Gainera, datu enpirikoetan oinarritutako gomendioak ematen ditu ume txikiak Interneteko arriskuetatik babesteko.

Txosten osoa ikusteko sakatu hemen:

http://www.lse.ac.uk/media@lse/research/EUKidsOnline/EU%20Kids%20III/PDFs/Zero_to_eight_Report.pdf

Proiektuari eta inkestari buruzko informazioa

EU Kids Online proiektuaren helburua da hobeto ezagutzea zeintzuk arrisku dauzkan Europako umeentzat eta haien gurasoentzat Internet eta teknologia berriak erabiltzeak, eta zein izan daitekeen tresna horiek erabiltzeko modu segurua; era berean, xede du umeentzako ingurune seguruago bat sortzea Interneten eta teknologia berrietan. Proiektua Europako Elkarteko Safer Internet Programme delakoaren bidez (SI-2010-TN-4201001) finantzatzen da.

EU Kids Online programan aurrez aurreko inkesta egin zitzaien etxean 9 eta 16 urte bitarteko 25000 Internet erabiltzaileri baino gehiagori 25 herrialdetan, ausazko lagin estratifikatu bat hartuta eta galdera delikatuentzako autobetetze metodoak erabiliz.

Landa lanean aztertutako herrialdeak: Alemania, Austria, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Norvegia, Polonia, Portugal, Suedia, Turkia, Txekiar Errepublika, Zipre. Gainera, proiektuan parte hartzen dute Errusia, Eslovakia, Islandia, Kroazia, Letonia, Luxenburgo, Malta eta Suitzako ikertaldeek.

Ondorio gehiago jakiteko, ikus Livingstone, S., Haddon, L., Görzig, A., and Ólafsson, K. (2011). Risks and safety on the internet: The perspective of European children. Full findings. LSE, London: EU Kids Online.

Beste txosten batzuk eta inkestaren xehetasun teknikoak ikusteko:

ww.eukidsonline.net