Breadcrumb

Agenda

Supermerkatu bat irekiko da Bizkaiko Campusean

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/11

Irudia

Eroskiren Aliprox establezimendu bat izango da eta 8:00etatik 20:00etara egongo da irekita astelehenetik ostiralera bitartean .

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan EROSKIk Aliprox supermerkatu frankiziatu bat ireki da asteazkenean, hilak 12. Unibertsitate zerbitzu hau, aitzindaria Espainian, UPV/EHUren (erakunde lizitatzailea), EROSKIren (frankiziatzailea) eta Ikasi eta Erosiren (sozietate frankiziatua) apustu berritzaile bat da, unibertsitate-komunitate osoari campusean eskainitako zerbitzuak hobetzeko asmoa duena.

Supermerkatua Liburutegi Nagusiaren eraikineko beheko solairuan egongo da kokatua, Mikel Laboa plazan. Langileek zein ikasleek beren erosketak egin ahalko dituzte campusean, astelehenetik ostiralera bitartean 08:00etik 20:00etarako ordutegi etenik gabean. Uztailean, 8:00etatik 15:30etara arte egongo da irekita supermerkatua eta, abuztuan, berriz, itxita egongo da. Establezimendu berriak jakiak, edariak eta drogeriako produktuak eskainiko ditu eskola-egun guztietan. Salmentarako 166 metro koadro izango ditu establezimenduak eta zuzeneko hiru lanpostu sortzea ekarriko du.

Lokala egokitzeko eta zerbitzua kudeatzeko kontratua iragan urrian esleitu zuen UPV/EHUk, lehiaketa publiko bidez eta 12 urterako. Ikasi eta Erosi 2013, SLk jaso zuen esleipena. Maria Elena Pazos Castro eta Jose Ignacio Erdaide Basterretxea ekintzaileek, Ikasi eta Erosiko bazkideak, EROSKIren babesa eta frankizien ereduan hamarkadaz-hamarkada pilatutako esperientzia jasoko dituzte, bezeroei zerbitzurik onena emateko. "Apustu aitzindari honen bidez, unibertsitate-campusak inoiz eduki ez duen zerbitzu bat eskainiko da, langileek nahiz ikasleek eskola-orduez kanpo egin beharreko eguneroko zereginak erraztuko dituena. Hurbiltasuneko proposamena da, erosketa azkar eta erosoa egin ahal izatea eskaintzen duena, kontsumitzailea asebetetzeko lehentasunarekin", adierazi du Enrique Martinez EROSKIren Frankizien zuzendariak.

Eskainiko diren jakiak fruta, barazkiak, aurrez prestatutako entsaladak, zukuak, fruitu lehorrak eta jogurtak dira, guztiak ere funtsezkoak direnak dieta osasungarri bati heltzeko, horixe baita nortasun-adierazle nagusietako bat. Supermerkatuak elikagai-sorta handia eskainiko du, unibertsitarioen eta unibertsitateko langileen gustuetara eta beharretara egokituta. Aliprox berriak ogi-labea ere izango du, aukera emango duena egunean egindako okindegiko produktuak eskaintzeko. Gainera, urdaitegia eta drogeria ditu, salmenta libreko zerbitzuan.

Supermerkatuaren irekierarekin, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuak campus dinamiko, atsegin eta erakargarriago bat lortzeko asmoz, egunero bertaratzen diren 15.000 pertsonei eskainitako zerbitzu-zorroa handitu egingo da, orain dituen kafetegiei, liburu- eta paper-dendei, hizkuntza-akademiari eta kiroldegiari, eta laster izango duen autoeskolari, gehituz.